Mozio bat baztertu da, Nafarroako Gobernua premiatzen zuena adostasun-espazio bat sor zezan garapen sozial eta ekonomikorako proiektu estrategiko lehenetsien inguruan
EH Bilduk sektore publikoaren lehentasunezko esku-hartzea proposatzen zuen iraupen luzeko zainketen eta ospitale-asistentziaren alorrean, baita toki-entitateak indartzen ere
Parlamentuaren osoko bilkurak mozio bat baztertu du gaur Navarra Sumaren eta PSNren aurkako botoekin, EH Bildu eta Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin eta Geroa Bairen abstentzioekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baitzen “adostasunerako gune bat eraiki dezan Nafarroako garapen ekonomiko eta sozialerako lehentasunezkoak diren proiektu estrategikoen inguruan. Era berean, bere konpromisoa adierazten du elkarrekin xede argi bat zehazteko proiektuetako bakoitzerako eta interes komunaren zerbitzuko lankidetza publiko-pribatua taxutzeko”.
Baztertutako mozioak bigarren atalean Nafarroako Gobernuari eskatzen zion “Next Generation programaren funtsezko hiru oinarriei erantzuten dieten hiru proiektu estrategiko lehenets zitzan”.
Hiru horietako lehena zen “Iraupen luzeko zainketen berrikuntza, hiru esku-hartzetan zehaztua:
a) Inbertsioa egoitzetan, eguneko zentroetan eta etxebizitzetan, efizienteak energiaren ikuspuntutik, irisgarriak eta pertsonei beste pertsona kopuru txiki batekin batera bizitzea ahalbidetuko dien diseinu arkitektonikoarekin, beren nortasunari eutsiz eta beren bizi-proiektua eraikitzen jarraitzeko aukerarekin.
b) Inbertsioa profesional berrien prestakuntzan, profesionalen eskumenak zabaltzen eta zuzendaritza-taldeen prestakuntzan.
c) Inbertsioa iraupen luzeko zainketari aplikaturiko teknologia berrietan. Telelaguntza sistema aurreratu baten garapena. Egoitzak beharrezkoa duten konektibitateaz eta digitalizazioaz hornitzea”.
Bigarren proiektu estrategikoaren barne zegoen “Ospitaleko, Osasun Mentaleko, Osasun publikoko eta zerbitzu globaletako osasun-laguntzako zerbitzuak zabaltzea, zehaztu behar dena, Gobernuak berak eginiko proposamenean jasotzen den moduan, azpiegituren modernizazioa, ekipamenduen hobekuntza eta zerbitzuen modernizazioa helburu dituzten ekintzetan, zerbitzuen prestazioa eta Nafarroako Foru Komunitateko oinarrizko osasun eskualde guztien irisgarritasuna optimizatzeko, efizientzia irizpideak aintzat hartuta.
Sareko hiru ospitaleetan garatuko da (Nafarroako Ospitalegunea, García Orcoyen ospitalea eta Tuterako Reina Sofía ospitalea), bai eta Osasun Mentalerako sarean, Osasun Publikoan eta erreferentziazko beste zerbitzu batzuetan, hala nola Nafarroako Laborategi Bateratuan.
Azken proiektu estrategikoaren izena zen “Navanza, Herri eta hiri erresilienteak eta jasangarriak eraikitzeko suspertze-plana, zeinak, Gobernuaren proposamenak jasotzen duen moduan, “helburu baitu Foru Administrazioaren eta toki administrazioen arteko lankidetza inbertsioen eta toki entitateen eskumeneko arloetako erreformen ezarpena optimizatzeko.
Planak lau alorretako esku-hartzeak jasotzen ditu: trantsizio ekologikoa, eraldaketa digitala, genero berdintasuna eta gizarte- eta lurralde-kohesioa”.
Zioen azalpenean, EH Bildu talde parlamentarioak sustatutako mozioak Nadia Calviño ministroak autonomia erkidegoetako lehendakaritza guztiei bidalitako ustezko gutun baten barruan kokatzen zuen bere ekimena. Gutun horretan, dirudienez, 15 eguneko epea ezartzen da Europako Funtsen bidez finantzatu daitezkeen hiru proiektu aurkezteko. Hori egia balitz, Nafarroako Gobernuaren ekintza-ahalmen mugatua nabarmenduko litzateke, eta era berean sektore publikoak aurre egin beharreko erronkaren berri ematen du, eta sektore horrek ekonomian esku hartu beharko luke, gizarte-eraldaketa sakona ahalbidetzeko.
Horrela, produkzio-sarearen berehalako eraldaketaren azpian dagoen krisi ekologiko, demokratiko eta digitalaren berri eman ondoren, agertoki berriaren eskakizunei aurre egiteko deia egiten zen, “gure industriaren lehiakortasunaren galera saihesteko, baita belaunaldien arteko itun handi batetik abiatuta ere”.
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Mozioa (114. NPAO, 2021-10-08koa)