Mozio bat baztertu da, Nafarroako Gobernua premiatzen zuena berariazko plan bat abiaraz dezan, marokoar populazioa gure erkidegoan integratzeko
Legebiltzarraren gehiengoak ez du Navarra Sumaren eskaera onetsi, Errenta Bermatua jasotzeko baldintzatzat eskatzen baitzuen gizarteratzeko edo gizarteratu eta laneratzeko akordio bat sinatzea
Migrazio Politiketako eta Justiziako Batzordeak mozio bat baztertu du gaur PSNren, Geroa Bairen eta Podemos-Ahal Duguren aurkako botoekin eta Navarra Sumaren eta I-Eren aldekoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatu nahi zen “lehenbailehen berariazko plan bat abian jar dezan marokoar populazioa gure erkidegoan gizarteratzeko , arreta berezia eskainiz emakumeen egoerari”.
Baztertutako mozioak bigarren atalean Nafarroako Gobernuari eskatzen zion “Gizarteratzeko eta Errenta Bermaturako Eskubideak arautzen dituen azaroaren 11ko 15/2016 Foru Legea alda dezan, hasieratik bertatik lotzeko hura jasotzeko eskubidea Gizarteratzeko edo gizarteratu eta laneratzeko akordio bat sinatzearekin, non sartuko baitira, pertsona bakoitzaren inguruabarren arabera, gizarteratzeko eta laneratzeko baliabideak, esate baterako adingabeen eskolatzea, espainiera ikastea, laneratzeko programetan parte hartzea eta enplegagarritasuna hobetzeko eta lanbide heziketako ibilbideak egitea. Helburu hori lortzeko Nafarroako Gobernuak indartu beharko ditu lan orientabideko akonpainamendu sozialeko edo/eta laneko akonpainamenduko zerbitzuak, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek eta hirugarren sektoreko entitateek ematen dituztenak”. Atal honek PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta Izquierda-Ezkerraren aurkako botoak izan ditu, eta Navarra Sumaren aldekoa.
PSN talde parlamentarioak ordezteko in voce zuzenketa bat aurkeztu du, Navarra Suma, ekimenaren titularrak onartu ez duena, eta Nafarroako Gobernua premiatu nahi zuen “Gizarteratzerako eta Errenta Bermaturako Eskubideak arautzen dituen azaroaren 11ko 15/2016 Foru Legearen balizko aldaketa bat baloratu eta azter dezan, egungo legeari buruz egiten ari den ebaluazioaren emaitzen arabera”.
Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako mozioak Gizarte Errealitatearen Behatokiak, Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuak eta Nafarroako Unibertsitateko Kultura eta Gizartea Institutuak egindako “Identidad y expectativas en la comunidad marroquí de Navarra: la perspectiva de las mujeres” izeneko txostenera jotzen du, zeinaren xedea baita diagnostikatzea Erriberako emakume marokoarren funtsezko arazoak, haien beharrizanak detektatzea eta detektatutako arazoetarako balizko konponbideak iradokitzea.
Txosten honek 4 arazo nagusi nabarmentzen ditu: “alfabetatze maila guztiz baxua edo hutsa, arabieraz eta espainieraz ere bai; lanbide heziketaren eza, emakume horietako gehienek lan-aurrekaririk ez edukitzea eta seme-alabak dituzten emakume dibortziatuen kopuru handia”. Txostenak jasotzen duenaren arabera, faktore horien konbinaketak “aukera gutxi eskaintzen dio populazio talde horri gizartean erabat integratutako gizabanakoen multzo bihur dadin”, eta hori dela eta, sustatzaileak proposatzen du “lanbide ikastaro edo klaseetara joatea ezinbesteko baldintza bihurtzea laguntza ekonomikoak eskuratu ahal izateko”.
Arbuiatzen da Nafarroako Gobernuak aurreko legegintzaldian ezabatu egin zuela lehenagotik eskubidearekin lotuta zegoen betebeharra, “gizarteratzeko edo gizarteratu eta laneratzeko akordioa ezabatzen du errenta bermatua jasotzeko baldintza gisa eta, horren ondorioz, gizarteratze-errenta bermatua jasotzen dutenek gizarte eta/edo lan arloan aktibatzeko behar izatea, haien inguruabarren arabera, derrigorrez lehen egunetik”. Horregatik, berariazko plan bat taxutzea eskatzen da, helburu izanik “integrazio mailak handitzea, espainieraren ezagutza hobetzea eta pertsona horiek gure erkidegoko gizarte- eta lan-arloetan sartzea”.
Nuria Medina (PSN) buru izan duen saioan egon diren Parlamentariak izan dira Jorge Esparza, Iñaki Iriarte, Raquel Garbayo, Alberto Bonilla, Cristina Ibarrola, Maribel García Malo (Navarra Suma), Virginia Magdaleno, Patricia Fanlo (PSN), Blanca Regúlez, Isabel Aramburu (Geroa Bai), Arantxa Izurdiaga, Patricia Perales (EH Bildu), Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra).
• Mozioa (117. NPAO, 2020-10-30ekoa)