Noiz argitaratua Osteguna, 2021.eko Maiatzak 27

Mozio bat baztertu da, Nafarroako Gobernua premiatzen zuena bere egin zezan hizkuntza berekien ofizialtasunari buruz Diputatuen Kongresuak onetsitako erabakia

Ganberak ez du Hizkuntz aniztasunaren aldeko Europako Sareak babestutako “gutxieneko akordioa” babestu, Espainiak arlo honetan sinatutako nazioarteko hitzarmenekiko errespetua izan dezan eskatzen duena

Parlamentuaren Osoko bilkurak mozio bat baztertu du Navarra Sumaren eta PSNren aurkako botoekin eta Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin, zeinaren bidez Ganberak “bere egiten” baitzuen Diputatuen Kongresuak hizkuntza berekiei buruz onetsitako erabakia eta gutxieneko akordioa.

 

Nafarroako Parlamentuak bere gain hartuko lituzkeen "konpromisoen" artean zegoen “estatutuen erreformak bultzatu eta babestea, hitz egiten diren lurraldearen zati batean edo lurralde osoan ofizialak ez diren hizkuntza berekiak ofizialak izan daitezen”.

 

Bestalde, erabakitzen ze “hizkuntza eremu bereko lurraldeen artean hizkuntza ezberdinak erabili ahal izatea administrazioan, administrazio-mugen barruan nahiz kanpoan, trabarik gabe eta hizkuntza eremu horien barruan batak bestearen komunikabideak jasotzeko akordioak sinatuta”.

 

Era berean, Legebiltzarrak “egiazko errespetua” erakutsiko luke, “eskubideetan nahiz betebeharretan eta Estatuaren botere guztien jarduketa konprometituan oinarrituta”.

 

Baztertutako mozioaren bigarren atalean adierazten zenez, Nafarroako Parlamentuak “hartu beharreko neurriak hartuko ditu konpromiso horiek bete daitezen, eta Nafarroako Gobernua premiatzen du beste horrenbeste egin dezan”.

 

Zioen azalpenean, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek sustatutako mozioak Diputatuen Kongresuak pasa den martxoaren 9an Hizkuntza aniztasuna: askatasuna, berdintasuna eta demokrazia manifestuan oinarrituta onetsitako legez besteko proposamenean jasotako “gutxieneko adostasuna” azaleratzen zuen, eta azpimarratzen du beharrezkoa dela “Espainiako estatuak berretsi dituen nazioarteko akordioak eta tratatuak bete ditzala”.

 

Ildo horretan, Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna, eta gizarte zibilak, nazioartearen onespena duten entitateek eta adituek adostutako Hizkuntza Eskubideen Adierazpen Unibertsala edo Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa aipatzen zituen, nabarmentzeko “giza eskubideen, aniztasunaren eta pluralismoaren balioetan oinarritutako estatu demokratiko batean herritar guztientzako justizia, askatasuna eta berdintasuna bermatu” behar direla.

 

Legez besteko proposamenaren oinarri izan zen manifestua ELEN-Hizkuntz aniztasunaren aldeko Europako Sareak taxutu eta hizkuntza gutxituen defentsan lan egiten duten Espainiako estatuko zenbait elkartek sinatu zuten 2019an. Aragoieraren, euskararen, asturieraren, galegoaren eta katalanaren alde lan egiten duten hamar elkarte dira: Nogará, Kontseilua, Iniciativa Po Asturianu, A Mesa Pola Normalización Lingüística, Acció Cultural del País Valencià, Ciemen, Escola Valenciana, Ómnium eta Plataforma per la Llengua.