Mozio bat baztertu da, Nafarroako Gobernua premiatzen zuena Bizikidetzaren Nafarroako II. Plan Estrategikoaren zirriborroari egindako ekarpenei buruzko eztabaida egiteko deialdia egin dezan
UPNk parlamentuan azken eztabaida bat burutzeko eskaera egiten zuen, demokraziaren, giza eskubideen, bakearen eta bizikidetzaren ibilbide-orria adostasunez eguneratzeko
Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Batzordeak mozio bat baztertu du gaur PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeen aurkako botoekin, PPNren abstentzioarekin eta UPNren aldeko botoarekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baitzen “Bizikidetzaren Nafarroako II. Plan Estrategikoaren zirriborroari egindako ekarpenak eztabaidatzeko bilkura baterako deia egin dezan, bai jendaurrean jartzeko fasean egindako ekarpenak, bai talde politikoek Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zerbitzuaren bidez egindakoak eztabaidatzeko”.
Ezetsitako mozioak bigarren atalean Foru Exekutiboari eskatzen zion “saio hori Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara Batzordean egin dadin, plan hori onartzeko ezarritako kronograma errespetatuz”.
Zioen azalpenean, UPN talde parlamentariak sustatu duen mozioak Nafarroako Bizikidetzaren II. Plan Estrategikoaren parte-hartze faseari dagokionez Departamentuak adierazitako helburuak aipatzen zituen, Ollo kontseilariak esan baitzuen xedea zela “prozesu transbertsal eta parte-hartzaile bat aktibatzea, bizikidetzaren ibilbide-orria eguneratzera eramango gaituena, errespetutik demokraziaren, giza eskubideen, bakearen eta aniztasuneko bizikidetzaren arloan testuinguru propio, nazioarteko eta aldakor eta zorrotz batean, indarkeria ororen deslegitimaziotik abiatuta”.
Ildo horretan, ohartarazten zen urria baino lehen Parlamentuko alderdi politikoek egin zituzten ekarpenetako “bakar baten berri ere ez dela eman”.
Horregatik, eta “ahalik eta adostasun handiena bilatzeko helburuarekin”, azken eztabaida bat ahalbidetzeko beharra azpimarratzen zen, departamentuen eta erakundeen arteko parte-hartzearen emaitza bateratzen laguntzeko. Helburua, zehazten denez, “eremu eta maila desberdinetako aniztasuneko bizikidetzari modu zabal eta irekian heltzea” da, Nafarroaren ibilbidea eta errealitatea kontuan hartuta, “baina baita egungo Europako eta munduko testuingurua ere, inboluzio-mehatxuez beteta”.
Itxaso Soto (Geroa Bai TP) buru izan duen saioan parte hartu duten parlamentariak honakoak izan dira: Isabel Olave, Ana Elizalde, Juan Luis Sánchez de Muniáin, Marta Álvarez (UPN TP), Kevin Lucero, Ibai Crespo, Maite Esporrín (PSN TP), Eneka Maiz, Oihana Gallo (EH Bildu TP), Mikel Asiain (Geroa Bai TP), Irene Royo (PPN TP) eta Carlos Guzmán (Contigo-Zurekin TP).
- www.parlamentodenavarra.es/eu
- Mozioa (136. NPAO, 2025-11-14koa)