Mozio bat baztertu da, Nafarroako Gobernua premiatzen zuena DBHko amaierako euskararen eta gaztelaniaren gaitasun-mailari buruzko diagnostiko-ebaluazio bat inplementa dezan
Ikaskuntza-sistemaren gabeziak eta indarguneak detektatu nahi zituen Navarra Sumak hobekuntza estrategiak planteatzeko, egungo eleaniztasun-agertoki zabalarekin bat eginez
Hezkuntza batzordeak mozio bat baztertu du gaur PSNren, Geroa Bairen eta EH Bilduren aurkako botoekin eta Navarra Sumaren aldekoarekin (Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak ez dute bilkuran parte hartu), zeinaren bidez Nafarroako Gobernuko Hekzuntza departamentua premiatzen baitzen “euskararen eta gaztelaniaren ahozko eta idatzizko gaitasun-mailari buruzko diagnostiko-ebaluazio bat diseinatu eta inplementa dezan D, B eta A ereduetako ikasleen artean (azken eredu horretan, euskararena bakarrik)”.
Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak ordezteko in voce zuzenketa bat aurkeztu dute, Navarra Suma ekimenaren titularrak onartu ez duena, eta Foru Gobernua premiatu nahi zuen “euskararen (D, B eta A ereduetan), gaztelaniaren eta ingelesaren ahozko eta idatzizko gaitasun-mailari buruzko diagnostiko-ebaluazio bat diseinatu eta inplementa dezan, ingelesaren kasuan Ingelesez Ikasteko Programaren datuak bereiziz, berariazko programa bat baita”.
Ebaluazio horren emaitzetan oinarrituta, eskatzen zen “ikasleen hizkuntza-gaitasunak hobetzeko plan bat egin dezan eta hizkuntzen eredu integratu bat susta dezan, non ikasleei bermatuko baitzaie Nafarroako berezko bi hizkuntzetan eta, gutxienez, ingelesean –atzerriko hizkuntza gisa– gaitasunak ahalik eta hobekien eskuratzen dituztela”.
Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako mozioak zioen “erreferentzia gutxi daudela ikasleek DBH amaitzean lortzen duten gaztelaniazko eta euskarazko hizkuntza-gaitasunaren mailari buruz eta diagnostiko-ebaluazioetan lortutako emaitzek ez dutela informazio banandurik eskaintzen”, eta horregatik, ebaluazio tresna espezifiko baten ezarpena eskatzen da, bereziki D eta A ereduetarako.
Sustatzaileak dioenez, 30 urte baino gehiago igaro dira maiatzaren 19ko 159/1988 Foru Dekretuak Nafarroako irakaskuntza ez-unibertsitarioan euskara sartzea eta erabiltzea arautu zuenetik, eta hezkuntza-sistema eleanitza bilakatuz doanez gero eta hizkuntza berekiak eta atzerrikoak –ingelesa, bereziki- menderatzeko beharra derrigorrezkoa bihurtu denez gero, ikasleek prestakuntza jasotzen ari diren hizkuntzen eskuratze-maila baloratzea “ezinbestekoa da”.
Zehazten denez, “gabeziak eta indarguneak” detektatzea da helburua, “jardunbide egokiak partekatzeko eta hobetzeko estrategiak planteatzeko”.
Isabel Olave (Navarra Suma) izan da bilkurako burua, eta honako parlamentari hauek parte hartu dute: Iñaki Iriarte, Alberto Bonilla, José Suárez, Carlos Pérez-Nievas, Ángel Ansa (Navarra Suma), Jorge Aguirre, Carlos Mena, Javier Lecumberri (PSN), María Solana, Jabi Arakama (Geroa Bai), Bakartxo Ruiz eta Maiorga Ramírez (EH Bildu).
• www.nafarroakoparlamentua.eus
• Mozioa (5. NPAO, 2021-1-19koa)