Mozio bat baztertu da, Nafarroako Gobernua premiatzen zuena Espainiako Gobernuari eska diezaion NutriScore nutrizio-etiketatu frontalaren ezarpena geldiaraz dezan
Europako Batzordea lantzen ari den prozedura erkide eta harmonizatuari itxoitea planteatzen zuen Navarra Sumak, Kontsumo Ministerioaren formula errefusatuz, “nahasia, desegokia eta osasunaren aurkakoa dela” iritzita
Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Batzordeak mozio bat baztertu du gaur PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren eta Podemos-Ahal Duguren aurkako botoekin eta Navarra Sumaren aldekoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baitzen “Espainiako Gobernuari eska diezaion NutriScore nutrizio-etiketatu frontalaren ezarpena geldiaraz dezan, harik eta Europar Batasunak herrialde guztietarako etiketatu harmonizatu eta erkide bat onetsi arte, ukitutako sektore guztien adostasunaren fruitu. Kontsumitzaileei nahasmendua eta elikagaien sektoreko Nafarroako enpresei ziurgabetasuna ekidin behar zaie”.
Baztertutako mozioak bigarren atalean Foru Exekutiboari eskatzen zion “Espainiako Gobernua premiatzeko Europako foro eta organo eskudunetan defenda dezan nutrizio-etiketatu frontaleko Europako sistema harmonizatu bat onestea, balioan jarriko duena Nafarroako elikagaien nutrizio-kalitate handia eta osasungarria”.
Azkenik, Nafarroako Gobernua premiatzen zen “ekoizle, industria eta artisau guztiak babestu ditzan; bereziki, kalitate berezituko elikagai nafar tradizionalak egiten dituztenak”.
PSNk ordezteko zuzenketa bat aurkeztu du, Navarra Suma ekimenaren titularrak onartu ez duena, zeinaren bidez Gobernua premiatzen zen “erraztasunak eman ditzan lurzorua azalera-eskubideko araubidean lagatzeko, betiere indarreko araudia betez eta horren ondorioz aurrekontu-izaerako eragozpenak eta zorpetzearen arloko etorkizuneko kargak sortzea saihestuz, enpresa sustatzaileek lagun dezaten alokairuko etxebizitza babestuak sustatzen eta, bide horretatik, Nafarroako Gobernuaren etxebizitza-parke publikoa handitzen”.
Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako mozioak onartzen zuen nutrizio-etiketatu frontaleko sistema bat ezarri behar dela, baina, "nahasia eta desegokia" dela iritzita, Kontsumo Ministerioak "inposatu" nahi duena baztertzen du. Kalitate ukaezineko elikagaien ekoizleek "protestak" egin dituztela adierazten du, bereziki jatorri-deitura edo adierazpen geografiko babestua dutenek, izan ere, eta aditu, akademiko eta ikertzaile askok ere kezka hori bera adierazi dute, berehala onetsiko delako “mehatxuaren eta ekonomiari nahiz osasunari begira dakartzan arriskuen aitzinean, berekin dakarren desinformazioaren aitzinean”.
Adibide gisa, argudiatzen da “paradoxikoa” dela nazioarteko zientzialarien erkidego osoaren ustez bihotzerako osasungarria den produktu batek –oliba-olio birjina estra– kalifikazio txarra izatea nutrizio-etiketatu horrekin eta, ondorioz, bere ontasunengatiko ospe-balioaren galera berreskuraezina izatea, gaztekin edo fruta naturalen zuku ekologikoekin gertatzen den bezala.
Bestalde, sustatzailearen ustez, “harrigarria” da osasungarriak ez diren kontsumo-ohiturak aldatzeko estrategia gisa BEZa igo berri zaien produktuak orain ongi baloratuak izatea prozedura horrekin.
“Nafarroan ekoitzitako elikagaien aurkako erasoa” dela azpimarratu ondoren, adierazten da “ez dela ez eredu ez eta momento egokia ere, Europako Batzordea Europar Batasuneko herrialde guztientzako prozedura erkide eta harmonizatu bat lantzen ari denean”.
Beste arrazoi batzuen artean, “Europako herri askok errefusatu baitute jada NutriScore etiketatua dieta mediterraneo aintzatetsian oinarritutako elikaduraren patroietarako sistema egoki gisa”.
María Solana (Geroa Bai) buru izan duen saioan egon diren parlamentariak izan dira Miguel Bujanda, Elena Llorente, Patxi Pérez, Carlos Pérez-Nievas, José Suárez, Javier García (Navarra Suma), Ainhoa Unzu, Javier Lecumberri, Virginia Magdaleno (PSN), Mikel Asiain (Geroa Bai), Laura Aznal, Maiorga Ramírez (EH Bildu) eta Mikel Buil (Podemos-Ahal Dugu).
• www.nafarroakoparlamentua.eus
• Mozioa (82. NPAO, 2021-06-18koa)