Mozio bat baztertu da, Nafarroako Gobernua premiatzen zuena Ezkabako gotorlekua memoria historikoaren toki izendatzeko jarduketak egin zitzan
Memoria Demokratikoari buruzko Legeak ez du Ganberaren babesa lortu, ezta bide publikoan dauden kolpe militarraren eta diktaduraren gorespen-zantzuak kendu edo berrinterpretatzeko eskaerak ere ez
Parlamentuaren osoko bilkurak mozio bat baztertu du gaur Navarra Sumaren aurkako botoarekin, Geroa Bairen abstentzioarekin eta PSNren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin (I-Ek ez du parte hartu), zeinaren bidez Ganberak “babesa ematen baitzion Memoria Demokratikoari buruzko Legeari, eta Espainiako Gobernua premiatzen du abian jar ditzan onetsitako legean diren neurri guztiak”. Hirugarren bozketan baztertu da ekimena, aldeko eta aurkako 20 botoko berdinketa mantendu baita.
Baztertutako mozioak bigarren atalean Nafarroako Gobernua premiatzen zuen “legearen hamazazpigarren xedapen gehigarrian ezarritakoa gauzatzeko egin beharreko jarduketak has zitzan lehenbailehen, Ezkabako gotorlekua memoria historikoaren toki izendatzeko bide emanen baitu, eta horretarako behar diren lankidetza-hitzarmenak sustatu zitzan”.
Era berean, hirugarren atalean, ukitutako administrazioak premiatzen zituen “Gorte Nagusiek onetsitako legean xedatutakoaren arabera memoria demokratikoaren aurkakoak diren eta bide publikoan dauden elementu guztiak kendu ditzaten edo interpretazio edo esanahi berri bat eman diezaieten, beren eskumenen esparruan eta ahalik eta adostasun handiena lortzeko ahaleginak eginez”.
Geroa Baik gehitzeko bi zuzenketa aurkeztu ditu, baina PSNk, ekimenaren titularrak, ez ditu onartu.
Lehenak beste atal bat gehitzea proposatzen zuen, Espainiako Gobernua premiatzeko “Memoria Demokratikoari buruzko Legeak hartzen duen denborazko aldia luza zezan, halako moduan non bilduko dituen gure herrian 1936tik aurrera motibazio politikoengatik izandako giza eskubideen urraketa guztiak”.
Besteak bigarren atala ordeztu nahi zuen Nafarroako eta Espainiako Gobernuak premiatzeko “dagozkien lankidetza-hitzarmenak sina ditzaten lehenbailehen, Ezkabako Gotorlekua Nafarroako Memoria Historikoaren Toki gisa izendatua izan dadin, Espainiako Gobernuak osoki birgaitu ostean”.
Zioen azalpenean, PSN talde parlamentarioak sustatutako mozioak 2007ko Memoria Historikoaren Legea aipatzen zuen, “gerra eta diktadura frankistaren biktimei aitorpena eta erreparazioa eskaintzeko bideari ekin” baitzion. Adierazten denez, “PPk bere agintaldian guztia geldi eduki ostean, doikuntza esanguratsuak behar zituen Espainiako demokraziak bere iraganarekin zuen zorra ixteko, eta, gainera, bakean, aniztasunean eta giza duintasunari datxezkion eskubide eta askatasunen defentsan oinarritutako diskurtso komuna sustatuz”.
Testuinguru horretan, arauak beste foru-lege batzuk osatzen dituela nabarmentzen zen, hala nola 1936ko errepresioaren biktimei errekonozimendua emateko Foru Legea, Terrorismoaren Biktimak Aintzatetsi eta haiei Osoko Babesa emateko Legea, Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Foru Legea eta Eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimen errekonozimenduari eta erreparazioari buruzko Foru Legea.
Bestalde, Ezkabako gotorlekua memoria historikoaren toki izendatzen du legeak, eta hori dela eta, instalazio horri lotutako “memoria berreskuratu, zaindu eta hedatzeko” beharrezko neurriak hartzeko deia egiten da, Nafarroako Gobernuaren eta tartean diren toki entitateen artean beharrezkoak diren jarduera eta lankidetza-hitzarmenen bidez.
• www.nafarroakoparlamentua.eus
• Mozioa (116. NPAO, 2022-10-18koa)