Noiz argitaratua Osteguna, 2022.eko Apirilak 28

Mozio bat baztertu da, Nafarroako Gobernua premiatzen zuena gazteen emantzipaziorako zeharkako estrategia bat abian jar dezan

Nafarroako gazteen emantzipazioa erraztu nahi zuen Navarra Sumak, lan-ezegonkortasunarekin lotutako ahalmen ekonomikorik ezak baldintzatuta baitaude

Parlamentuaren osoko bilkurak mozio bat baztertu du gaur, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baitzen “gehienez ere hiru hilabeteko epean gazteen emantzipaziorako zeharkako estrategia bat abian jar dezan, helburuak, neurriak, kronograma eta aurrekontu-zuzkidura jasoko dituena”. PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Duguk aurkako botoa eman dute, EH Bildu eta I-E abstenitu egin dira eta Navarra Sumak aldeko botoa eman du.

 

EH Bilduk gehitzeko zuzenketa bat aurkeztu du, Navarra Sumak, ekimenaren titularrak, onartu ez duena, estrategia hori “gazteen etxebizitza parke bat sortzearekin konprometitzeko, erosteko aukera ematen duen alokairua sustatzeko, alokairu eta salmenta sozialerako babes ofizialeko etxebizitzen parkea handitzeko eta etxebizitzen eredu komunitarioak bultzatzeko. Gainera, Nasuvinsaren eta toki-erakundeen arteko harremanak estutzea proposatzen zuen, eraikin publikoen birgaitzea errazteko eta hutsik dauden etxebizitzak zergapetzeko aukera aztertzeko”.

 

Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako mozioak Nafarroako gazteen emantzipazioa errazteko abian jarritako neurriak zalantzan jarri zituen, “nahikoak ez direlako”, lan-ezegonkortasunarekin lotutako ahalmen ekonomikorik ezak baldintzatuta baitaude, “eta hori erabakigarria da gazteen % 83,8rentzat; izan ere, ikasketetan zentratzen baitira lanbide-itxaropen hobeen zain, edo alokairuaren aldeko hautua egiten dute, behin-behineko neurri gisa”.

 

Testuinguru horretan, ikusten da 2019tik 2021era behera egin duela ekonomikoki independenteak diren gazteen proportzioak (%39,2 2019an, eta %35,5, berriz, 2021ean), eta handitu egin dela beste pertsona batzuen laguntza behar duten gazteen kopurua. Soilik % 35,5 bizi da bere diru-sarreretatik ( % 39,2 2019an).

 

Nafarroako Gazteriaren Institutuak Nafarroako gazteen emantzipazioari buruz egindako 2021eko Inkestaren arabera, 30 urte arteko gazte nafarren % 29,8 bakarrik dago emantzipatuta, eta datu horren azalpena urteko soldata garbia da, batez beste 18.820,88 eurokoa.

 

Horregatik guztiagatik, gazteen emantzipazioaren arazoari aurre egitearen alde egiten da, “alokairurako zeharkako laguntza zorrotzetan zentratuta”.