Noiz argitaratua Osteguna, 2024.eko Otsailak 15

Mozio bat baztertu da, Nafarroako Gobernua premiatzen zuena hezkuntzako sare itunduko negoziaketarako mahaian sindikatuen parte-hartzea bermatu dezan

EH Bilduk eta Geroa Baik defendatu dute beharrezkoa dela funts publikoen erabileran gardentasun eta argitasun berme guztiak ezartzea, baina ez dute babesik lortu

Parlamentuaren osoko bilkurak mozio bat baztertu du gaur PSNren, Contigo-Zurekinen eta Voxen aurkako botoekin, UPNren eta PPNren abstentzioekin eta EH Bildu eta Geroa Bairen aldekoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baitzen “hiruko mahai bat eratu dezan sare itunduko negoziaketarako, patronalen eta sare horretako langileak ordezkatzen dituzten sindikatuen parte-hartzearekin”.

 

Zioen azalpenean, EH Bildu eta Geroa Bai talde parlamentarioek sustatutako mozioak hezkuntzako itunpeko sarera bideratzen diren "funts publikoen erabileran gardentasun eta argitasun berme guztiak" ezartzeko beharra aipatzen zuen, irakasleen eta irakasle ez diren langileen ordezkaritza sindikalaren presentzia eskatzeko, baita "lan-baldintzei" dagokienez hartutako edo har daitezkeen "akordioen betetze-maila" aztertzeko ere.

 

Horri dagokionez, hiruko mahai bat osatzea (departamentua, patronalak eta sindikatuak) "itunak eta hitzarmenak eguneratzeko modurik eraginkorrena, zuzenena eta demokratikoena" dela azpimarratzen zuten, baina gai hori PSNk, Geroa Baik eta Contigo-Zurekinek sinatutako legegintzaldiko akordioan zehaztutako desadostasunetako bat dela onartzen zuten.