Mozio bat baztertu da, Nafarroako Gobernua premiatzen zuena Hiri erabilerako uraren ziklo integralaren 2019tik 2030era bitarteko plan zuzendariaren ezarpena azkartu zezan
Aurrekontuz hornitzea eta Nafarroako Ubidearen Egako adarra zabaltzearekin batera exekuta zedin eskatzen zen
Lurralde Kohesiorako Batzordeak mozio bat baztertu du gaur PSNren, Geroa Bairen eta Podemos-Ahal Duguren aurkako botoekin, EH Bilduren abstentzioarekin eta Navarra Sumaren aldekoarekin (Izquierda-Ezkerra ez da bertan izan), zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baitzen “ahal den guztia aitzineratu dezan Hiri erabilerako uraren ziklo integralaren plan zuzendariaren ezarpena adierazitako eremuan, aurrekontua ezarriz eta exekuzioarekin batera Nafarroako Ubidearen Ega ibaiko adarra handituz, Jurramendiko Mankomunitatearen balizko obretan administrazioen ahaleginak bikoiztu gabe; Nafarroako Gobernua orobat premiatzen du Mendazako putzutik ubidea jada iristen den herrietan azpiegiturarik egin ez dezan; halatan, ahaleginak ez bikoiztean kostuak aurreztuko dira eta Ega ibaiaren jasangarritasun ekologikoari mesede eginen zaio, eta konponbide bat emanen zaie udalek, elkarteek, enpresek eta abarrek ildo horretan egindako erreibindikazioei, non eta biztanleak galtzeko arrisku handia dagoen eremu batean: Ega ibaiaren goi-ibarra eta bide erdia, zeinek eremuaren biziraupenerako ezinbestekotzat jotzen baitute ibaiak bizirik irautea”.
Bigarren bozketa bat beharrezkoa izan da berdinketa hausteko, eta boto haztatuaren bidez ebatzi da bozketa.
Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako mozioak Ega ibaiak bizi duen arrisku ekologiko egoera azaltzen zuen, “akuiferoaren gehiegizko erabilera eta klima-aldaketa” dela eta, eta hori dela eta adierazten du urgentea dela neurriak hartzea Ega ibaiaren erregulazioari eta ingurumen-jasangarritasunari begira.
Sustatzaileak estrategia aldaketa eskatzen zuen, “ekonomiaren eta ekologiaren ikuspuntutik beste alternatiba jasangarriagoak bila daitezen eta, aldi berean, kontsumo jasangarriagoak lortzeko ahalegina egin dadin”.
Virginia Magdaleno (PSN) buru izan duen saioan egon diren parlamentariak izan dira , Miguel Bujanda, Javier García, Yolanda Ibáñez, Elena Llorente, Isabel Olave, Marta Álvarez (Navarra Suma), Jorge Aguirre, Javier Lecumberri (PSN), Pablo Azcona, Mikel Asiáin (Geroa Bai), Adolfo Araiz, Arantxa Izurdiaga (EH Bildu) eta Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu).
• Mozioa (101. NPAO, 2020-09-25ekoa)