Noiz argitaratua Asteartea, 2024.eko Apirilak 30

Mozio bat baztertu da, Nafarroako Gobernua premiatzen zuena industria eolikoaren sektorean isuri garbiak zero izanen dituen industria baterako europar akademia bat ezar zezan

Langileen trebakuntza eta lanbide-birziklatzea hobetzeko Europako Batzordeak onetsitako neurriaren ezarpena proposatzen zuen UPNk

Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Batzordeak mozio bat baztertu du gaur PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeen aurkako botoekin eta UPN, PPN eta Voxen aldekoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baitzen “proiektu bat taxutu dezan, industria eolikoaren sektorean isuri garbiak zero izanen dituen industria baterako europar akademia bat ezartzekoa Nafarroan”.

 

Baztertutako mozioak bigarren atalean proposatzen zuen “proiektu hori Europako erakundeetan aurkeztea”. Atal honetan Voz abstenitu egin da.

 

Zioen azalpenean, UPN talde parlamentarioak sustatutako mozioak Europako Batzordeak industria eolikoaren sektoreari laguntzeko onartutako neurri-sortara jotzen zuen,  gaineratuz hauek ezartzeko "Europako administrazioen lankidetza" behar dela.

 

Zehazki, isuri garbiak zero izanen dituen industria baterako Europako akademiak abian jartzea proposatzen zen, sektore eolikorako bat barne, Europar Batasuneko estatuek “langileen trebakuntza eta lanbide-birziklatzea hobetu dezaten”.

 

Ildo horretan, proposamena egin duenak gogorarazten zuen industria eolikoak 6.000 lanpostu zuzen baino gehiago sortzen dituela Nafarroan, eta Foru Komunitateak urte asko daramatzala energia berriztagarrien industria bultzatzen, "ezarpena ahalbidetzen, bai eta entseguen zentro espezializatuak edo lanbide heziketako zentroak ere, sortu berri den katedra barne”, eta, horregatik, uste du egoera “paregabea” dela isuri garbiak zero izanen dituen industria baterako Europako akademia horietako bat hartzeko.

 

María Solana (Geroa Bai) buru izan duen saioan parte hartu duten parlamentariak izan dira Ana Elizalde, Miguel Bujanda, Ángel Ansa, Alicia San Martín (UPN), Javier Lecumberri, Ainhoa Unzu, Carlos Mena (PSN), Laura Aznal, Eneka Maiz (EH Bildu), Mikel Asiáin (Geroa Bai), Maribel García Malo (PPN), Carlos Guzmán (Contigo-Zurekin) eta Emilio Jiménez (Vox).

 

www.nafarroakoparlamentua.eus

• Mozioa (52. NPAO, 2024-04-12koa)