Noiz argitaratua Asteazkena, 2021.eko Martxoak 31

Mozio bat baztertu da, Nafarroako Gobernua premiatzen zuena jabetza pribatua defenda zezan, herritarren bizikidetza eta segurtasuna bermatzeko eta etxebizitzak legez kanpo okupatzearen aurka borrokatzeko

Legez kanpoko okupazioari aurre egiteko polizia-indarren eta administrazioaren arteko jarduteko protokolo komun bat eskatzen zuen Navarra Sumak

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Batzordeak mozio bat baztertu du gaur, PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta Izquierda-Ezkerraren aurkako botoekin Navarra Sumaren aldekoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baitzen “beharrezkoak diren neurriak bultza ditzan jabetza pribatua defendatzeko, herritarren bizikidetza eta segurtasuna bermatzeko eta etxebizitzak legez kanpo okupatzearen aurka borrokatzeko”.

 

Neurrien artean, proposatzen zen “etxebizitzen eta eraikin publikoen legez kanpoko okupazioaren aurkako foru plan bat egitea, legez kanpo okupatutako higiezinak legezko jabeei itzuliko zaizkiela ziurtatzeko. Plan horrek barnean hartuko ditu bai legez kanpo okupa daitezkeen abandonatutako higiezinen segurtasuna eta zaintza indartzeko neurriak, bai aholkularitza eta orientazio juridikoko zerbitzuak ukitutako jabeen eskura jartzea”.

 

Bestetik, “tarifikazio bereziko telefono-zenbaki bat gaitzea, 900 izenekoetakoa, doakoa izanen dena eta okupatutako etxebizitzei buruzko erreklamazioak zentralizatuko dituena eta jabeei aholku eman ahal izanen diena”.

 

Era berean, proposatzen zen “tarifikazio bereziko telefono-zenbaki horretara egiten diren deietan harremanetan jar daitezela deitzen duena eta langile espezializatua (Barne Zuzendaritza Nagusikoak, etxebizitza Zuzendaritza Nagusikoak edo Nafarroako Gobernuaren mendeko enpresa espezializaturen batekoak), okupatutako etxebizitza utzarazteko beharrezko kudeaketak bideratzeko eta egiteko”.

 

Baztertutako mozioak bigarren atalean Gobernuari eskatzen zion “erakundeen arteko koordinazioa eta lankidetza susta dezan, bai eta jarduteko protokolo komun bat egitea ere, higiezinen legez kanpoko okupazioaren aurkako borrokan eraginkortasuna indartzeko, bereziki, Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoen, Nafarroako Foru Poliziaren eta Udaltzaingoen artean, bai eta Justizia Administrazioarekin ere, herritarren segurtasunaren eta bizikidetzaren aurkakoak diren okupazioetan azkar jardutea bermatzeko”.

 

Azkenik, Foru Exekutiboari eskatzen zitzaion “Espainiako Gobernua eta Gorte Nagusiak premia ditzan beharrezkoak diren lege-erreforma guztia susta ditzaten jabetza pribatua defendatzeko, herritarren bizikidetza eta segurtasuna bermatzeko eta etxebizitzak legez kanpo okupatzearen aurka borrokatzeko”.

 

Erreforma gisa, proposatzen zen “legez kanpo okupatutako higiezinak utzaraztearekin zerikusia duten epaiketak ahal den neurrian arintzea, eta etxebizitza legezko jabeei berehala itzultzea aurreikustea, salatutako maizterrak ezin duenean egiaztatu higiezina legez okupatu dela zuzenbidean baliozkoa den edozein bitartekoren bidez”. Baita ere “jabeen batzarrak gaitzea, auzotarren erkidegoaren elkarbizitzari eragiten dioten eta legez kanpo okupatuta dauden higiezinak utzaraz daitezen eskatzeko”.

 

Horrez gain, planteatzen zen “udalek etxebizitzak legez kanpo okupatzen diren kasuetan herritarren segurtasuna eta bizikidetza zaintzeko dituzten eskumenak indartzea, eta horiek baliatzen ez dituzten jabeei subrogatzeko ahalmena ematea, herritarren segurtasunari eta bizikidetzari eragiten dioten legez kanpoko okupazioetan”.

 

Azken erreforma proposamena zen “indarkeriaz edo gauzetan indarrak erabiliz egiten diren higiezinen legez kanpoko okupazioei buruzko delituen zehapen penalak gogortzea, baldin eta mafiek babesten badituzte, irabazi asmoarekin egiten badira edo beste delitu batzuk egiteko erabiltzen badira, hala nola sexu-esplotaziorako salerosketa edo droga-trafikoa”.

 

Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako mozioak azaltzen du legez kanpoko okupazioek "hazkunde izugarria" izan dutela "konponbide justu eta eraginkorrik ez duen fenomeno oso kaltegarria" dela honakoa , izan ere, ordenamendu juridikoa ez da gai "herritarren jabetza modu baketsuan babestu eta bermatzeko".

 

Proposamena egin duenak legez kanpoko bi okupazio mota bereizten ditu: alde batetik, antolatutako delinkuentzia taldeek egindakoak, "okupazioak irabazi-asmoz egiten dituztenak, egoera zaurgarrian dauden pertsonen egoeraz aprobetxatuz"; eta bestetik, "sistemaren aurkako taldeek" egindako okupazioak.

 

Ebazpenak jabetza pribaturako eskubidearen babesa aldarrikatzen du, Espainiako Konstituzioan eta Kode Zibilean aitortua, eta Herbehereek, Frantziak, Ingalaterrak, Alemaniak, Italiak eta Danimarkak "etxebizitzen jabetza legezko jabeari itzultzeko" dituzten "prozedura azkar eta eraginkorrak" nabarmentzen ditu, Espainian "herritarrei eskubide hori bermatzearen kontrako bidean doazen lege-aldaketak" egin direla ohartarazten duen bitartean.

 

Carlos Pérez-Nievas (Navarra Suma) buru izan duen saioan parte hartu duten parlamentariak izan dira Alberto Bonilla, Ángel Ansa, Isabel Olave, José González, Elena Llorente, (Navarra Suma), Virginia Magdaleno, Arantza Biurrun, Inma Jurío (PSN), Blanca Regúlez, Jabi Arakama (Geroa Bai), Maiorga Ramírez, Laura Aznal (EH Bildu), Mikel Buil (Podemos-Ahal Dugu) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra).

 

www.nafarroakoparlamentua.eus

• Mozioa (27. NPAO, 2021-02-26koa)