Mozio bat baztertu da, Nafarroako Gobernua premiatzen zuena Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroko (KAIMZ) zuzendaritzak hiru hamarkada baino gehiagoz egin duen lana aitor zezan
Ganberak ez ditu aintzat hartu Navarra Sumaren arrazoiak, zeinak zalantzan jarri duen KAIMZen espezializazioarekin bat ez datozen baldintzak dituen lan-postu deialdia
Parlamentuaren osoko bilkurak mozio bat baztertu du gaur, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baitzen “publikoki aitor zezan hiru hamarkada baino gehiagoz Nafarroako Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroko zuzendaritzak egindako lana, lan bikaina egin baitu bai kirolariei, bai Nafarroako herritar guztiei laguntza, babesa, prestakuntza eta zerbitzua ematen, eta behar duen garrantzia eman diezaion, hainbeste urtez lan prestigiotsua egin ondoren”.
Baztertutako mozioak bigarren atalean Foru Exekutiboari eskatzen zion “dimisioa emandako zuzendaritzari, Nafarroako kirolariei eta kirolaren arloko komunitateari entzun ziezaien, sinaduren bidez beren jarrera erakutsi baitute kiroleko goi-mailako teknikariaren lanpostuarekin sortutako arazoari buruz, eta konponbide bat bila zezan gisa honetako zentro baterako profesionalek behar duten gaitasun profesionala eta berariazko kualifikazioa bermatzeko, lortutako bikaintasun-mailari eutsi ahal diezaion”.
Era berean, hirugarren atalean, Nafarroako Gobernua premiatzen zen “KAIMZeko arrakasta-eredua bermatu eta zain zezan, nazioko eta nazioarteko erreferentziako zentroa baita laguntzaren, ikerketaren eta prestakuntzaren esparruetan, eta exiji zezan bertako profesional guztiek eduki dezaten zentroak behar dituen lanak betetzeko espezializazioa”.
Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako mozioak apirilean egindako lan-bilkurara jotzen zuen, bertan KAIMZeko zuzendaritza-taldeak zentrorako kirol-arloko goi-mailako teknikariaren lanpostu baten deialdi publikoa dela-eta Nafarroako Gobernuarekin izandako desadostasunak azaldu baitzituzten. Izan ere, haien ustez, deialdiko baldintzek ez zituzten betetzen bikaintasun-zentro horretako goi-mailako kualifikazioko lanpostu bati eskatu beharreko baldintza espezifikoak, eta “kirol-federazioek eta Nafarroako kirolaren ordezkari nagusiek babesa eman zieten”.
Gauzak horrela, eta hogeita hamar urtetan KAIMZ nazioarteko erreferentzia-zentro bihurtu duen arrakasta-eredua aipatu ondoren, kudeaketa-eredu berria zalantzen jartzen zen, izan ere, “hilabete hauetan zentroko langileak noraezean sentitu dira, zuzendaritza dimisioa emanda egoteagatik eta zentroaren etorkizunari buruzko irizpide argirik ez egoteagatik”.
Ildo horretan, gogorarazten zen KAIMZek ez dituela soilik kirolariak artatzen (asistentzia, ikerketa, prestakuntza), errehabilitazio arloan, geriatrian, kardiopatietan, haurren obesitate-arazoetan edo minbizi arloan ere babesa eskaintzen duena adieraziz. Horregatik, “gutxienez”, Kirol Zientzietako, Biomekanikako edo jarduera fisikoarekin lotutako beste edozein espezialitatetako doktoretza eskatu beharko litzateke.
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Mozioa (120. NPAO, 2021-10-26koa)