Mozio bat baztertu da, Nafarroako Gobernua premiatzen zuena lanbide-karrera gara zezan Osasunbideako nahiz Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko langile guztientzat
Argudiatzen zen bi kolektibok jada aitortua edukitzeak konparaziozko bidegabekeria suposatzen duela, eta zerbitzuaren kalitatea hobetuko lukeela
Osasun Batzordeak mozio bat baztertu du gaur, Geroa Bairen eta EH Bilduren aurkako botoekin, UPN, PSN eta PPNren abstezioarekin eta Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-Eren aldeko botoekin, zeinaren bidez “heldu den maiatzeko hauteskundeen ondoren eratuko den Nafarroako Gobernua premiatzen zen urtebeteko epean legez gara zezan lanbide-karrera Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko langile guztientzat, edozein dela ere daukaten kontratu mota. Ezarpen hori 3 urteko epean eginen zen; 2020an osasuneko C eta D taldea, 2021ean maila guztietako gainerako langileak eta 2022an aldi baterako langileak”.
Zioen azalpenean, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioak sustatutako mozioak “konparaziozko bidegabekeri” gisa jotzen zuen egoera, Nafarroan “lege sakabanaketa handia baitago eta horrek osasungintzako langileen aurrerabidea galarazten du, autonomia erkidegoen artean, Nafarroa Osasun Departamentuko organismo autonomoei lotutako langileentzat lanbide-karrera globalik ez duen bakarra baita”.
Horregatik, defendatzen zen “prestakuntza eta ikasketa sustatzea eta saritzea, eta horrekin batera metatutako merituak baloratzea arretaren kalitatearen onerako” izanen zela, “profesional bakoitzaren ekarpen berezia aitortuko baita hainbat arlotan”.
Ildo horretan, argudiatzen zen osasun arloan badirela bi kolektibo lanbide-karrera aitortua dutenak, eta ekimena, beraz, “osatu gabea dagoenez”, proposamen honek “plantilla osoa parekatu nahi zuen, osasunekoak eta osasunekoak ez direnak, finkoak, aldi baterakoak eta lan-kontratudunak, baldintzak betetzen badituzte”.
Consuelo Satrustegi (Geroa Bai) batzordeburu izan duen saioan izan dira Begoña Ganuza, Carmen Segura, Mónica Doménech, Mariebel García Malo (UPN), Rafael Eraso, Isabel Aranburu (Geroa Bai), Asun Fernández de Garialde, Esther Korres (EH Bildu), Tere Sáez, Fanny Carrillo (Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai), Nuria Medina (PSN), Javier García (PPN) eta Marisa de Simón.
-
Mozioa (28. NPAO, 2019-02-26koa)