Mozio bat baztertu da, Nafarroako Gobernua premiatzen zuena lau hilabeteko epean aurkez dezan ekintza sozialeko hirugarren sektorea arautzeko foru-lege bat
Ganberaren gehiengoak onartu du egiteke dagoen konpromiso bat dela, baina ekainera arteko epea ezarri dute gizarte ehunak politika publikoetan duen parte-hartzea artikulatzeko
Parlamentuaren osoko bilkurak mozio bat baztertu du gaur PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeen eta Talde Mistoaren aurkako botoekin eta UPNren, PPNren eta atxiki gabeko parlamentariaren aldekoekin, asmoa zuena Nafarroako Gobernua premiatzea “gizarte ekintzako hirugarren sektorea arautzeko foru-lege bat aurkez dezan lau hilabeteko epean”.
Proiektuak, zehazten denez, aitortu behar du “sektore hori osatzen duten entitateek Nafarroako gizartearen eta haren politika publikoen garapenean duten funtsezko eginkizuna, zertarako eta, batetik, beren eginkizuna indartzeko eta, bestetik, lan garrantzitsu hori zalutasunez eta modu eraginkorragoan egin dezaketela bermatzeko, beren jarduera sustatzeko trabak eta oztopoak ezabatuta”.
PSN, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeek ordezteko zuzenketa bat aurkeztu dute baina UPN ekimenaren titularrak ez du onartu. Helburua zen "hirugarren sektoreko entitateekin landua izaten ari den” ekintza sozialeko hirugarren sektorea arautzeko foru-legea aurkezteko epea “urtaldi politiko honen amaierara arte” luzatzea.
Zioen azalpenean, UPN talde parlamentarioak sustatu duen mozioak sektorea definitu eta modu integralean taxutuko duen berariazko araubidea eskatzen zuen, aurreko legealdian Foru Gobernua sostengatzen zuten taldeek hartutako konpromisoarekin bat etorriz. Izan ere, argudiatzen zenez, Nafarroak ehundura sozial sendo eta anitza dauka, solidaritate eta parte-hartze antolatua bideratzen duten entitate ugarirekin.
Ildo horretan, mozioa sustatu duenaren ustez “arau-sakabanaketak” ez du Nafarroako politika publikoetan gizarte-ehunak duen parte-hartzea ikusarazten laguntzen eta, horregatik, Estatuaren eta beste autonomia-erkidego batzuen bide bera hartzea defendatzen da, "arazo edo behar sozialek" eragindako eremuetan "elkarrekintza" indartzeko.
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Mozioa (118. NPAO, 2025-10-14koa)
Archivos adjuntos