Noiz argitaratua Osteguna, 2021.eko Irailak 30

Mozio bat baztertu da, Nafarroako Gobernua premiatzen zuena lehiakortasun-maila leheneratzeko erreforma fiskal bat aurkez zezan

Legebiltzarrak ez du Navarra Sumaren proposamena babestu, zeinak Foru Erkidegoko esparru fiskala kaltegarritzat jo duen pandemia osteko suspertzerako

Parlamentuko osoko bilkurak mozio bat baztertu du gaur PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aurkako botoekin eta Navarra Sumaren aldekoarekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatu nahi zen “Nafarroaren lehiakortasun-maila leheneratzea ekarriko duen erreforma fiskal bat aurkez zezan, Nafarroa talentuarendako eta enplegua sortzen duten enpresendako erakargarri eginen duena, kalitatezko zerbitzu publikoak eman ahal izatea ere bermatuko duen etorkizun oparoa izan dezagun”.

 

Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako mozioa ‘Fundación para el Avance de la Libertad’ eta ‘Tax Foundation’ elkarteek argitaratzen duten Lehiakortasun Fiskalaren Indize Autonomikoaren datuetan oinarritzen da, adieraziz Foru Erkidegoko esparru fiskal “garesti eta kaltegarriak” Nafarroa azken postuetan utzi duela, “foru ogasuna duten gainerako hiru lurralde historikoen atzetik (EAE), hauek bost lurralde lehiakorrenen artean baitaude”.

 

Ildo horretan, salatzen da Nafarroak, “beste probintzia eta autonomia erkidego batzuetan ez bezala”, oraindik ere ez duela krisiaren aurretiko enplegu-maila berreskuratu edo ez duela bizi dugun pandemiak ekarri duen langabezia guztia xurgatu, eta eragile ekonomikoei ematen zaien tratamendu fiskalean beste lurralde batzuekiko diferentzial negatibo hori “zama handia” dela suspertze-prozesua sendotzeko eta enplegu-sorkuntza bultzatzeko.