Noiz argitaratua Osteguna, 2025.eko Maiatzak 22

Mozio bat baztertu da, Nafarroako Gobernua premiatzen zuena Lizarrako eta Tuterako ospitaleetan erradiologiako mediku espezialisten presentzia berma zezan

PPNk eta Talde Mistoak babestu duten UPNren ekimenak lanpostu hutsak betetzeko premiazko neurriak ezartzeko eskatzen zuen, baita eremuaren berrikusketa egiteko ere

Mozio bat baztertu du gaur Parlamentuaren osoko bilkurak PSNren, EH Bilduren, Geroa Bairen eta Contigo-Zurekinen aurkako botoekin eta UPNren, PPNren, Talde Mistoaren eta atxiki gabeko parlamentariaren aldeko botoekin. Mozio honen bidez, Nafarroako Gobernua premiatu nahi zen “erradiologiako mediku espezialisten eguneroko presentzia jarraitua berma dezan Lizarrako eta Tuterako eskualde-ospitaleetan, guardiak beteko direla eta premiazko proba diagnostikoak eginen direla ziurtatuz, beste zentro batzuetara bideratu beharrik gabe”.

 

Baztertutako ekimenak bigarren atalean For Exekutiboari eskatzen zion “bi ospitale horietako erradiologia-zerbitzuetan dauden lanpostu hutsak betetzeko premiazko neurriak ezar ditzan”.

 

Bestalde, Gobernua premiatzen zen “Erradiologiako Eremu Funtzional bakarraren eredua ebalua dezan eta, kasua bada, berrikus dezan, eskualdeko ospitaleetako osasun-arretaren kalitatea arriskuan jartzen ez duela eta giza baliabideen eta baliabide materialen banaketa ekitatiboa bermatzen duela ziurtatzeko”.

 

Azkenik, eskatzen zitzaion “Nafarroako Parlamentuari sei hilabeteko epean jakinaraz diezaion zer neurri hartu diren eta zer emaitza lortu diren Lizarrako eta Tuterako eskualde-ospitaleetako erradiologia-zerbitzuak hobetzeko”.

 

Zioen azalpenean, UPN talde parlamentarioak sustatu duen mozioak azaltzen zuen Lizarrako García Orcoyen ospitalean 6 erradiologok osatzen dutela plantilla, eta gaur egun bakarra dagoela zerbitzuan, eta Tuterako Reina Sofia Ospitalean ere egoera “kritikoa” dela, 13 medikuko plantilla batetik, gaur egun 6 baino ez baitaude lanean.

 

Ekimenaren egileek azpimarratu dutenez, “gabezia horrek kalte handia egiten dio ospitale horien funtzionamenduari, eta, beraz, herritarrei eman beharreko arretari, izan ere, erradiodiagnostiko-zerbitzua zerbitzu zentrala da ospitale batean”.

 

UPN talde parlamentarioak argudiatzen zuenez, “funtsezkoa da erradiologoen eguneroko presentzia jarraitua bermatzea ospitale hauetan, osasun-arreta ekitatiboa eta kalitatezkoa bermatzeko, pazienteen alferrikako joan-etorriak saihesteko eta premiazko proba diagnostikoak garaiz eta behar bezala eginen direla bermatzeko”.

 

· www.nafarroakoparlamentua.eus

· Mozioa (58. NPAO, 2025-04-30ekoa)