Noiz argitaratua Osteguna, 2024.eko Maiatzak 16

Mozio bat baztertu da, Nafarroako Gobernua premiatzen zuena Nafarroako Ubidearen bigarren fasean, Abiadura Handiko Trenean eta A-15 autobian egiteke dauden lanak egin zitzan

Etorkizuneko garapenerako funtsezkoak diren azpiegiturak "zehaztu gabe” egotearen atzean borondate politiko falta dagoela salatu du UPNk, baina Osoko Bilkuraren gehiengoak ez du adierazpen hauekin bat egin

Parlamentuaren osoko bilkurak mozio bat baztertu du gaur PSNren, EH Bilduren, Geroa Bairen eta Contigo-Zurekinen aurkako botoekin eta UPNren, PPNren eta Voxen aldekoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baitzen “uda baino lehen ezartzea hiru azpiegitura horietarako aurrekontu- eta denbora-kronograma ongi zehaztu bat”.

 

Baztertutako mozioak Espainiako Gobernuari eta Nafarroako Gobernuari exijitzen zion “ehun milioi euro igo dezaten dagokien finantzaketa, Nafarroako Ubidearen bigarren fasea bideragarria izan dadin eta ureztatzaileen tarifak jaisten laguntzeko”.

 

Era berean, Espainiako Gobernuari eskatzen zitzaion “Abiadura Handiko Trenaren Nafarroako tartea egitera bideratzen duen urteko aurrekontua igotzea”.

 

Gainera, Nafarroako Gobernua premiatzen zen “Espainiako Gobernuari exiji diezaion denik eta bizkortasun handienarekin lizita ditzan Iruña-Madril autobiaren tarteak”.

 

Amaitzeko, Nafarroako Gobernuari eskatzen zitzaion “azpiegitura horietako bakoitzari dagozkion hitzarmenak sinatzea Espainiako Gobernuarekin, Nafarroa horietan buru izan ahal izateko eta garbi gera daitezen egiteke dauden jarduketak direla-eta hartutako konpromisoak, horiek egiteko aurreikusitako epea eta horiei ekiteko aurrekontu-zuzkiduraren bermea”.

 

Geroa Baik ordezteko zuzenketa bat aurkeztu du baina UPNk, ekimena aurkeztu duenak, ez du onartu. Estatuari eskatzen zion “Nafarroan dituen eskumenetatik eratorritako erantzukizunak bete ditzan konektibitatearen arloan, eta, zehazki, Madrilekin errepidez konektatzeari –behin A-15a amaituta– eta Prestazio Handiko Trenaren Nafarroako korridorearen eta Europaren arteko trenbide-konexioari dagozkionak. Premiaz erabaki dezan Euskal Y-aren konexioa –ingurumen-irizpideak eta azpiegitura optimizatzeko irizpideak bateratuz – eta bizkor dezan Iruña-Madril autobiako tarteen lizitazioa”.

 

Era berean, Espainiako Gobernua premiatzen zuen “Nafarroako Ubidearen bigarren faseari egindako alegazioak ahalik eta lasterren ebatzi eta obraren administrazio- eta ingurumen-izapideak nahiz lanen ondorengo lizitazioa bultza ditzan, kasu honetan ureztatzaileei ezarritako kargak zuzenduz”.

 

Azkenik, Gobernuari eskatzen zion “aipatutako azpiegitura bakoitzari dagozkion hitzarmenak sina ditzala Nafarroako Gobernuarekin, honako helburu hauekin: aztertzea Nafarroan egindako obrak ekarpenaren kargura finantzatzeko aukera; A-15ari dagokionez, garai batean Estatuaren zatia saldu zela kontuan hartuta, aztertzea hura berriz ere esparru publikora itzultzeko aukera; Nafarroako Ubideari dagokionez, emakida amaitzen denean azpiegituraren titulartasuna berriz negoziatzea, kontuan hartuta lehen fasearen Nafarroako aldearen –Gobernua eta ureztatzaileak– ekarpena; eta finkatzea egiteke dauden jarduketekin, aurreikusitako gauzatze-datarekin eta aurrekontu-zuzkidura bermatzearekin hartutako konpromisoak, Foru Gobernuaren ardurapekoak ez diren tarteetan”.

 

PPNk ere ordezteko zuzenketa bat aurkeztu du baina UPNk ez du onetsi. Hala zioen: “Nafarroako Ubidearen Bigarren Fasea eraikitzeko ardura duen CANASA sozietate publikoak funts propiorik ez duenez, eta obra hori lizitatu ahal izateko, Nafarroako Gobernuari eta Espainiako Gobernuari akordio bat egin dezatela eskatzen zaie, sozietate horri lizitazioa egiteko behar beste baliabide ekonomiko emateko”.

 

Zioen azalpenean, UPNren mozioak salatzen du Estatuaren "inplikazio handiagoa" eskatzen duten proiektu estrategikoen inguruan (hala nola, Nafarroako Ubidea, AHT edo A-15 Autobia) dagoen zehazgabetasuna. Izan ere, Estatuari "interes falta" egotzi diote, baita inbertitzaileei ere.

 

Zentzu horretan, adierazten da "Espainian 57.300 milioi euroko inbertsioarekin abiadura handiko 3.967 kilometro trenbide eraiki diren bitartean, Nafarroan 40 kilometro plataforma eraiki direla 233 milioi euroko inbertsioarekin”. Gainera, nabarmentzekoa da "Iruñea, urtean ibilbide luzeko 780.120 bidaiarirekin, bidaiari gehien dituen eta abiadura handiko trenik ez duen geltokia dela".

 

Aldi berean, A-15 autobidearen garrantzia azpimarratzen da, Nafarroako autobia ere deitua, "ez bakarrik salgaien eta herritarren garraio segururako, baita garapen ekonomikorako ere ardatz estrategiko gisa ere, maila erregional eta nazionalean,  izan ere, Espainiako hiriburuarekiko komunikazioa bermatuko baitu, ez bakarrik Foru Komunitatearekiko, baita Errioxarekiko eta Soria eta Zaragozako probintzien zati handi batekiko ere, despopulazioaren eragin handia jasaten dutenak, hain zuzen ere".

 

Gauzak horrela, eta "eraikitzeko urrats batzuk ematen ari diren arren, egia da azpiegitura horrekin lotzeko Nafarroako lurraldean eraiki behar diren tarteak geldirik daudela, nahiz eta María Chiviteren Gobernuak duela ia urtebete iragarri Estatuarekin hitzarmen bat sinatuko zuela lan horiei heltzeko".

 

Proposamena egin duenak Nafarroako eta Espainiako exekutiboen "borondate politiko eskasa" azpimarratu du, neurri handi batean "azpiegitura horien garapenean sinesten ez duten" gobernukideen jarrera politikoak baldintzatuta.