Noiz argitaratua Osteguna, 2021.eko Urriak 28

Mozio bat baztertu da, Nafarroako Gobernua premiatzen zuena nazioarteko ibilgailu astunen trafikoa N-121-A errepidetik atera zezan obrak bukatu arte

Bideak jasaten dituen ezbehar-tasa handiak eta auto-ilara nabarmenak arindu nahi zituen EH Bilduk, baita kamioiek asteburuetan mugan aparkatzea mugatu ere

Parlamentuaren osoko bilkurak mozio bat baztertu du gaur Navarra Sumaren, PSNren, Geroa Bairen eta Podemos-Ahal Duguren aurkako botoekin eta EH Bilduren eta I-Eren aldeko botoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baitzen “Nafarroako Foru Komunitateak arlo horretan dituen eskumenak baliatuta eta N-121-A errepideko obrek dirauteino, errepide horretatik egun ibiltzen diren nazioarteko garraioko 7,5 tona baino gehiagoko ibilgailu astunen trafikoa Gipuzkoako mugaraino AP-15 eta A-15 errepideetarantz desbideratzeko mekanismoak ezar zitzan”.

 

Baztertutako mozioak bigarren atalean Foru Exekutiboari eskatzen zion “hartu beharreko erabakiak har zitzan Estatuarekin hitzartze aldera Iruñetik Irurtzunera bitarte AP-15 autobidea erabiltzeagatik ibilgailu astunek ordaintzen duten bidesariaren hobariak izan lezakeen kostua bien artean finantzatzeko, kontuan hartuta N-121-A errepidea nazioarteko trafiko ugari hartzen duen prestazio handiko errepide bat dela”.

 

Era berean, hirugarren atalean, Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen zuen, “eskumen horiek berak baliatuta eta kontuan hartuta Frantziako estatuak asteburuetan mugak jartzen dizkiela ibilgailu astunei bere lurralde osoan, hartu beharreko neurriak har ditzan ibilgailu astunei ordutegia mugatzeko, egun horietan Iruñetik Endarlatsara bitarte N-121-A errepideak zeharkatzen dituen herrietan ez daitezen gerta ehunka kamioiren pilaketak”. Geroa Bai atal honetan abstenitu egin da eta gainerako taldeek boto bera mantendu dute.

 

Zioen azalpenean, EH Bildu talde parlamentarioak sustatutako mozioak 2018ko maiatzean Garapen Ekonomikoko departamentuak ezarritako ebazpena emulatzeko deia egiten zuen, hau da, N-121 errepidean ibilgailu astunen zirkulazioa mugatzea Belateko eta Almandozko tuneletako obrak egiten diren bitartean, Errepideei buruzko 37/2015 Legean baimentzen den bezala, aipatu bideak jasaten dituen ezbehar-tasa handiak eta auto-ilara nabarmenak arintzeko.

 

Horri dagokionez, eta berriz ere 37/2015 Legearen babesean (38. artikulua), non administrazio interesdunen (kasu honetan estatuaren eta foru-aldundiaren) arteko hitzarmenaren bidez desbideratutako ibilgailuei aplikatuko zaien bidesarietan hobaria emateko aukera aurreikusten den, lege-aurreikuspen hau aplika dadin eskatzen zen, eremu horretako alkateen eta bizilagunen eskariei erantzuteko. Hau guztia Frantziako errepideetan larunbatetan (eta jaiegun bezperetan) hamarretatik aurrera 24 orduz  zirkulazioa-murriztu izanaren ondorioa ere dela ohartarazi du sustatzaileak.

 

Halaber, Bidasoako ertzeko udalerrietan kamioiek aparkatzea mugatzeko neurriak proposatzen ziren, asteburuetan pilatzen baitira, igande edo jaiegunetan, 22:00etatik aurrera, Frantziar Estatuko bideetan berriro zirkulatzen uzten zaien arte.