Mozio bat baztertu da, Nafarroako Gobernua premiatzen zuena oinarrizko hornidurak bermatzeko plan bat presaz egin zezan
Zaurgarritasun egoerak ekiditera, detektatzera eta horietan esku-hartzera bideratua, zuzeneko laguntza osagarriak ezarriz eta konpainia hornitzaileekin akordioak eginez
Parlamentuaren osoko bilkurak mozio bat baztertu du gaur PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren eta Podemos-Ahal Duguren aurkako botoekin eta Navarra Suma eta Izquierda-Ezkerraren aldekoekin, zeinaren bidez Legebiltzarrak adierazten baitzuen “beharrezkoa dela behar diren neurri guztiak hartzea elektrizitatearen prezioaren igoerak familietan eta kontsumitzaile ahulenengan duen eragin handia murrizteko; izan ere, hotz-bolada betean gaude, berrogeialdiekin eta ordu luzez etxean egotera behartzen duen etxeratze aginduarekin, eta, gainera, autonomoak eta enpresa txiki eta ertainak COVID-19aren pandemiatik eratorritako krisi ekonomiko larria pairatzen ari dira”.
Baztertutako mozioak bigarren atalean Nafarroako Gobernua premiatzen zuen “presaz egin dezan oinarrizko hornidurak bermatzeko plan bat, Foru Komunitateko kontsumitzaile eta familiek oinarrizko hornidurak eskuratzeko gabeziak dituzten egoerak prebenitu, detektatu eta horietan esku hartzeko”.
Plan horretan jaso beharreko neurrien artean egongo lirateke, besteak beste, “kontsumitzaile eta familia ahulenentzako dirulaguntza zuzenak, gizarte behar larrietarako laguntzen osagarri, oinarrizko horniduren kostuak finantzatzeko”.
Horrez gain, “zerbitzuen hornidurarako konpainiekiko hitzarmenak, bermatzeko hornidura eten baino lehen beti aurrez abisatuko dela, balizko ahulezia egoerak detektatu ahal izateko”.
Era berean, Espainiako Gobernua premiatzen zen “honako neurri hauek har ditzan, besteak beste:
a) Argiaren eta gas naturalaren fakturetan ezarritako zergapetze bikoitzarekin amaitzea eta elektrizitatearen eta hidrokarburoen gaineko zergak ateratzea, hurrenez hurren, BEZaren zerga-oinarritik; hala, elektrizitatearen prezioa asko merkatuko litzateke Espainiako familia eta enpresentzat eta gure ekonomia lehiakorragoa izanen litzateke, kostu horiek gure bazkide europarretakoekin parekatuta.
b) BEZaren tasa murriztu bat (% 10) ezartzea argiaren eta gas naturalaren fakturetarako COVID-19aren pandemiatik eratorritako salbuespen egoerak irauten duen bitartean.
c) Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalarekin batera tarifa elektrikoaren aldaketa bultzatzea, egungo kostua zehazten duten elementuei dagokienez (energia berriztagarrietarako primak, penintsulaz kanpoko kostuen konpentsazioa, tarifen defizitagatiko zorraren amortizazioa eta abar), kontsumitzaileek jasan beharrik ez izateko elektrizitatearen sorkuntza eta banaketarekin lotuta ez daudenak.
d) Beharrezkoak diren legegintzako ekimenak bultzatzea oinarrizko hornidurak eskuratzeko berme sozial bat arautzeko ahulezia egoeran dauden kontsumitzaile eta familia guztientzat, bereziki neguko hilabeteetan”. Navarra Sumak bakarrik bozkatu du atal honen alde, gainerako talde guztiek aurkako botoa eman dute.
Izquierda-Ezkerrak ordezteko zuzenketa bat aurkeztu du, Navarra Sumak, ekimenaren titularrak onartu ez duena, Espainiako Gobernua premiatuz “merkatu elektrikoaren eraldaketa sakon bat egin dezan, ikerketa bat irekitzearekin hasita, argitze aldera merkatuko zenbait eragileren aldetik lehiaren aurkako jarduketak izatearen inguruan”. Horrez gain, “Trantsizio Ekologikorako Ministerioak prezioak aldi baterako finkatzeko” eskaera egiten zuen, “egungo tarifa arautua (PVPC) ordezteko benetako tarifa arautu bat diseinatzeko” eskaera ere.
EH Bilduk ere aldatzeko zuzenketa bat aurkeztu du, Navarra Sumak onartu ez duena, zeinaren bidez Gobernua premiatu nahi zuen “Espainiako Estatuarekin negozia zezan Hitzarmen Ekonomikoaren aldaketa zeharkako zergen arloari dagokionez”, eta “lehentasuna eman ziezaion autokontsumo eta biltegiratze elektrikoari buruzko planeko programak garatzeari”.
Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak elektrizitatearen prezioaren “proportziorik gabeko eta desgaraiko igoerari” buruz hitz egiten du, “are gehiago diru-sarreren murrizketa orokorraren testuinguru honetan, herritarren poltsikoarentzat zama handia izateaz gain, enpresa-sarearen lehiakortasuna ere higatzen baitu, autonomoak barne".
Gauzak horrela, eta Espainiako elektrizitate faktura "Europar Batasuneko garestienetako bat" dela kontuan hartuta, "oinarrizko horniduretarako BEZ tasa murriztua" ezartzeko aukera planteatzen da, "ekoizpen-ehunaren galera eta gizartean zaurgarritasun egoeren ugaritzea murrizteko asmoz, ez-ordaintzeen eta horniduren mozketen ondorioz".
Krisi ekonomiko “arriskutsu eta gogor” honek, Espainiako Bankuak aurreikusi duenez, "herrialdeko enpresen % 10 itxi ditzake", eta pandemia egoerak Nafarroan izan duen eragina azpimarratzen da; izan ere, "autonomoen % 85en fakturazioa murriztu egin da –kasuen erdia baino gehiagoren fakturazioa % 50etik gora murriztu da-, eta merkataritzaren eta ostalaritza eta kultura sektoreen zati handi batek geldialdi edo murrizketa handiak ditu".
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Mozioa (4. NPAO, 2021-01-19koa)