Noiz argitaratua Osteguna, 2021.eko Martxoak 4

Mozio bat baztertu da, Nafarroako Gobernua premiatzen zuena onets zezan Nafarroako administrazio publikoetan euskararen erabilera arautuko duen foru dekretu berri bat

NJANren epaiak eragindako hutsune legalari irtenbide bat emateko eskatzen zuen Navarra Sumak, bai eta euskararen balorazioa lan-postuaren eginkizunekin eta errealitate soziolinguistikoarekin bat etortzea ere

Parlamentuaren Osoko Bilkurak mozio bat baztertu du gaur PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aurkako botoekin eta Navarra Sumaren aldekoarekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baitzen “ahal bezain laster onets dezan Nafarroako Administrazio Publikoetan euskararen erabilera arautuko duen foru dekretu berri bat, funtzio publikorako sarbidean eta bertako sustapenean aukera berdintasuna bermatuko duena”.

 

Horretarako, zehazten zenez, “dekretu berriak bermatu beharko du euskararen nahitaezko ezagutza eskatu behar den lanpostuetan soilik eskatu ahal izanen dela, eta euskara merezimendu gisa balioesten duten eta nahitaezko ezagutza behar duten plantilla organikoko lanpostuen batura dagokion hizkuntza-eremuko euskal hiztunen ehunekoarekin zuzenean lotuta egonen dela”.

 

Zioen azalpenean, Navarra Sumak aurkeztutako mozioak azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretua, Nafarroako administrazio publikoetan euskararen erabilera arautzen duena partzialki baliogabetu izanak eragindako “segurtasun juridiko faltari” irtenbide bat ematearen alde egiten du.

 

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren ustez, “eremu mistoan eta zerbitzu nagusietan derrigorrezko hizkuntza-eskakizuna ez duen edozein lanpostutarako euskara merezimendu gisa baloratzeak diskriminazioa dakar Funtzio Publikoko lanpostuen hornikuntzan, eta hori ez dator bat hizkuntza baloratzeko arrazionaltasun- eta proportzionaltasun-printzipioekin, merezimendu hori garrantzitsua izan ez daitekeen lanpostuei dagokienez, bete beharreko funtzioak eta kasuan kasuko lurralde-eremuko errealitate soziolinguistikoa kontuan hartuta”. Hori dela eta baliogabetu zuen dekretua.

 

Horregatik, “neurria duela urte eta erditik partzialki indargabetuta egonik eta hizkuntza politika definiturik ez dagoenez", ahalik eta azkarren arau dadin eskatzen da, "funtzio publikoan sartzeko edo mailaz igotzeko euskara betekizun edo merezimendutzat hartzeko aukera-berdintasuna bermatze aldera”.

 

Ildo horretan, ohartarazi dutenez, "EH Bildu buru duten udal asko egungo hutsune legala baliatzen ari dira plantillak onartzeko, euskararen eskakizuna edo balorazioa duten lanpostuak gehituz", eta horregatik premiazkoa da gai hori arautzea, diskriminazio-irizpideak edo ekitatearen aurkakoak saihestuz.