Noiz argitaratua Osteguna, 2023.eko Urriak 19

Mozio bat baztertu da, Nafarroako Gobernua premiatzen zuena Osasunbideak eskaini ezin dituen giltzurrun, gibel eta bihotz-transplanteak Osasun Sistema Nazionalak egin ditzan

Ganberak bateragarritzat jotzen ditu sare pribaturako bideratzeak profesionalen prestakuntzarekin eta osasun-instalazio publikoen egokitzapenarekin

Parlamentuaren osoko bilkurak mozio bat baztertu du gaur UPNren, PSNren, Geroa Bairen, PPNren, Contigo-Zurekinen eta Voxen aurkako botoekin eta EH Bilduren aldekoarekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baitzen “Osasun Sistema Nazionalaren baliabideekin eman daitezen Zerbitzu Komunen Zorroaren parte diren baina Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak zorro horretan jasotako teknikaririk, teknologiarik edo prozedurarik ez edukitzeagatik ematerik ez dituen prestazioak –bihotz-, gibel- eta giltzurrun-transplanteak, alegia-, Osasun Sistema Nazionaleko zerbitzu komunen zorroa ezartzen duen 1030/2006 Errege-dekretuan eta Osasun Kohesiorako Funtsaren kudeaketa arautzen duen urriaren 20ko 1207/2006 Errege-dekretuan nahiz errege-dekretuok garatzen dituzten arauekin bat”.

 

Baztertutako mozioak bigarren atalean Foru Exekutiboari eskatzen zion “azter dezan ea bideragarria den prestakuntza eta kualifikazio profesionaleko programa bat garatzea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileei ahalbidetuko diena laguntza-prestazio horiek guztiak modu progresiboan eman ahal izatea”.

 

Era berean, zehazten zen beharrezkoa dela “osasun-instalazioak prestazio horietarako egokitzea”.

 

Helburu horrekin, proposatzen zen “Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak teknika horiek garatzearen bideragarritasuna aztertzen den bitartean, Euskal Autonomia Erkidegoko osasun sistema publikoarekiko lankidetza-hitzarmenak egin daitezen, osasun sistema publikoan ematea bermatzeko, aipatutako araudian aurreikusitakoari jarraikiz eta Osasun Sistema Nazionaleko erreferentziazko zentro, zerbitzu eta unitateek ezarritako irizpideekin bat etorriz”.

 

Zioen azalpenean, EH Bildu talde parlamentarioak sustatutako mozioak Osasun Kohesiorako Funtsen xedapenak (21/2001 Legeak sortua) eta 1030/2006 Errege Dekretua (Osasun Sistema Nazionaleko Zerbitzu Komunen Zorroa eta hura gaurkotzeko prozedura ezarri zituen) aipatzen ditu, osasun pribatuarekin Osasun Sistema Nazionalaren Zerbitzu Komunen Zorroa osatzen duten prestazioak hitzartzeko praktika zalantzan jartzeko.

 

Proposamena egin duenaren iritziz, Nafarroako Klinika Unibertsitariora bideratze horiek "Osasun Kohesiorako Funtsak arautzen duen konpentsazio ekonomikoa eskuratzea eragozten dute, eta profesionalen prestakuntza eta osasun-instalazio publikoen egokitzapena eragozten dute", bihotzeko, gibeleko eta giltzurrunetako transplanteak "zuzenean bere gain hartu ahal izateko".