Noiz argitaratua Ostirala, 2020.eko Urriak 23

Mozio bat baztertu da, Nafarroako Gobernua premiatzen zuena ostalaritzaren, gaueko aisialdiaren eta diskoteken sektorerako berariazko talka-plan bat taxutu zezan

Navarra Sumaren helburua jarduerari eustea zen, zuzeneko laguntzen eta zerga-arloko neurrien bidez, aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen luzapena barne

Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko batzordeak mozio bat baztertu du gaur PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren eta Podemos-Ahal Duguren aurkako botoekin eta Navarra Sumaren aldekoarekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baitzen “ostalaritzaren eta gaueko aisialdiaren sektorerako talka-plan bat taxutu dezan, zeinak aurreikusiko baitu lanera itzultzeko plan bat, testuinguru epidemiologiko txarretan ere jarduerari eustea ziurtatuko duena”.

 

Plan horrek “neurri hauek jasoko zituen besteak beste: ABEE-aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteak luzatzea aldeztea, harik eta COVID-19aren krisiaren aitzineko egoerara itzultzea lortzen duten arte; sektorearentzako abalen linea berariazko bat, gabezialdia bi urtera luzatuta; zuzeneko laguntzak, Administrazioak behartuta erabat itxi behar izan den kasuetan; eta haiengan eragin zuzen handia duten zergak geroratzea eta kenkariak ekarriko dituzten neurri fiskalak”.

 

Baztertutako mozioak bigarren atalean Foru Exekutiboari eskatzen zion “bere esku dauzkan legegintza-neurri bereziak baliatuta, behar den lege-esparrua sor dezan, toki entitateek gaueko aisialdiko lokalei lizentziak, bereziak eta aldi baterakoak, eman diezazkieten taberna edota kafetegi gisa jarduteko, sektorearen erabateko ixtea dakarten azken neurriak bertan behera uzten direnean”.

 

Zehazten zenez, “horren xedea da enpresaburu horiek jardueraren bat egin ahal izatea behinik behin aparteko egoera honetan, beharrezkoak diren neurri sanitario guztiekin, modu azkarrean ematen ahal den lizentzia bikoitz baten babespean, administrazio-prozesuak minimizatuz eta, hein batean bada ere, sektoreko jarduera ekonomikoa eta enplegua mantentzen lagunduz”.

 

Era berean, toki entitateak premiatzen ziren “arestiko puntuan aipatutako lizentziak baimentzearen ondorioz, espazio publikoa erabiltzeko kasuko baimenak eman ditzaten, interesatuta dauden establezimenduek terrazak paratu ahal izan ditzaten, Gobernuak ezarritako gehieneko kopuruak direla-eta, sektorearen erabateko ixtea dakarten azken neurriak bertan behera uzten direnean”.

 

EH Bilduk ordezteko zuzenketa bat aurkeztu du, Navarra Suma ekimenaren titularrak onetsi ez duena, eta proposatzen zuen “ostalaritza sektoreko langileei babesa ematea, sektore ekonomiko gisa duen garrantzia azpimarratzea eta ostalaritza-establezimenduek pandemiaren hasieratik segurtasuna bermatzeko egin duten ahalegina aitortu” nahi zuen. Gainera, “lantalde tekniko bat sortzea” proposatzen zuen “garatu beharreko bitartekoei eta hartu beharreko neurriei heltzeko”.

 

Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako mozioak nabarmentzen du ostalaritzaren eta gaueko aisialdiaren sektoreko enpresak “bereziki kaltetu dituela” pandemiak eragindako krisiak, eta Espainiako Gobernuak egoera arintzeko hartutako neurriak “oso motz gelditzen direla” salatu du. Sektore hau herrialdeko turismoarentzat “estrategikoa” dela azpimarratzen da, izan ere, “BPGaren % 1,8 egiten du, eta 300.000 familia inguru bizi dira sektore horretatik”.

 

Nafarroak merkataritzako eta ostalaritzako sarearekiko duen “lotura berezia” nabarmendu ostean, bultzada eta suspertze neurriak eskatzen ditu “azken hilabeteotan pairatutako produkzio-ezaren ondoren”, horrek “lokal ugari ixtea eragin baitu” eta mugako egoerara eraman baititu beste asko.

 

Gauzak honela, egungo testuinguru epidemiologikoari egokitutako talka-plan bat eskatzen da, zuzeneko laguntzekin, haiengan eragin zuzen handia duten zergak geroratuz eta kenkariak ekarriko dituzten neurri fiskalak ezarriz, esaterako. Taberna edota kafetegi lizentziak ematea ere propisatzen da, “aldi baterako neurri horri esker, gaueko aisialdiko lokalek beren lokalak ireki ahal izanen lituzkete, tabernentzako eta jatetxeentzako araudia betez eta, gutxienez ere, neurri batean arintzeko erabat ixteak ekarriko lituzkeen galerak”.

 

María Solana (Geroa Bai) buru izan duen saioan egon diren parlamentariak izan dira Alberto Bonilla, Carlos Pérez Nievas, Patxi Pérez, José Suárez, Maribel García Malo, Ángel Ansa (Navarra Suma), Ainhoa Unzu, Carlos Mena, Javier Lecumberri (PSN), Mikel Asiain (Geroa Bai), Laura Aznal, Maiorga Ramírez (EH Bildu), eta Mikel Buil (Podemos-Ahal Dugu).

 

www.parlamentodenavarra.es

• Mozioa (102. NPAO, 2020-09-29koa)