Noiz argitaratua Asteartea, 2019.eko Abenduak 10

Mozio bat baztertu da, Nafarroako Gobernua premiatzen zuena Tuterako La Atalaya zentroan bizikidetasun-unitate berri bat eraiki zezan

Navarra Sumak egoitza-tokien kopurua handitzeko proposamena egiten zuen, Gizarte Zerbitzuen Zorroan ezarritako betekizunei erantzuteko

Eskubide Sozialetako Batzordeak mozio bat baztertu du gaur PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren eta Podemos-Ahal Duguren aurkako botoekin eta Navarra Sumaren aldekoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatu nahi zen “2020an obrak lizita eta has zitzan Tuterako La Atalaya zentroan gutxienez ere bizikidetasun-unitate berri bat eraikitzeko”.

 

Baztertutako mozioak bigarren atalean Nafarroako Gobernuari eskatzen zion “obrak bukatuta daudenean zentro horretako egoitza-tokien kopurua handitu zezan itxarote-zerrenda betetzeko eta Gizarte Zerbitzuen Zorroan ezarritako betekizunei erantzuteko”.

 

PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra k ordezteko zuzenketa bat aurkeztu dute, Navarra Suma ekimenaren sustatzaileak onartu ez duena, Nafarroako Gobernua premiatu nahi zuena “diagnostiko bat egin zezan Tuteran eta Erriberan desgaitasunen bat duten pertsonentzako eguneko egoitza-arretari eta egungo nahiz etorkizuneko beharrizanei buruz. Diagnostikoa bertako antolakundeekiko lankidetzan eginen da”.

 

Zuzenketak bigarren puntuan Gobernuari eskatzen zion “diagnostiko horretan oinarrituta egoitza-baliabide berri bat (erkidegoan txertatutako elkarbizitza-unitateak) abian jartzeko plangintza egin zezan, autonomia sustatuko duena, Desgaitasunari buruzko 2019tik 2022ra bitarteko Planeko 1.4 ildo estrategikoarekin bat eta erdigunea pertsonengan jarriko duen egoitza-eredu integratu eta komunitario batekin etorriz”.

 

Bestalde, Nafarroako Gobernua premiatu nahi zuen “Desgaitasunari buruzko 2019tik 2022ra bitarteko Planarekin bat –zehazki, 1.3 ildo estrategikoarekin bat–, Erriberan eguneko arreta-zentro bat ireki dezan, erkidegoan txertatua eta arreta malgu eta pertsonalizatuaren ikuskera izanen duena”.

 

Amaitzeko, Gobernuari eskatzen zitzaion “Nafarroako 2020rako aurrekontuetan proiektu hori jaso zezan”.

 

Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioak aurkeztutako mozioak salatzen zuen Tuterako La Atalaya zentroan ezgaitasunen bat duten pertsonentzako egoitza toki bat lortzeko 13 pertsonako itxarote-zerrendatik, “hiruk bakarrik daramatela Gizarte Zerbitzuen Zorroak ezartzen duen 6 hilabeteko gehieneko epea baino denbora gutxiago zerrendan, gainontzeko 10 pertsonek 18 hilabete eta 5 urte bitarte daramate itxaroten”.

 

“Eguneko zentroko toki bat lortzeko egoera antzekoa” dela baieztatu ostean, sustatzaileek ohartarazten zuten “oso litekeena dela itxarote-zerrenda hori heldu den ikasturtearen amaiera aldean handitzea; izan ere, Torre Monreal ikastetxean ezgaitasuna daukaten ikasleen kopurua handia da, eta horiek eguneko zentroko erabiltzaile izan litezke”.

 

Hori dela eta, Erriberan ezgaitasunen bat daukaten pertsonentzako egoitza-tokien kopurua handitzeko eskatzen zen, izan ere, titulartasun publikoko La Atalaya zentroak “elkarbizitza-unitate berriak sortu ahal izateko behar adina lur duela” baieztatzen baita, baita “Tuterako hiriarekin behar bezala komunikatuta dagoela” ere.

 

Arantza Biurrun (PSN) buru izan duen saioan Marta Álvarez, Iñaki Iriarte, Alberto Bonilla, Ángel Ansa, Carlos Pérez Nievas, Miguel Bujanda (Navarra Suma), Nuria Medina, Carlos Mena (PSN), Isabel Aramburu, Ana Ansa (Geroa Bai), Patricia Perales, Txomin González (EH Bildu) eta Mikel Buil (A.P.F. Podemos-Ahal Dugu) parlamentariak egon dira.

 

  • Mozioa (40. NPAO, 2019-11-22koa)