Mozio bat baztertu da, Nafarroako Gobernuari eskatzen ziona berdintasuna, bizikidetza, indarkeriarik eza eta bakea helburu dituen heziketa afektibo-sexualaren curriculum-espazio bat sar zezam
Izquierda-Ezkerrak uste du funtsezkoa dela hezkuntzaren arloan esku hartzea eta genero-desberdinkeriako egoeren ezagutza lantzea
Mozio bat baztertu du gaur osoko bilkurak Navarra Sumaren aurkako botoekin, PSN, Geroa Bai eta EH Bilduren abstentzioarekin eta Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin. Honako hau eskatzen zitzaion Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari: “bere eskumenen esparruan, LOMLOE legea garatzen duten curriculumari buruzko dekretuetan eta Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoko mailetan sar dezan berdintasuna, bizikidetza, indarkeriarik eza eta bakea helburu dituen heziketa afektibo-sexualaren curriculum-espazio bat (gaia/arloa/irakasgaia)”.
Baztertutako mozioak bigarren atalean Hezkuntza Departamentua premiatzen zuen "behar diren lorbideak eta baliabideak ezartzera, klima-aldaketa eta energia-trantsizioa hezkuntza-curriculumetan eta edozein mailatako irakasleen prestakuntzan eta gaikuntzan aurreikusiak izateko, bai eta hezkuntza-sistemaren kalitate-ebaluaziorako nahiz ebaluazio instituzionalerako prozesuetan ere. Curriculum horiek klima-larrialdia transbertsalki eta ikuspegi ekosozial batetik jorratuko dute, eta jasoak izanen dira batxilergoko ikasketen curriculuma, derrigorrezko bigarren hezkuntzako ikasketen curriculuma eta lehen hezkuntzako ikasketena Nafarroako Foru Komunitatean ezartzen dituzten foru dekretuetan, onesten direnak Estatuaren hezkuntza-arloko oinarrizko legeria garatzeko". Atal hau Podemos-Ahal Duguk aurkeztutako eta I-E ekimenaren titularrak onartutako zuzenketa baten bidez gehitu da. Navarra Sumak aurka bozkatu du, PSN eta Geroa Baik abstentzioa eta EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek aldeko botoa eman dute.
Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak sustatutako mozioaren zioen azalpenean Sexu- eta ugalketa-osasunari buruzko 103/2016 Foru Dekretuaren 7. artikulua aipatzen zen, esanez ezartzen duela Hezkuntza Departamentuak “beharrezkoak diren neurriak garatuko ditu hezkuntza afektibo eta sexuala unibertsitatez kanpoko irakaskuntzetako curriculumean sartzeko, eta, beraz, ikastetxeko hezkuntza proiektuan ere”.
Horregatik, mozioak Hezkuntza Departamentuari eskatzen zion berriki argitara eman diren LOMLOE legea garatzeko errege-dekretuak (Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko gutxieneko irakaskuntzei buruzkoak) osatzean erabil dezala bere curriculum-autonomiaren % 30 “herritartasun arduratsuari eta balio demokratikoetan hezteari buruzko edukiak” sartzeko.
Honako hau zioen proposatzaileak: “Pornografiaren kontsumoa, desberdinkeria-egoerak eta indarkeria matxista maiz agertzen diren gizarte batean guztiz beharrezkoa da hezkuntzaren eremuan jardutea, eta funtsezkoa da curriculumak honako eduki hauek edukitzea: herritartasun arduratsuari eta balio demokratikoetan hezteari buruzkoak, genero-desberdinkeriako egoeren ezagutza, emakumeen eginkizuna historian zehar eta herritar guztien eginkizuna gizarte bat eraikitzeko oinarri edukita gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna, harreman osasungarrirako heziketa afektibo-sexuala, indarkeriarik eza, bakea eta elkarbizitza helburu dituen heziketa”.
- www.parlamentodenavarra.es
- Mozioa (50. NPAO, 2022-04-22koa)