Noiz argitaratua Osteguna, 2024.eko Urriak 3

Mozio bat baztertu da, Nafarroako Gobernuari eskatzen ziona konpentsa zitzan Europako funtsen kudeaketa desegokiak eta hauek agortu izanak eragindako desorekak

Babes nahikorik gabe, UPNk aurrekontu lerro bat irekitzea eskatzen zuen, eraikinak zaharberritzeko proiektuak garaiz eta behar bezala gauzatu ahal izateko

Parlamentuaren osoko bilkurak mozio bat baztertu du gaur PSNren, EH Bilduren, Geroa Bairen eta Contigo-Zurekinen aurkako botoekin eta UPNren, PPNren eta Voxen aldekoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baitzen “bilera baterako dei egin eta bilera egin dezan kaltetutako komunitateekin, profesionalekin eta partikularrekin, eta azal dezan zer egoeratan geratzen diren eta zer aukera dituzten hasitako proiektuei berriz ekiteko”.

 

Baztertutako mozioak bigarren atalean Foru Exekutiboari eskatzen zion “behar adinako diru-kopurua jar dezan erabilgarri hurrengo aurrekontu orokorretan, MRR funtsak agortu ondotik eta EEbP programako funtsak gaizki kudeatzetik heldu diren kalteek sortutako desoreka ekonomikoei aurre egiteko”.

 

Zioen azalpenean, UPN talde parlamentarioak sustatutako mozioak Etxebizitza Departamentuaren "utzikeriari eta gaitasun faltari" egozten dio Europako funtsen " agortzearen edo eskaera ez egitearen" ondorioz sortutako egoera. Hori dela eta, "3.000 familia baino gehiago" lehenengo kasuan, eta bigarrenean 668, birgaitze energetikoko esku-hartzeak egiteko dirulaguntzarik gabe geratu dira, nahiz eta dagozkien deialdi ofizialetan adierazitako "baldintzak eta epeak bete".

 

Partikularrei eta, zeharka, profesionalei eta enpresa txikiei sortutako "harridura" eta "kaltea" ikusita, proposamena egin duenak "erreparazio" bat eskatzen du, "aurrekontu orokorren" bidez, Nafarroako Gobernuaren "aurreikuspen faltagatik" gauzatu ez ziren laguntza ofizialetan konfiantza jarrita, "proiektu garestiak" hasi zituztenei sortutako "bidegabeko" kaltea arintzeko.