Noiz argitaratua Osteguna, 2023.eko Irailak 28

Mozio bat baztertu da, Nafarroako Gobernuari eskatzen ziona okupazio ilegala pairatzen dutenak ondasun higiezinen gaineko zerga ordaintzetik salbuetsita egon daitezen

Ganberak etxebizitzaren arazoa legez kanpoko okupazioaren igoerarengandik bereizi du, eta ez du uste Zigor Kodea gogortzea neurri eraginkorragoa denik

Parlamentuaren osoko bilkurak mozio bat baztertu du PSNren, EH Bilduren, Geroa Bairen eta Contigo-Zurekinen aurkako botoekin eta UPNren, PPNren eta Voxen aldekoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baitzen “beharrezkoak diren aldaketak susta ditzan Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean, halako moduan non 136. artikuluan jasoko baita ondasun higiezinen gaineko zerga ordaintzetik salbuetsita egonen direla okupazio ilegala pairatzen dutenak okupazioak dirauen bitartean”.

 

Zioen azalpenean, Vox foru parlamentarien elkarteak sustatu duen mozioak arrazoitzen zuen legez kanpoko okupazioa asko handitu dela eta egungo ordenamendu juridikoa ez delako nahikoa, "okupak legezko jabea baino gehiago babesten dituelako, are gehiago Etxebizitzaren Lege berria onartu ondoren".

 

Testuinguru horretan, eta "jabearen babesgabetasun-egoera eta prozesu judizialen geldotasuna" azpimarratu ondoren, ohartarazten da “Zuzenbide Estatu batek ezin duela onartu gizabanako edo talde antolatuek, legezko bideetatik kanpo eta/edo etxebizitza-premia aitzakia hartua, berenak ez diren higiezinen jabe egitea, horiez gozatzeko titulu baliodunik izan gabe ere”.

 

Gauzak horrela, proposamena egin duenak nabarmendu du Administrazioaren erantzukizuna dela etxebizitza duin eta egokia izateko eskubidea gauzatzea, gizarte-babeseko etxebizitzak erabiliz, hala bada. Hori guztiz bateragarria da "bizilekuaren bortxaezintasunerako oinarrizko eskubidea" babestearekin, izan ere, “higiezinen okupazio delituaren egungo araubideak ez dio erantzun nahikorik ematen espainiar gehienen kezka gero eta handiagoari”.

 

Horregatik guztiagatik eta arazoari "erantzun eraginkorra" emateko, "Zigor Kodea gogortzea” ezinbestekotzat jotzen zuen mozioak eta "administrazioaren eremu guztietatik esku-hartze irmoa" eskatzen zuen.