Noiz argitaratua Osteguna, 2021.eko Azaroak 18

Mozio bat baztertu da, Nafarroako Parlamentuak berretsi egiten du beharrezkoa dela Iruñearen hiriburutza agiriaren indarraldia mantentzea

Navarra Sumak arrakastarik gabe defendatu ditu hiriburuaren finantzaketa-osagarri berezi hau indarrean egon den 24 urteetan legeak izan duen adostasuna eta eztabaidarik eza

Parlamentuaren osoko bilkurak mozio bat baztertu du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak berretsi egiten baitzuen “beharrezkoa dela indarrean mantentzea 16/1997 Foru Legea, “Iruñeko Hiriaren Hiriburutza Agiria” ezarri eta, horren ondorioz, Udalari haren finantziazio-araubide arruntaz gain osagarri berezi bat ematen diona”.

 

Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako mozioak zalantzan jarri du duela 24 urte udalari haren finantziazio-araubide arruntaz gain osagarri berezi bat eman zion Iruñeko Hiriaren Hiriburutza Agiria kentzeko akordioa, “ulertezina eta inorekin hitz egin gabe hartua” izan delakoan.

 

Ildo horretan, jatorrian lortutako adostasuna (aldeko 44 boto, kontrako bat ere ez) eta finantzaketa-sistema horren inguruko eztabaidarik eza mahaigaineratzen da. “Sistema hori modu baketsuan aplikatu dute Nafarroako Gobernuan zein Udalean gobernu-erantzukizunak izan dituzten zeinu politiko guztietako alderdiek”.

 

Amaitzeko, sustatzaileak 16/1997 Foru Legearen aitzinsolasera jotzen du, bertan zehazten baita “Iruñeko hiria, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 8. artikuluan xedatutakoaren arabera, Nafarroako Foru Komunitateko hiriburua denez, bertako Udalak berezitasun kualitatibo bat bereganatu du gainerako toki entitateen aldean, hiriko zerbitzu asko eta asko bertako biztanleek ezezik, egitatezko beste biztanle askok ere eskatu eta erabiltzen dituztelako: Iruñerria deitu eremu zabal horretako eta are Nafarroako beste tokietako biztanle mugikorrek eta bertako erroldan inskribaturik ez dauden egoiliarrek, Foru Komunitateko Administrazioak eta Estatuko Administrazioak Iruñean, Foru Komunitateko hiriburua izateagatik hain zuzen, dituzten zerbitzu publiko handi horiek erabiltzera hiriburura noizbehinka edo aldiro etortzen baitira”.