Mozio bat baztertu da, Parlamentua premiatzen zuena arbuia zezan Kataluniako alderdi independistekin inbestiduraren esparruan ematen ari den negoziazioa
PPNren ekimenak, UPNren eta Voxen babesarekin, "xantaiaz" hitz egiten du, gainerakoek demokrazia parlamentarioaren prozesu propio baten legezkotasuna eta zilegitasuna defendatu duten bitartean
Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat baztertu du gaur PSNren, EH Bilduren, Geroa Bairen eta Contigo-Zurekinen aurkako botoekin eta UPNren, PPNren eta Voxen aldekoekin, zeinaren bidez proposatzen zen Nafarroako Parlamentua premiatzea “bere konpromisoa berres zezan espainiar guztiak legearen aurrean berdinak izatearekin eta konstituzionalismoaren eta gainerako ordenamendu juridiko indardunaren defentsarekin, zuzenbidezko estatu sozial eta demokratikoaren eta ordezkatzen dituen goi balioen berme diren heinean”.
Baztertutako ebazpenak bigarren atalean eskatzen zuen Parlamentuak “erabat arbuia zezan egungo gobernu zentralak eta hura mantentzen duten alderdi politikoek Botere Judizialaren eta haren jurisdikzio-erabakien aurrean behin eta berriz egiten duten esku-sartzea, justiziaren ekintza ahuldu eta hutsaldu nahian, botere-banaketa, botere judizialaren independentzia, legezkotasun-kontrola eta botere publikoen arbitrariotasun-debekua urratuz”.
Era berean, hirugarren atalak planteatzen zuen “arbuiatzea Ministroen Kontseiluak edozein motatako indultu orokorrik eta edozein lege-xedapenen bidez amnistia bat onartzea, horrela gure sistema konstituzionalista urratzen baita”.
Bestalde, Ganbarari dei egiten zitzaion “arbuia zezan Konstituzioa aldatzeko edozein erreferendum egitea, nahitaezkoa edo aukerakoa, atariko tituluaren edo zortzigarren tituluaren aldaketari buruzkoa, bereziki Espainiaren batasun bereizezinari eta bertan jasotako subiranotasun-kontzeptuari eragiten badio”.
Azkenik, Foru Parlamentua premiatzen zen “erabat arbuia zezan Espainiako Gobernuaren, hura sostengatzen duten alderdien eta Kataluniako alderdi independentisten eta sezesionisten arteko aldebiko negoziazioa –legegintzaldi honetako inbestiduraren esparruan–, oinarri duena Kataluniako Generalitateari zor publikoa barkatzea. Zor horrek zuzenean eragingo lieke Nafarroako funts publikoei eta, beraz, nafarren zerbitzu publikoei”.
Zioen azalpenean, PPN talde parlamentarioak sustatutako mozioak bere egiten zuen Konstituzioan eta gainerako ordenamendu juridikoan ezarritako "berdintasunaren" printzipioa, "edozein botere-gehiegikeriaren aurrean" defendatzeko betebeharrarekin bat etorriz, PSOEren "ezohiko deriba" nabarmentzeko. Zehazten duenez, jarduneko presidenteak “amore eman du kasta independentistaren xantaia onartezinaren aurrean, eta ez hori bakarrik, pribilegiatu egin du, hauteskundeak galdu ondoren boterean jarraitzeko helburu bakarrarekin".
Testuinguru horretan, eta "konkordia" zegoen tokian orain "zatiketa" dagoela eta "harrotasuna" zegoen tokian "umiliazioa" dagoela antzeman ondoren, proposamena egin duenak Estatua “independentisten interesaren mendeko bahitua” izanen dela iragarri du.
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Mozioa (34. NPAO, 2023-11-14koa)
Archivos adjuntos