Mozio bat baztertua izan da, zeinak Nafarroako Gobernua premiatzen baitu eten dezan Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan atzerriko hizkuntzetan ikasteko programak garatzen dituen foru aginduaren aplikazioa
Zurekin-ek aldezten du Ingelesez Ikasteko Programaren ebaluazio "zorrotza" egin dadila, hezkuntza-komunitatearen iritzia jasoz eta ikasleen hizkuntza-gaitasunean nahiz ingelesez irakatsitako ikasgaien edukietan hark izandako eragina neurtuz.
Gaurkoan, Hezkuntza Batzordeak baztertu egin du mozio bat, UPN, PSN, PPN eta Talde Mistoak emandako aurkako botoekin eta EH Bildu, Geroa Bai eta Zurekin-ek emandako aldeko botoekin. Mozioaren bidez, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentua premiatzen zen "2025-2026 ikasturtean bertan behera utz ditzan maiatzaren 24ko 57/2024 Foru Agindua, haur eta lehen hezkuntzako ikastetxeetan atzerriko hizkuntzak ikasteko programak garatzen dituena, eta maiatzaren 24ko 58/2024 Foru Agindua, bigarren hezkuntzako ikastetxeetan atzerriko hizkuntzak ikasteko programak garatzen dituena".
Errefusatu den mozioak bazeukan bigarren puntu bat ere, zeinak Nafarroako Gobernuari eskatzen baitzion Ingelesez ikasteko programaren ebaluazio zorrotza egin zezan, bai lehen hezkuntzan, bai bigarren hezkuntzan, eta hauek azter zitzan: ikasle-bereizketako inpaktua; gaztelaniazko nahiz euskarazko hizkuntza-gaitasuneko inpaktua (bigarren kasu horretan, arreta berezia jarririk eskualde mistoko eta ez-euskalduneko ikastetxeetan); ingelesez irakatsitako gaien edukietako inpaktua; eta, azkenik, irakasleen, ikasleen eta familien iritzia.
Azkenik, eta EH Bilduren eskariz, zeinaren gehitzeko zuzenketa Zurekin talde titularrak onartu baitu, Hezkuntza Departamentuari eskatzen zitzaion “zain dezan 57/2024 eta 58/2024 foru aginduen aplikazioak ukitzen dituen irakasleen lan-egonkortasuna”.
UPNk, berriz, ordezteko zuzenketa bat aurkeztu du baina ez da onartua izan. Hezkuntza Departamentua premiatzen zuen “ikasketa- eta gaitasun-ebaluazio zorrotz bat egin dezan, curriculumeko hizkuntza guztiak direla-eta, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan. Bertan sartuko ditu hizkuntz eskaintzak ikasleen bereizketan duen inpaktua; derrigorrezko etapak amaitzean Ingelesez Ikasteko Programako ikasleek ingelesez, gaztelaniaz eta euskaraz, A ereduko ikasleek gaztelaniaz eta euskaraz eta D ereduko ikasleek gaztelaniaz eta euskaraz erdiesten duten hizkuntz gaitasunaren maila; eta curriculumean dauden hizkuntza-arloaz kanpoko ikasgaiei dagokienez hizkuntza aniztun eredu eta programa guztietan erdietsitako gaitasun-maila; bai Lehen Hezkuntzako etaparen amaieran, bai Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bukatzean”.
Zioen azalpenean, Zurekin-en ekimenezko mozioak aldarrikatzen zuen beharrezkoa zela ingelesez ikasteko programek daukaten inpaktuaren ebaluazio egokia egitea araudi berria aplikatu baino lehen, zeinak, batetik, "behartzen baitu ikasgai jakin batzuk ingelesez irakastera; eta, bestetik, D ereduan ingelesez irakatsitako saioak ugaritu egiten baititu".
Alegatzen zenez, neurri hori hartu da "inolako adostasunik gabe, hezkuntza-komunitateari kontsulta egin gabe eta ingelesezko irakaskuntzaren orduak gehitu beharrari edo gehikuntza hori irakasgai zehatz batzuei aplikatzearen zergatiari buruzko justifikazio zientifikorik gabe"; eta, gehitzen zenez, "ez dira kontuan hartu Nafarroako hezkuntza-sistemaren berezitasunak (irakaskuntza itunduaren portzentaje handia, hizkuntza-eredu desberdinak)".
Halaber, proposatzaileek deitoratzen zuten ezen Hezkuntza Departamentuak orain arte eginiko ebaluazioak ikasleen ingeles-mailaren ingurukoak izan direla bakarrik; eta, ildo horretan, aldarrikatzen zuten beharrezkoa zela erabateko ebaluazioa egitea programa horiek honako alor hauetan izandako inpaktuari buruz: hizkuntza horretan irakatsitako edukiak, hizkuntza-gaitasuna oro har, ikasgelako arreta, motibazioa eta jokabidea, eta batez ere ikasleen bereizketa, kontuan harturik haien indize sozioekonomiko eta kulturalak haien emaitzekin eta hizkuntza-programa desberdinek bigarren hezkuntzan sortzen dituzten taldekatzeekin duten erlazioa.
Bileraren lehendakari gisa Carlos Mena aritu da (PSN t.p.), eta bertaratu dira Pedro González, Isabel Olave, Ángel Ansa, Raquel Garbayo (UPN t.p.), Kevin Lucero, Olga Chueca (PSN t.p.), Eneka Maiz, Oihan Mendo (EH Bildu t.p.), Itxaso Soto, Isabel Aranburu (Geroa Bai t.p.), Irene Royo (PPN t.p.), Carlos Guzmán (Contigo Navarra-Zurekin Nafarroa t.p.) eta Emilio Jiménez (Talde Mistoa).
- https://parlamentodenavarra.es/eu
- Mozioa (74. NPAO, 2025-06-06koa)