Mugako espazioen errealitate eta erronkei buruz Nafarroako Parlamentuak Eusko Ikaskuntzarekin batera antolatutako jardunaldiaren irekiera ekitaldia
"Garapena, integrazioa eta herritarren ongizatea hobetzeko" mugaz gaindiko lankidetzaren garrantzia azpimarratu du Unai Hualdek
Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakariak Mugako espazioen errealitate eta erronkei buruz Nafarroako Parlamentuak Eusko Ikaskuntzarekin batera antolatutako jardunaldiari hasiera eman dio. Trukerako eta hausnarketarako gune bat sortzeko helburua du jardunaldiak, “mugaz gaindiko gaiari buruz Europako testuinguruan eta gure errealitate hurbilenean inspiratzen diren esperientzietara hurbilduz”.
Ekitaldiari hasiera eman dion hitzaldian, Unai Hualdek mugaz gaindiko lankidetzari buruz hitz egin du, "garapenari, integrazioari eta eragiteko gaitasunari" dagokionez, “hiru printzipio horiek bat egiten baitute pertsonak hurbiltzera eta, are gehiago, haien bizi-baldintzak hobetzera bideratutako baliabide eta sinergia berrien bilaketan".
Lehendakariak adierazi duenez, "Euroeskualdeko lan bateratuak Europan indartsuagoak izateko aukera ematen digu. Errealitate instituzional eta administratiboen zurruntasunaren gainetik, lankidetza eta gobernu mugakideen arteko laguntza daude. Hori da logikoena Errioxarekin eta Aragoirekin eta, jakina, Euskadi eta Akitaniaren kasuan, harremanak partekatzen baititugu hizkuntza eta kulturari dagokionez".
Hala, "Nafarroarentzat autogobernua garatzea eta zabaltzea funtsezkoa" dela gaineratu ostean, presidenteak eskualde mailako lankidetzaren balantze "oso positiboa" egin du, eta Eusko Ikaskuntzari eskerrak eman dizkio "euroeskualdea eta, beraz, herritarren ongizatea indartzean pentsatuz, Nafarroako Gobernuak jokatu behar duen etorkizuneko paperari buruz gogoeta egiteko parada emateagatik”.
Ana Urkizak, Eusko Ikaskuntzako lehendakariak, subsidiariotasun-printzipioa azpimarratu du, "administrazio mugen gainetik, lotura historikoak, kulturalak eta ekonomikoak partekatzen dituzten eta, askotan, helburu berak dituzten komunitateen arteko topaketaren eta harremanaren" eragile den aldetik.
Ildo horretan, Urkizak adierazi duenez, "gero eta irekiagoa eta interkonektatuagoa den mundu honetan, eta botere ordezkaritzei esker, eskualdeak dira parte-hartze politiko zuzenerako eremu egokiena. Horregatik, espazio horietan oinarrituta, momentuko errealitateak eta etorkizuneko potentzialtasunak aztertzeko proposamena egiten dugu”.
Eusko Ikaskuntzak 1918an sortu zenetik komunitateen arteko elkarrizketaren eta lankidetzaren alde sustatzen dituen zereginen esparruan, Urkizak "proiektu berri bat" sustatzen laguntzeko deia egin du, "gizarte zibila mobilizatzea ahalbidetzen duena, herritarren ongizatean sakontzeko estrategia eta dinamika berriak elkarrekin eraikitzeko. Krisi osteko aroak bizi-espazioen aldeko ahalegin berriak eskatzen ditu, mugetatik haratago, begirada zabaltzen eta bizikidetza aberasten lagunduko dutenak".
Marian Elorza Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak adierazi duenez, "lankidetzaz hitz egiteak mugaz gaindi pentsatzera garamatza. Muga zaharraren 'beste aldeko' erakundeekin eta eragileekin harremanak areagotzea lehentasunezkoa izan da beti Eusko Jaurlaritzarentzat. Euroeskualdea 8,7 milioi pertsona biltzen dituen proiektu sendoa da, eta ongizate soziala, kohesioa, elkartasuna eta bizikidetza sustatzeko anbizioari eusten dio".
Esandakoaren harira, Elorzak 2021-27 Euroeskualdearen Plan Estrategikoa aipatu du, mugaz gaindiko eta euroeskualdeko ekosistemako eragile guztientzako ibilbide-orria den aldetik. "Lan bateratua” eskatu du, "gobernantza eraginkorra eta subsidiariotasun-printzipioari lotua" lortze aldera. “Erronka berritzaile eta konplexuei aurre egin behar zaie. Helburua espazio oparoago eta jasangarriago bat eraikitzea da".
Mathieu Bergé Akitania Berriko Eskualdeko kontseilariak (bideokonferentzia bidez) Eusko Ikaskuntzaren ekimena eta Nafarroako Parlamentuaren harrera balioetsi ditu, eta arratsaldeko saiora jo du. Bertan, gobernantzari eta mugaz gaindiko bizikidetzari buruzko ikuspuntua eskainiko du.
Azkenik, Ana Ollok, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak, mugaz haraindiko lankidetza ardatz estrategikoen artean kokatu du, arrazoi ekonomikoengatik eta kudeaketa publikoaren eraginkortasunagatik Nafarroako Gobernuari dagozkion ardatz estrategikoen artean, baliabide naturalen mendekotasun handia duten herrien arteko bizikidetza antolatzeko orduan. "Zalantzarik gabe, Nafarroa estu lotuta dago mugaz gaindiko aferarekin. Etorkizuneko erronkak arazo komunez betetako errealitate horri erantzutea ere badira".
Jardunaldiari hasiera emateko, Mikel Tristan dantzariak aurreskua dantzatu du, Aitor Huartek (Duguna Dantza Taldea) txistuaz eta danbolinaz lagunduta.
Programa
10:00etan hasi dira hitzaldiak, eta bost bloketan banatuta daude. Lehenengoan, Europako politika eta estrategiak mugaz gaindiko lurraldeetarako izenburupean, honako hauek dira parte-hartzaileak: Nathalie Verschelde Europako Batzordeko Eskualde eta Hiri Politikako Zuzendaritza Nagusiko kideak, Jean-Louis Valls Piriniotako Lan Elkarteko zuzendariak eta Elise Wattrelot CPMR Arko Atlantikoaren Komisioko idazkariak.
Bigarren atalak (12:15) Euroeskualdeen zeregina izena du eta parte hartzaileak Arola Urdangarin (NAEN Euroeskualdea) eta Michael Dejozé (Maas-Rhein Euroeskualdea) izanen dira.
15:00etatik aurrera, Martín Guillermo Ramírez Europako Mugako Eskualdeen Elkarteko kideak eta Frédéric Siebenhaar Pamina Eurodistritoko kideak Mugaz gaindiko lankidetzarako esperientzia eta tresnei buruz hitz eginen dute.
Mugaz gaindiko lankidetzarako eskualde- eta lurralde-politiken inguruan izanen da laugarren atala, eta Ana Ollok Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak, Nafarroako Gobernuaren mugaz gaindiko lankidetza-estrategien aurkezpena eginen du. Jarraian, Gobernantza eta mugaz gaindiko bizikidetzari buruzko mahai inguru bat eginen da, Ihintza Palacin Eusko Ikaskuntzako kideak gidatua, eta parte hartzaileak izanen dira Izaskun Goñi (Nafarroako Gobernua), Mikel Anton (Eusko Jaurlaritza), Mathieu Bergé (Akitania Berria), Jean-Pierre Mirande (Pirinio Atlantikoetako Departamendua), Ander Arzelus (Gipuzkoako Foru Aldundia) eta Joseba Erremundeguy (Euskal Hirigune Elkargoa).
Bosgarren eta azken atala 17:45ean hasiko da, eta Eusko Ikaskuntzaren eta Euskal Herriko Garapen Kontseiluaren aurkezpena izanen da, Isabel Elizalde eta Iban Larrandaburu (Eusko Ikaskuntza) eta Paxkal Indoren (Euskal Herriko Garapen Kontseilua) eskutik.