Noiz argitaratua Osteguna, 2014.eko Apirilak 10

N-121-A errepidean istripu kopurua murrizteari buruzko bi ebazpenak onetsi dira

Aralar-Nabaik istripu ugariko tarteetako arrisku faktoreei buruzko azterlan bat eskatzen du eta PPNk Belaten barna Iruñetik Frantziarako tarte osoa bikoiztea proposatzen du

Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat aho batez onetsi du gaur zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen den “aldian behin eskualdeko udal-arduradunekin bil dadin, N121-A errepidean trafikoa hobetze aldera hartzen diren neurrien jakinean egon daitezen beti eta bertan gertatzen diren istripuak gutxitu daitezen”.

Onetsi den ebazpenak bigarren idatz-zati bat du non, halaber, Nafarroako Gobernua premiatzen den “azterlan bat egin dezan istripu ugariko tarteetako arrisku faktoreei buruz, eta tarte horietako segurtasuna bermatzeko behar diren egokitzapenak egin ditzan”.

Era berean eta hirugarren idatz-zati batean, Nafarroako Gobernua premiatzen da “abiadura-mugak murritz ditzan arriskutsuak izan daitezkeen puntuetan, eta muga horiek betetzen direla zaindu dezan”.

Azkenik, Foru Komunitateko Gobernua premiatzen da “alderdi horretako beharrizanei egiaz erantzunen dien garraio publikoa susta dezan”.

Zioen azalpenean, Bildu-k eta Aralar-Nabaik bultzatu duten ebazpenak bere egiten du udalek Nafarroako Gobernuaren aldetiko “utzikeria” dagoelako irudipena dela-eta sentitzen duten ondoeza, izan ere, “edukiera handiko trafikoak dakarren arrisku etengabea, abiadura handiegiak eta zoruaren itsaspen ezak dakartzaten arrisku etengabea” gutxitzeko “neurririk hartu gabe jarraitzen baitu”; errepidea Frantzia eta Iruña Endarlatsaren bidez lotzeko ibilbide nagusia da.

www.parlamentodenavarra.es
• Mozioaren argitalpena (NPAO, 23. zk., 2014/02/07koa)

Nafarroako Gobernua Belaten barna Iruñetik Frantziara doan N-121-A errepideko tarte osoa bikoizteko aukera azter dezan premiatzen duen ebazpena onetsi dute

Gobernua premiatzen da Gipuzkoako Aldundiarekin harremanetan jartzera eta eskualdeko alkateen zein alorreko profesionalen eskariei erantzun diezaien

Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat aho batez onetsi du gaur zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen den “N-121-A errepideko Iruña-Frantzia tarte osoa sartzera Belateko tunelen bikoizketari buruz 2014an eginarazi asmo duen azterlan informatiboan. Azterlan horrek aukera ezberdinak aztertu beharko ditu, bai eta, besteak beste, obraren bideragarritasuna, gizartearen, ekonomiaren, ingurumenaren eta lurraldearen ikuspuntutik”.

Onetsi den ebazpenak bigarren idatz-zati bat du non, halaber, Nafarroako Gobernua premiatzen den “bere konpromisoa erakustera, Belaten barna doan Iruñetik Frantziarako errepidean galtzada bikoitza paratzeko, bai bikoizketa eginez, bai N-121-A errepidean autobia bat eginez, egindako azterlanen arabera”.

Era berean eta hirugarren idatz-zati batean, Nafarroako Gobernua premiatzen da “udal ordezkariek, entitate profesionalek edo bestek proiektu horri egiten ahal dizkioten proposamenak aintzat hartzera”.

Gainera, Foru Komunitateko Gobernua premiatzen da “Gipuzkoako Aldundiarekin harremanetan jartzera, N-121-A errepide osoaren bikoizketa lortzeko”.

Amaitzeko, eskatzen da “azterlan horren ondorioak sartzea errepideen planaren berrikuspenean edo etorkizunean egiten diren planetan”.

Zioen azalpenean, PPNk bultzatu duen ebazpenak dioenez, “edukiera handiko ardatzen artean”, Belaten barna Iruñetik Frantziara doan N-121-A errepidea da “bikoiztu gabe dagoen errepide bakarra”. Egoera hori erabilerari “kontrajartzen zaio”, izan ere, 2012an N-121 errepidearen erabilera Pirinioetako autobiarena baino handiagoa izan zen (2.700 eta 13.500 ibilgailu bitarte), bai eta Bideko autobiako Lizarra-Viana tartearena baino handiagoa ere (5.700 eta 8.000 ibilgailu bitarte). Errepideko zirkulazio-intentsitatea 2012an honakoa izan zen: 10.500 ibilgailu egunean bere bi muturretan, eta 7.000, erdialdean. Nafarroako edukiera handiko ardatzetan adierazlerik altuena da, ibilgailu pisuen presentzia zirkulazioaren % 31 egiterainokoa izaki, Iruñeko saihesbidea barne”, (% 6 eta 19 bitartekoa).

Gauzak horrela, proposatu duen taldearen ustez, beharrezkoa dela eskualdeko “alkateen eta gidariek errepidean hobekuntzak egiteko eskariei erantzutea”, are gehiago azken urteotan Nafarroa-121 errepidean izandako trafiko-istripuen kopurua igo denetik.

www.parlamentodenavarra.es
• Mozioaren argitalpena (NPAO, 31. zk., 2014-02-21ekoa)