Noiz argitaratua Asteazkena, 2021.eko Maiatzak 5

Nafarroa harrera eta elkartasun lurraldea izan dadin eskatu diete Nafarroako ordezkari politikoei bost ikastetxetako ikasleek

Unai Hualdek nabarmendu du Parlamentua engaiatuta dagoela migratzaileen eta errefuxiatuen egoerari konponbidea ematera, eta balioan jarri du Alboan Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundearen lana

Alboan GGKEk antolatuta, Nafarroako Parlamentuak bilera bat egin du gaur zenbait ikastetxetako ikasleekin eta ordezkari politikoekin. Bilera Más allá de las fronteras – Mugetatik haratago hezkuntza-proiektuaren baitan egin da, zeina Nafarroako ikastetxeetan migrazioaren eta errefuxiatuen gaia jorratzeko gida gisa balio izan baitu.

 

Ekitaldia Osoko Bilkuren aretoan egin da, eta San Ignazio ikastetxeko, Carlos III.a ikastetxeko, Hijas de Jesús ikastetxeko, Navarro Villoslada BHIko eta Sagrado Corazón ikastetxeko ikasle eta irakasleek, Alboan GGKE Fundazioko kideek eta talde parlamentario guztien nahiz foru parlamentarien elkartearen ordezkariek parte hartu dute.

 

Legebiltzarreko lehendakari Unai Hualdek eman dio hasiera ekitaldiari. Hualdek eskerrak eman nahi izan dizkio Alboan erakundeari, “migratzaile eta errefuxiatuekiko elkartasun, harrera eta gizarteratze kultura baten aldeko apustua” egiteagatik, arazo horrek “Parlamentua arduratzen eta kezkatzen baitu”.

 

Lehendakariak azpimarratu du migratzaileek eta errefuxiatuek egunero bizi duten egoerari “elkarte-sarearen eskutik” aurre egin behar zaiola; bere ustez, komenigarria da Garapen Jasangarriko Helburuak jendarteratzea –Parlamentuak horiekiko “konpromiso irmoa” du–, “gure hirian, gure erkidegoan, gure ingurune hurbilenean aplikatzeko, baina baita gurea baino egoera sozial eta ekonomiko okerrago duten beste herrialde batzue ikastan ere”.

 

Bukatzeko, lehendakariak gogora ekarri du Parlamentuak pobrezia eta bazterkeria desagerrarazten laguntzeko konpromisoa hartu duela, orain dela pare bat hilabete Gizarte Entitateen Plataformarekin sinatutako Pobreziaren eta Desberdinkeriaren aurkako Nafarroako Itunean jasotakoarekin bat. “Logikoa den bezala, ez daukagu hagaxka magikorik, eta pobrezia egoerak ezin ditugu egun batetik bestera aldatu, lan horrek urteak eta urteak eskatzen dituelako, eta beste erakunde batzuek ere egin behar dute nork bere ekarpena: txikienetatik –udaletatik– hasi eta handienekin buka –estatuetako gobernuak–, Parlamentu hau, Europako Parlamentua eta beste entitate batzuk ahaztu gabe”.

 

Alboaneko hezkuntzako arduradun Ani Urretavizcayak eskertu egin du ekitaldia egiteko aukera eman izana, Parlamentua bezalako “toki garrantzitsu eta esanguratsu” batean, eta eskerrak eman dizkie ikasleei nahiz irakasleei, aldez aurretik egindako hausnarketagatik eta lanagatik.

 

Urretavizcayak balioan jarri du “Mugetatik haratago” proiektua, zeinak “herritartasun kritiko, konprometitu eta aktibo bat sustatzea bilatzen baitu, horrenbeste pertsonaren sufrimendua ikusita axolagabe bizi ez dena. Erdigunea migrazioaren eta aterpearen errealitatean nahiz harrerako gizarte inklusibo bat sortzeko premian jartzen duen hezkuntza-proiektu bat da”.

 

22 ikastetxe baino gehiagok parte hartu dute “lekuz aldatzera behartutako 80 milioi pertsona baino gehiagoren errealitatea” ezagutaraztea bilatzen duen ekimenean. Proiektu honi esker, parte-hartze, mobilizazio eta eragin politikoa eskaintzen ditugu. Ikasleak protagonista bihurtuta, pertsona guztien eskubideak aldezteko bideak eta moduak ezagutzen ahal dituzte ikasleek”.

 

Jarraian, bost ikastetxe horietako ikasleek Mugetatik haratago proiektuaren baitan azken hilabeteotan egindako lanaren eta ateratako ondorioen berri eman dute. Hauexek dira parte hartu duten ikasleak: Egoitz Cabalgante (Carlos III.a ikastetxe teknikoa), Alyson Espinosa (Sagrado Corazón ikastetxea), Sara Azanza (San Ignacio ikastetxea), Itziar Castro (Hijas de Jesús ikastetxea) eta Josune Saraza (Navarro Villoslada BHI).

 

Ordezkari politikoen txandan, Navarra Sumako Pedro Gonzálezek azpimarratu du beharrezkoa dela elkartasuna sustatzea, “justizia sozialaren bermea baita. Egunez egun lanaren eta gizarte-konpromisoaren bidez eta, batez ere, eredu izanez lantzen den balioa da. Eredu izate hori gizarte osoari dagokio, betiere erakundeak aitzindari direla”. Bukatzeko, Alboanen lan “paregabea” balioan jarri du eta egin zaion interpelazioa dela-eta eskertuta agertu da.

 

PSNko Arantza Biurrrunek bat egin du proiektuaren helburuarekin: “herritartasun kritiko, konprometitu eta aktibo bat sustatzea”. Haren esanetan, errealitate horiek ezagutzeak ahalbidetzen du “haien zapatak janztea, desberdina denari beldurrik ez izatea eta hodeiertz mentalak zabaltzeko aukera baliatzea eta harrien pisua duten aurreiritzien motxila kentzea”. Biurrunek adierazi duenez, “zuen mintzaldiak entzunda, bada esperantzarako tokirik”. Amaitzeko, Nafarroak harrerako lurralde izaten jarraitzea erreibindikatu du.

 

Geroa Baiko Isabel Aramburuk adierazi du ezen “mugetatik haratago dagoena Nafarroarentzat eraiki nahi dugun gizartea” dela, “gizarte irekiagoa, demokratikoagoa, abegitsuagoa, bidezkoagoa eta inklusiboagoa. Hori da politikaren izateko arrazoia, eta horretarako gaude hemen. Pertsona bakoitzaren duintasuna bere egoeraren gainetik dago; horrenbestez, ezin dugu onartu gorrotozko edo arbuiozko diskurtsorik”.

 

EH Bilduko Laura Aznalek defendatu du ezin garela“ ohitu pertsonak kopuruak edo estatistikak balira bezala tratatzera”; horretarako, Aznalek esan duenez, “funtsezkoak dira kontzientziazio-lan horiek eta elkartasuna zer den ulertzea”. Haren ustez, migrazio-fenomenoak dira “Europar Batasunak duen erronkarik handiena. Gu arazoei errotik heltzearen alde gaude, eta horretarako pentsatu egin behar dugu ea gutako bakoitzak zertan lagun dezakeen halakorik gerta ez dadin”.

 

Izquierda-Ezkerrako Marisa de Simónek balioan jarri du Alboanek egiten duen lan “garrantzitsua, zeinaren bidez laguntzen baitu beren etxeetatik ihes egin behar duten milaka eta milaka familiak pairatzen duten errealitatea ezagut dezan Nafarroako gizarteak. Kontua da pertsona horiei segurtasuna eta elkartasuna ematea”. Haren ustez, garrantzitsuena da “onartzea pertsona horiek guztiek dauzkatela eskubide berberak, eta gure betebeharra da haiei behar bezalako baldintzak eskaintzea hori horrela izan dadin. Konponbidea politikoa da argi eta garbi, eta horregatik da inportantea pertsona horiei bizi-baldintza duinak ahalbidetzeko akordioak har ditzaketen gehiengo politikoak taxutzea”.

 

Azkenik, Ana Marta Oneca (Carlos III.a ikastetxea), José Mari Aymerich (Sagrado Corazón ikastetxea), Miguel Iriberri (San Ignacio ikastetxea), Arturo Balbuena (Hijas de Jesús ikastetxea) eta Fernando Jorajuría (Navarro Villoslada BHI) irakasleak arduratu dira ordezkari politikoei konpromisoa eskatzen dien manifestua irakurtzeaz.

Archivos adjuntos

Archivo adjuntoManifiesto