Noiz argitaratua Osteguna, 2020.eko Ekainak 25

Nafarroa Suspertu Planari buruzko Batzorde Bereziak bere txostenean jasotzen dituen erabaki proposamenak (126)

Osoko bilkuran onetsiak. 2020ko ekainaren 25ean

Parlamentuaren osoko bilkurak gaur Nafarroa Suspertu Planari buruzko Batzorde Bereziak egindako irizpena onetsi du, PSN eta Geroa Bairen aldeko botoekin eta Navarra Sumaren, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta Izquierda-Ezkerraren abstentzioekin. Aurkeztutako 168 proposamenetatik 126 baliozkotu dira eta Legebiltzarraren ekarpenak Nafarroako Gobernuari igorriko zaizkio. Hala ere, irizpenean jasotako neurriak ez dute izaera loteslerik.

 

Nafarroa Suspertu Plana Nafarroako Gobernuak sustatutako programa bat da, koronabirusak sortutako krisi ekonomiko, sozial eta sanitarioaren aparteko larritasunari ahalik eta azkarren erantzuteko helburua duena. Parlamentuaren "zilegitasuna eta eraginkortasuna" baliatuz, Foru Gobernuak irekitako parte-hartze prozesuan bere ekarpenarekin lagundu nahi izan du.

 

Hauek dira onetsitako 126 ebazpenak, Departamentuka banatuta:

 

Ekonomia eta Ogasun Departamentua


Eztabaidaturiko 18 erabaki proposamenetatik, Batzordeak 9 onetsi ditu (horietako bat in voce proposamena): 1 Navarra Sumarena, 1 Geroa Bairena, 1 Podemos-Ahal Dugurena, 2 EH Bildurenak, 3 I-Erenak eta beste 1 PSN, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek elkarrekin aurkeztua). Hauek dira:


-”Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Nafarroako Zerga Ogasunak konpromisoa har dezan beharrezkoak diren baliabide gehigarri guztiekin lehenesteko tributu bakoitzaren arauditik eratorritako itzultze-prozeduren izapidetzea, sarrera bidegabeen itzulketa-eskarien prozedurena, eta organo ekonomiko-administratibo eta/edo judizialek zerga-kontzeptu ezberdinengatik Tributu Administrazioaren aurrean zergadunaren alde emandako ebazpenen exekuzioena. Arazo hori bereziki nabarmena da BEZaren kasuan”. Navarra Sumak aurkeztua. Navarra Suma, PSN, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta EH Bilduren aurkako botoarekin onetsi da.

 

-”Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Espainiako Gobernuarekiko elkarrizketari berrekin diezaion, Hitzarmenaren negoziazioaren esparruan trafiko arloko eskumenen eskualdatzea, jada hasita dagoena, arintzeko eskatze aldera eta beste eskumen batzuk ere –espetxe-osasungintza, I+G+b eta ikasteko bekak eta laguntzak– aintzat hartzeko”. Geroa Baik aurkeztua. Aho batez onetsi da.

 

- “Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du ondoko neurriak jaso ditzan Nafarroa Suspertu Planean:

 

a) Iruzur fiskalaren aurkako neurriei buruzko apirilaren 17ko 14/2013 Foru Legea aldatzeko Foru Lege proiektua igor dezan Legebiltzar honetara. Proiektuan, “Nafarroan 2006tik 2016ra bitarteko iruzur fiskalaren diagnostikoa eta ezkutuko ekonomiaren balioespena egiten duen azterlana” izenekoan jasotako gomendioei jarraikiz, Iruzur fiskalaren Behatokia eratzea jasoko da, eta horrela beteko da Parlamentuaren Osoko Bilkurak 2019ko urriaren 7an aho batez onetsitako mozioa.

 

b) Areagotzea Nafarroako Foru Ogasuna erakunde autonomoan berariaz iruzur fiskalaren eta ezkutuko ekonomiaren aurkako borrokan jarduten duten langileen kopurua, Europako batez besteko enplegatu kopurura iristeko; izan ere, Nafarroan Ogasuneko ia bost enplegatu besterik ez dago 10.000 biztanleko, Frantzian 17 edo Alemanian 14 dauden bitartean”. EH Bilduk aurkeztua. Aho batez onetsi da.

 

- “Nafarroako Gobernua premiatzen da erabaki bat har dezan, Hitzarmen Ekonomikoak ematen dizkigun aukerak baliatuta, Espainiako Gobernuarekin zorpetze-politika berri bat negoziatzeko, gure errealitatera eta beharrizan ekonomikoetara egokitua eta gizarte gisa ditugun erronkei begirakoa. Hori dela eta, premiazkoa da Estatuarekin bide-orri fiskal eta finantzario propioa adostea, beharrezkoak izanen ditugun politika publikoak finantzatu ahal izateko”. Bide-orri horrek zorpetzerako eta defizit publikorako muga berriak ezarri beharko ditu eta gastu-araua gainditu beharko du, baita udal mailan ere, faktore horiek izan baitira orain arte galarazi dutenak azken urteotan metaturiko gastu orokorretarako gerakina eta pasa den ekitaldiko superabit osoa inbertitu ahal izatea”. EH Bilduk aurkeztua. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren kontrako botoarekin onetsi da.

 

- “Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du azter dezan Nafarroako Foru Komunitatean ondare handientzako edo aberastasunaren gaineko zerga bat onesteko aukera eta hura ezartzeko beharrezkoak diren legegintza-neurriak onets ditzan. Gainera, Foru Gobernua premiatzen da genero-ikuspegia, ezgaitasun-ikuspegia eta Garapen Jasangarriaren Helburuekin eta 2030eko Agendarekin hartutako konpromisoak aintzat har ditzan”. Podemos-Ahal Duguk aurkeztua. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren kontrako botoarekin onetsi da.

 

- “1. Nafarroako Parlamentuak uste du beharrezkoa eta premiazkoa dela Espainiako Gobernuak eta Gorte Nagusiek ekin diezaioten 2011n onetsitako Konstituzioaren 135. artikuluaren erreforma indargabetzeari, eta Nafarroako Gobernua premiatzen da indargabetze hori babestu eta eska dezan.

 

2. Nafarroako Parlamentuak uste du beharrezkoa eta premiazkoa dela Espainiako Gobernuak eta Gorte Nagusiek ekin diezaioten Aurrekontu-egonkortasunari eta finantza-iraunkortasunari buruzko 2/2012 Lege Organikoa indargabetzeari, eta Nafarroako Gobernua premiatzen da indargabetze hori babestu eta eska dezan”. Izquierda-Ezkerrak aurkeztua. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren kontrako botoarekin onetsi da.

 

- “Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du enpresentzako laguntza, dirulaguntza eta onura fiskalei buruzko araudia alda dezan eta horiek emateko baldintza gisa ekoizpena eta enplegua ez deslokalizatzeko berme zorrotz eta eraginkorragoak ezar ditzan”. Izquierda-Ezkerrak aurkeztua. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren kontrako botoarekin onetsi da.

 

-”Nafarroako Parlamentuak uste du ezinbestekoa dela Europar Batasunak eta bere estatu kideek enpresen irabazien eta kapital-errenten tributaziorako esparru fiskal komun bat adostu eta onestea, eta Nafarroako eta Espainiako gobernuak premiatzen ditu EBko erakundeen aurrean harmonizazio hori babestu eta exigitu dezaten”. Izquierda-Ezkerrak aurkeztua. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren kontrako botoarekin onetsi da.

 

- ”Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du:

 

Iruzur fiskalaren, ezkutuko ekonomiaren eta deklaratu gabeko enpleguaren aurkako borroka areagotu eta xede horretara bideratutako giza baliabideak eta baliabide materialak handitu ditzan, foru erkidegoaren diru-kutxarako diru-bilketa hobetzeko.

 

2020an zehar aurkez dezan tributuen arloko foru-araudiko zuzeneko zergen onura fiskalen eraginkortasuna eta efizientzia aztertzeko txostena, Sozietateen gaineko Zergaren onura fiskalen azterketari lehentasuna emanez”. PSNk, Geroa Baik, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek aurkeztua. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren abstentzioarekin onetsi da.

 

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentua

 

Eztabaidaturiko 16 erabaki proposamenetatik, Batzordeak 12 onetsi ditu: 1 Navarra Sumarena, 3 EH Bildurenak, 3 Podemos-Ahal Dugurenak, 1 I-Erena, 3 PSNk, Geroa Baik eta Podemos-Ahal Duguk elkarrekin aurkeztuak eta beste 1 PSNk, Geroa Baik, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek sinatua). Honako hauek dira:

 

- “Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du plan bat sor dezan, zeinean baliabide eta irizpide objektiboak jasoko baitira foru-administrazioan –justizia-administrazioa barne– telelana modu ordenatu eta sistematizatuan sartzeko, hura sendotzeko bidean.

 

Telelana kudeaketa publikoan txertatutako tresna bihurtzeko neurriak ezartzea, erabilitako jokabideak eta baliabideak sendotuz eta hobetuz. Eta plantilla organikoetako lanpostuen definizioan telelanaren alternatibak kontuan hartzea, eta telelana banatzeko inguruabarrak eta ehunekoak ezartzea, antolamendu-irizpide objektiboen eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren irizpidearen arabera.

 

Horretarako, beharrezkoa da aldez aurreko diagnostiko bat izatea, departamentuka xehatutako azterketa bat, egungo egoera ezagutzeko eta foru-administrazioan telelana sendotzearen bidean aurrera egiteko beharrezkoak diren behar teknikoak ezagutzeko". Navarra Sumak aurkeztu du. Aho batez onetsi da.

 

- "Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du honako neurri hauek sar ditzan Nafarroa Suspertu Planean:

 

a).-Estatuarekin negoziatzea, Estatuko aurrekontu-legeriatik "birjarpen-tasa" delakoa ezabatzeko, zeinak ezarri zenetik ezegonkortasun eta behin-behinekotasun handia eragin baitu zerbitzu publikoetan.

 

b).-2021etik 2023ra bitarteko aldian, enplegu publikoa sendotzeko beharrezkoak diren lan-eskaintza publikoak garatzea, egiturazko lanpostuetan behin-behinekotasun tasa % 8tik behera jaisteko, batez ere hezkuntzaren eta osasunaren arloetan.

 

c).-Foru-administrazioaren erreforma demokratikoa sustatzea, profesionaltasun-, gaitasun- eta eraginkortasun-printzipioei jarraituz funtziona dezan, herritarrei zabalik egon dadin eta funtzionarioek jardun publikoan parte har dezaten. Horretarako, Nafarroako Gobernua premiatzen da, legegintzaldi honetan onesteko denbora nahikoarekin, Nafarroako Foru eta Toki Administrazioan ordezkaritza duten sindikatuekin partaidetza- eta negoziazio-prozesu bat egin ondoren, Parlamentuari aurkez diezaion Funtzio Publikoaren Estatutu berri baten foru lege proiektu bat, irizpide horietara egokitua, Nafarroako enplegu publikoaren printzipio informatzaileak eta haren alderdi guztiak arautuko dituena: eskubideak eta betebeharrak, erantzukizuna, lanaldia (telelana barne), plangintza, sailkapena, sarbidea (eskakizunak, eskuratzea eta galtzea, hautaketa-prozesuak eta -sistemak, hautaketa-organoak), prestakuntza, NAPI, langile finko eta bitarteko guztien karrera profesionala (modalitateak, bertikala eta horizontala), administrazio-egoerak, ordainsari-sistema, diziplina-araubidea, ordezkaritza-organoak eta negoziazio kolektiboa...

 

d).-Nafarroako Foru Administrazioaren menpeko larrialdietako zerbitzu publikoak indartzea eta "pandemia bidezko arrisku-egoeretarako Babes Zibileko Plan Berezia" egitea, lehendik dauden babes zibileko plan bereziek dutenaren antzeko eskemarekin. Plangintza horrek honako hauek jaso beharko ditu: plana bera aktibatzea, haren zuzendaritza, aholkularitza-organo edo -batzorde posible propioak edo diziplinartekoak (osasuna, polizia, gizarte zerbitzuak, boluntariotza, beste administrazio batzuk...), baliabideen katalogoa, funtzio eta misio posibleak, baliabideen eta langileen aktibazioa, komunikazio-sistemak, eta abar". EH Bilduk aurkeztua. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren abstentzioarekin onetsi da.

 

- “Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du mahai baterako dei egin dezan, zeinean parte hartuko baitute Nafarroako Berdintasunerako Institutuak, Parlamentuko ordezkaritza politikoak, ordezkaritza sindikalak, mugimendu feministaren ordezkaritza pluralak, emakumeen elkarteek, zaintza-sareek eta prebentzio-ekintzako zerbitzuek, emakumeen zainketa-lanen eta pairatzen dituzten indarkerien eta lan-prekarietatearen gaiari erantzunen dion jarduera-plan bat egiteko. Plan horrek epe laburrerako eta luzerako neurriak jaso behar ditu, eta neurri hauek inplementatu behar ditu, besteak beste:

 

a).-Gizarte- eta osasun-zerbitzuek (auzo-unitateak, oinarrizko gizarte-zerbitzuak eta osasun-zentroak) indarkeria matxistako kasuak detektatu eta koordinatu ahal izateko protokolo bat egitea, zeinean sartuko baita osasun-arloko eta gizarte-arloko profesionalak prestatzea.

 

b).-Nafarroako Berdintasunerako Institutuak egindako azterketa, konfinamenduak zainketen banaketan eta emakumeekiko laneko gainkargan izan duen eragina aztertzeko.

 

c).-Familia-topaketen irekiera eta zerbitzuaren xedea une oro bermatzea.

 

d).-Sektore feminizatuetako lan-baldintzak hobetzeko eta soldata-arrakala ezabatzeko neurriak.

 

e).-Familietan, administrazioaren barruan eta kanpoan, zainketak berrantolatzeko neurriak (atseden-guneak sortzea, pertsonak kontratatzeko laguntzak, lantoki guztietan ordutegia malgutzeko neurriak...).

 

f).-Etxeko langileak erregularizatzea, arlo horretako diskriminazioarekin amaitzeko, eta neurri zehatzak ezartzea pertsona horien kontratazioak kontrolatzeko eta bermatzeko, eta sektoreko hitzarmen bat onestea, lan-baldintza duinak hobetu ahal izateko”. EH Bilduk aurkeztua. Aho batez onetsi da.

 

- "Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Nafarroa Suspertu planean honako neurri hauek sar ditzan:

 

1. Hezkuntza ez-formaleko espazioak, prebentzio komunitarioko zerbitzuak eta adingabeak zaintzeko guneak ekainean, uztailean eta abuztuan irekitzeko ezarritako osasun-irizpideak (ratioak, espazio fisikoak...) premiaz ezartzea; horien artean, beharrezkoa izanez gero, ikastetxeetan eta haur-eskoletan espazioak erabiltzea aurreikusi ahal izanen da.

 

2. Premiaz deitzea departamentuen arteko batzordea (gizarte-eskubideak, berdintasuna, osasuna, hezkuntza), tokiko erakundeekin, arreta komunitarioko zerbitzuekin, zaintza-sareekin eta boluntarioekin batera, uda honetan gazteei eta adingabeei zuzendutako espazioen –komunitarioak, jolaserakoak eta hezkuntza ez-formalarenak– plangintza bat egiteko, ikuspegi komunitario batetik koordinatuta.

 

3. 12 urtetik beherakoak, adinekoak edo/eta mendetasun- edo desgaitasun-egoeran daudenak zaintzeko laguntza ekonomikoko programa bat sortzea, errentaren arabera, baldin eta egiaztatzen bada ezin dela beste bateratze-neurririk hartu. Nafarroako Gobernuak ahalik eta lasterren arautuko ditu eskaerak egiteko eta ebazteko baldintzak, errenta-tarteak, zenbatekoa eta prozedura.

 

4. Toki entitateentzako eta gizarte-entitateentzako aurrekontu-partida bat onartzea, gazteei eta haurrei zuzendutako programa komunitarioak, hezkuntza ez-formala eta hiri-kanpalekuak ezartzen laguntzeko”. EH Bilduk aurkeztua. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkako botoekin onetsi da.

 

- “Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du ondoko hauek egin ditzan:

 

Giza garapen jasangarrirako ezinbestekoa den balioen aldaketa bultzatzea eta sendotzea, maskulinotasun hegemonikoak, androzentrismoak, sexismoak eta matxismoak zeharkatu gabeko balioak ezartzeko, emakumeen eta gizonen berdintasuna, emakumeen giza eskubideekiko errespetua eta beren herritartasunaren sustapena garatu eta txertatu ahal izateko printzipio filosofiko, etiko eta politikoak jasoko dituztenak.

 

Nafarroak behar duen eredua diseinatzea, indarkeria mota guztien biktima diren emakumeak artatzeko, berreskuratzeko eta gizarteratzeko baliabide gisa. Eredu horretan, talde integralak bilduko dira, indarkeria desberdinen espezialitateei arreta emanen dietenak, beren errekuperazio-prozesuan, ahalduntzean eta erabateko autonomia bilatzean emakumeei laguntzeko. (Emakumeen aurkako indarkeriaren kontra jarduteko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legea honako hauek jasotzen ditu haren agerkari gisa: bikotekidearen edo bikotekide ohiaren indarkeria, sexu-indarkeriaren mota guztiak, feminizidioa, emakumeen eta nesken trafikoa, sexu-esplotazioa, hitzartuta edo behartuta gazteegi ezkonaraztea, edota emakumezkoen genitalen mutilazioa.

 

Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarekin batera, sentsibilizazio-, kontzientziazio- eta alerta-kanpainak ezartzea, udal bakoitzak dituen bitartekoak erabiliz, hala nola tokiko irratia, udal-buletina, udal-bandoak, eta abar, eta horren partaide egitea saltokien sarea, jatetxeak, liburu-dendak eta indarkeriaren biktima den emakume bati arreta eman diezaiokeen beste edozein establezimendu (adibidez: Maskara 19).

 

Proposamen guztiek genero-ikuspegia, desgaitasun-ikuspegia eta Garapen Jasangarriaren Helburuekin eta 2030eko Agendarekin hartutako konpromisoak jasoko dituzte”. Podemos-Ahal Duguk aurkeztu du. Aho batez onetsi da.

 

- “Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du honako hauek egin ditzan:

 

Estatuarekiko Hitzarmen Ekonomikoaren negoziazio- eta koordinazio-batzordeen bidez negoziatzea birjarpen-tasa ezaba dadila, Nafarroako Foru Administrazioaren bitartekotasun- eta behin-behinekotasun-maila jasanezinak murrizteko.

 

Genero-ikuspegia, desgaitasun-ikuspegia eta Garapen Jasangarriaren Helburuekin eta 2030eko Agendarekin hartutako konpromisoak jasotzea”. Podemos-Ahal Duguk aurkeztu du. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren abstentzioarekin onetsi da.

 

- “Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du ondoko hauek egin ditzan:

 

Nafarroa barneko Erasmusa” ekimenaren lehen proba pilotu bat bultzatzea, Unibertsitate, Berrikuntza eta Transformazio Digitaleko Departamentuaren, Lurralde Kohesioko Departamentuaren, Landa Garapeneko Departamentuaren, Hezkuntzako Departamentuaren eta Nafarroako Gazteriaren Institutuaren artean koordinatua, unibertsitateko eta lanbide heziketako ikasle gazteek beren prestakuntza osa dezaten despopulazioak bereziki mehatxatutako edo astindutako udalerri eta eskualdeetan.

 

Genero-ikuspegia, desgaitasun-ikuspegia eta Garapen Jasangarriaren Helburuekin eta 2030eko Agendarekin hartutako konpromisoak jasotzea”. Podemos-Ahal Duguk aurkeztu du. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkako botoekin onetsi da.

 

- “1. Nafarroako Parlamentuak beharrezkotzat eta premiazkotzat jotzen du Estatuko Gobernuak indargabe utz dezan lan eskaintza publikoak deitzeko ahalmena mugatzen duen Estatuko oinarrizko araudia, eta Nafarroako Gobernua premiatzen du indargabetze hori babestu eta eska dezan.

 

2. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du dei egin eta garatu ditzan bikaintasuneko zerbitzu publikoak eskaintze aldera Nafarroako administrazio publikoek behar adina langile funtzionario izateko beharrezkoak diren LEP guztiak eta hautaketa-prozedura guztiak.

 

3. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du handitu eta doitu ditzan Nafarroako administrazio publikoetako plantilla organikoak, ematen dituzten zerbitzuei erantzuteko eta herritarren beharrizanei erantzuteko behar diren lanpostuen kopuruari dagokionez, bai eta herritarrei kalitatezko erantzun espezializatua emateko egokienak diren profil profesionalei dagokienez ere”. Izquierda-Ezkerrak aurkeztu du. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren abstentzioarekin onetsi da.

 

- “Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du ondoko hauek egin ditzan:

 

1. Entitate berri bat sustatzea, Nafarroako Foru Komunitateko herritar guztientzat baliagarria izanen dena, larrialdien arloko premiei erantzun arin eta integrala emateko, esku-hartze operatiboaren ikuspegitik eta larrialdi handi eta txikien prebentzioari heltzeko aukeraren ikuspegitik.

 

2. Autobabeserako plan berezi baten garapena eta sustapena bultzatzea, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarekin elkarlanean, administrazio horiek dituzten neurriak eta giza baliabideak eta baliabide materialak ezar daitezen, hautemandako arriskuak kontrolatzeko eta larrialdi-egoerei aurre egiteko, hala nola COVID-19ak eragindakoa, eta Larrialdi Zerbitzuen esku-hartzea errazteko”. PSN, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek aurkeztu dute. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoarekin, EH Bilduren abstentzioarekin eta Navarra Sumaren aurkako botoarekin onetsia.

 

- 1. “Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du hezkuntza ez-formaleko espazioak, prebentzio komunitarioko zerbitzuak eta adingabeak zaintzeko guneak ekainean, uztailean eta abuztuan irekitzeko ezarritako osasun-irizpideak (ratioak, espazio fisikoak...) premiaz ezar ditzan; horien artean, beharrezkoa izanez gero, ikastetxeetan eta haur-eskoletan espazioak erabiltzea aurreikusi ahal izanen da.

 

2. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du premiaz dei dezan departamentuen arteko batzordea (hartan Lehendakaritzako Departamentua, Garapen Ekonomikorako Departamentua, Eskubide Sozialetako Departamentua, Lurralde Kohesioko Departamentua eta Hezkuntza Departamentua, toki entitateekin, arreta komunitarioko zerbitzuekin, zaintza-sareekin eta boluntarioekin batera), uda honetan gazteei eta adingabeei zuzendutako espazioen —komunitarioak, jolaserakoak eta hezkuntza ez-formalarenak— plangintza bat egiteko, ikuspegi komunitario batetik koordinatuta.

 

3. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du 12 urtetik beherakoak, adinekoak edo/eta mendetasun- edo desgaitasun-egoeran daudenak zaintzeko laguntza ekonomikoko programa bat sor dezan, errentaren arabera, baldin eta egiaztatzen bada ezin dela beste bateratze-neurririk hartu. Nafarroako Gobernuak ahalik eta lasterren arautuko ditu eskaerak egiteko eta ebazteko baldintzak, errenta-tarteak, zenbatekoa eta prozedura.

 

4. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du toki entitateentzako eta gizarte-entitateentzako aurrekontu-partida bat sor dezan, gazteei eta haurrei zuzendutako programa komunitarioak, hezkuntza ez-formala eta hiri-kanpalekuak ezartzen laguntzeko”. PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Duguk aurkeztu dute. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkako botoekin onetsi da.

 

- “1. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan lan ez-presentzialaren erregulazioa susta dezan, eta, halaber, enpresa pribatuan sustapen-neurriak har ditzan "normaltasun berriaren" fasean, familia nafarren kontziliazioa eta erantzunkidetasuna errazteko.

 

2. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du bultza dezan Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuaren jardueraren berrikustea, aurreikusi ezin diren eta konplexuak diren egoeren aurrean, hala nola COVID-19aren pandemiarekin gertatutakoa”. PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Duguk aurkeztu dute. Aho batez onetsi da.

 

- 1. “Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du eragin dezan Nafarroako Gazteriaren Institutuak parte har dezala gazteriari eragiten dioten Nafarroa Suspertu planeko politika guztien zeharkakotasunean; hala nola, enpleguaren prekarietatea, kalitatezko hezkuntza, aisialdi osasungarria eta etxebizitza eskuratzeko zailtasunak.

 

2. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du hezkuntza ez-formala babestu eta bultza dezan, Nafarroako Gazteentzako Jardueren Eskolaren (NGJE) eskaintza oso baten bidez, bai eta prestakuntzarako laguntza-programa batzuen bidez ere.

 

3. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du gazteen ekintzailetzarako trebetasunak, gaitasunak eta gaitasunak garatu ditzan, gizarte-ekonomia sustatuz”. PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Duguk aurkeztu dute. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren abstentzioarekin onetsi da.

 

Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentua

 

Eztabaidaturiko 14 erabaki proposamenetatik, Batzordeak 10 onetsi ditu: 1 Navarra Sumarena, 2 EH Bildurenak, 1 Geroa Bairena, 1 Podemos-Ahal Dugurena, 2 I-Erenak, 1 PSNk, Geroa Baik eta Podemos-Ahal Duguk elkarrekin aurkeztua, 1 PSN eta Geroa Bairena eta beste 1 PSNk, Geroa Baik, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek sinatua. Honako hauek dira:

 

- "Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du 2020ko ekitaldia amaitu aurretik abian jar dezan etxebizitza-parke propioa birgaitzeko plan bat, barne hartuko dituena, lehenik eta behin, gaur egun hutsik dauden eta etxebizitza babesturako eskaera egiaztatuta daukaten udalerrietan kokatuta dauden etxebizitza guztiak, eta, bigarrenik, gaur egun errentamendurako erabiliak diren eraikinak, beren antzinatasunagatik era honetako jarduketa bat beharrezkoa dutenak". Navarra Sumak aurkeztu du. Aho batez onetsi da.

 

- "Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuaren Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentua premiatzen du beharrezkoak diren araudi-aldaketak egitera, halatan 65 urte baino gehiagoko pertsonek, batez ere bakarrik edo beren ezkontidearekin bizi direnek, sarbidea izan dezaten alokairu babestuko eskaintzan, baita jadanik etxebizitza baten jabe direnean ere, baldin eta etxebizitza hori Nasuvinsa sozietate publikoak kudeaturiko Alokairu Poltsaren programarako lagatzen bada". Geroa Baik aurkeztua. Navarra Suma, PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Duguren aldeko botoekin, EH Bilduren abstentzioarekin eta I-Eren aurkako botoarekin onetsia.

 

- "Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Nafarroa Suspertu Planean neurriak jaso daitezen hark urgentziaz eta erabakitasunez esku hartzeko etxebizitza hutsen erroldaren prestaketan, zeina aipatuta baitator Nafarroan etxebizitzarako eskubidea ziurtatzeko neurri urgenteei buruzko uztailaren 2ko 24/2013 Foru Legearen azken xedapenetatik lehenengoan, jotzen baita oinarrizko lanabesa dela etxebizitza-multzoaren erabilera soziala aktibatzeko eta alokairu-parke publikoa handiagotzeko". EH Bilduk aurkeztua. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren abstentzioarekin onetsi da.

 

- "Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Nafarroa Suspertu Planean hirigintza-arloko gogoeta bat bil dadin, fruitutzat ekarriko duena gutxienez honako afera hauei erantzuna emanen dieten neurri eraginkorrak hartzea eta baliabideak abiaraztea: elkarbizitza-eredu berriak; bizigarritasun-parametroen birdefinizioa; erabilera amankomuneko guneen taxuketa aldatzea; zaharberritzea lehenestea berritik eraikitzearen aldean, horretarako, udal-plangintzak eta abar berrikustea; erabilera sustatzea, erabilera berriak abiaraztea eta etxabeei buruzko arauak aldatzea; toki entitateekin lankidetzan aritzea hitzarmenak sinatzeko eta etxebizitza, eraikin eta guneak zaharberritu eta egokitzeko ekintzak aurrera eramateko; Nafarroa Suspertu Planean deskribatzen eta bultzatzen diren enpresa-ekimen berriak kokatzeko industrialdeak abiaraztea, eskuragarritasunez, Nafarroako lurralde osoan dibertsifikatuta eta ekimen horietarako behar diren zertzeladekin". EH Bilduk aurkeztua. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren abstentzioarekin onetsi da.

 

- “Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du honako hauek egin ditzan:

 

Formulak ezartzea, Administrazioari modua emanen diotenak etxebizitza berehala erosteko, orain abian diren eraikitze-sustapenez landa, dela finantza-entitateekiko eta inbertsio-funtsekiko lagapen-hitzarmenen, harremanaren eta negoziazioaren bidez, dela helburu hori lortzeko baliagarritzat jotzen diren bestelako bideak jorratuz.

 

Konpromisoa hartzea, hurrengo aurrekontuetan igotzekoa Administrazioak etxebizitza babestua lehentasunez erosi eta atzera eskuratzeko eskubidea egikaritu ahal izatera bideraturiko partidaren zenbatekoa.

 

Egoki diren legegintza-neurriak onestea, etxebizitza babestuaren kalifikazioa epe mugagaberakoa izan dadin lortzekoak.

 

Egoki diren legegintza-neurriak onestea, bermatze aldera ezen finantza-entitateak, inbertsio-funtsak eta edukitzaile handiak behartuta egonen direla ordezko bizileku bat eskaintzera utzarazpena egikaritu aurretik.

 

Berehalakoan laburtzea merkatu askeko alokairurako laguntzak eskuratzeari dagokionez (zehazki, DAVID programakoak) eskatzen diren etxebizitza babestuaren erroldako inskribatze-epeak.

 

Behar diren legegintza-neurriak onestea, gehieneko alokairu-prezioen erreferentzia-indize bat berehalakoan ezartzeko.

 

Etxebizitza Departamentua bitartekoz hornitzea, berehalakoan abiaraz dezan etxebizitza hutsen Erregistroa, eta 24/2013 Foru Legean aurreikusitako gainerako hertsapen-tresnak.

 

Genero-ikuspegia, desgaitasun-ikuspegia eta Garapen Jasangarriaren Helburuekin eta 2030eko Agendarekin hartutako konpromisoak jasotzea”. Podemos-Ahal Duguk aurkeztu du. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkako botoarekin onetsi da.

 

- "Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Foru Komunitateko udal nagusiekin negozia dezan udal orube hutsak kudeatzeko eredu bat, Nasuvinsak modua izan dezan haietan ahalik eta kostu txikienaz eraikitzeko alokairu babestuko etxebizitza publikoak. Gobernuari proposatzen zaio azalera-eskubidea erabiltzea, bitarteko arin eta ekonomiko gisa, eraikitzeari epe laburrean ekiteko modua ematen duena, udal ondarearen galerarik gabe, eta hitzarmen horrek dirauen bitartean udalarentzako diru-sarrera konstanteak ahalbidetzen dituena". Izquierda-Ezkerrak aurkeztua. Aho batez onetsi da.

 

- “Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du honako hauek egin ditzan:

 

1. Etxebizitza publikoaren parkea handitzea, alokairu sozialeko zorroaren esku uzteko.

 

2. Eskura dituen neurri guztiak baliatzea, banku-entitateek alokairu sozialeko zorrorako eskain ditzaten Nafarroan jabetzan dituzten etxebizitzetatik ahalik eta gehienak.

 

3. Alokairuaren Zorroa sustatzeko neurriak hartzen jarraitzea, halako moduz non aurrerapausoak emanen diren alokairuko etxebizitza sozialaren gizarte-eskaerari erantzuteko, eta iraunkortasun-parametroak hobetuko diren, etxebizitza hutsak balioan jartzeagatik.

 

4. Berehalako neurriak abian jartzea Nafarroan batzuetan gertatzen diren jende-pilaketa edo erdi-pilaketa egoerei aurre egiteko, bereziki zuzenduak seme-alabak beren kargura dituzten eta beste familia-unitate batzuekin partekatutako etxebizitzetako geletan bizi diren familia gurasobakarrei etxebizitza duina ziurtatzera.

 

5. Alokairu-prezioak arautuko dituen lege bat sustatzea, halako moduz non, kokalekuaren arabera, metro karratu bakoitzeko gehieneko prezio bat ezarriko baitu". Izquierda-Ezkerrak aurkeztua. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkako botoarekin onetsi da.

 

- "Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du bultzada eman diezaion, Lehendakarien Konferentzian, sei hilabete gehiagoz luzatzeari martxoaren 31ko 11/2020 Errege Lege-dekretuko 1. artikuluan jasotzen den etetea, ordezko bizilekurik gabeko familia zaurgarriak etxegabetzeko eta haiei edukitza kentzeko prozedurarena. PSN, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek aurkeztu dute. Aho batez onetsi da.

 

- "Nafarroako Gobernua premiatzen da araugintzako tresna berezi bat abiaraz dezan, dela egungo etxebizitza-legedian txertatuz, dela bestelako formula juridiko edo programa baten bidez, malgutu eta erraztu eginen duena landa-eremuan dauden tankera tradizionaleko eraikinen zaharberritzea". PSNk, Geroa Baik eta Podemos Ahal Duguk aurkeztu dute. Aho batez onetsi da.

 

- "Nafarroako Gobernua premiatzen da azterlan bat egin dezan lankidetasunezko etxebizitzen ereduak ezartzearen aukerari eta bideragarritasunari buruz, eta haien kalitatea eta bizigarritasuna ziurtatzen duten formulak jaso ditzan araudian". PSNk eta Geroa Baik aurkeztua. Aho batez onetsi da.

 

Lurralde Kohesiorako Departamentua

 

Eztabaidaturiko 13 erabaki proposamenetatik, Batzordeak 7 onetsi ditu (horietako bat, in voce proposamena): 1 Navarra Sumarena, 1 PSNrena, 1 Geroa Bairena, 1 EH Bildurena, 1 I-Erena eta beste bat PSN, Geroa Bai, Podemos-Ahal Duguk elkarrekin aurkeztua. Hauek dira:

 

- “Kontuan hartuta atzerapenarekin ari direla gauzatzen 2017tik 2020ra bitarteko Toki Inbertsioen Planari egindako ekarpenen barruan onetsitako inbertsioak –Toki entitateek Nafarroako Tributuetan duten Parte-hartzeen Funtsaren kargura egin beharrekoak–, Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Toki Inbertsioen egungo Planaren zuzkidura areagotu dezan ekitaldi honetan, bai eta funts horren kargura beren beharrizanen arabera udalek eta kontzejuek egitea erabakitzen dituzten libreki zehaztu beharreko inbertsioena ere”. Navarra Sumak aurkeztu du. Navarra Sumaren, EH Bilduren eta I-Eren aldeko botoekin eta PSNren, Geroa Bairen eta Podemos Ahal Duguren kontrako botoekin onetsi da.

 

- “1. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Nafarroako Ubidearen 1. Fasearen handitzea bultzatu eta bukatu dezan. Horri, Nafarroako Ubidearen 1. Fasearen eraikuntza gehitu behar diogu. Hortaz, edateko, industriarako nahiz ureztatzeko uraren kontsumo-beharrizanak bermatu behar dira.

 

2. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Prestazio Handiko Trenaren garapena bultzatu eta indartu dezan, gure erkidegoaren garapenerako eta etorkizunerako funtsezko azpiegitura den aldetik”. PSNk aurkeztua. PSNren eta Geroa Bairen aldeko botoekin, Navarra Sumaren abstentzioarekin eta EH Bildu, Podemos Ahal Dugu eta I-Eren aurkako botoekin onetsi da.

 

- “ Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du despopulazioa leuntzeko politikak garatzean aintzat har ditzan berriki Nafarroako Parlamentuan despopulazioari buruz egin ziren jardunaldietako lantaldeetan eginiko proposamenak”. Geroa Baik aurkeztu du. Aho batez onetsi da.

 

- “Nafarroako Parlamentuak bere egiten ditu Ekonomia Suspertzeko Planerako Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak egindako proposamenak; hartara, Nafarroako Gobernua premiatzen du:

 

a) Reactivar Navarra/Nafarroa Suspertu Planean jaso beharreko printzipioak bere egin ditzan; honako hauek, hain zuzen ere: erakundeen arteko erabateko koordinazioa; osagarritasuna, herrien kohesio ekonomiko eta soziala sustatzea; elkartasuna; pertsona eta talde ahulenen atentzioa lehenestea; herritarren eta gizarte eragileen eta erakundeen arteko mintzakidetza bermatzea, eta tokiko baliabide publikoen kudeaketa arrazoizkoa.

 

b) Reactivar Navarra/Nafarroa Suspertu Planean jaso ditzan toki entitateek beren ahalmen guztiak eraginkortasunez erakusteko beharrezkoak diren neurri orokorrak; bereziki, gerakinak baliatu ahal izateari buruzkoak. Hartara, aurrekontu egonkortasunari buruzko araudia alda dadin aldeztuko da, halako moduan non kendu eginen baitira toki entitateek sortutako baliabide ekonomikoak guztiz kudeatu ahal izatea eragozten duten eta zorpetze ahalmenaren arloan dauzkaten eskumenak murrizten dituzten traba eta muga guztiak.

 

c) Toki Administrazioaren jarduera suspertzeko neurriak jaso ditzan, bai eta tokiko jarduera ekonomikoa –bereziki, enpresa txikiena eta autonomoena– eta izaera sozialekoak suspertzekoak ere.

 

Hori dela-eta, Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du ekainaren 30a baino lehen foru lege proiektu bat aurkez dezan, zeinaren bidez arautuko baita Koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko premiazko neurriak onesten dituen apirilaren 6ko 6/2020 Foru Legearen bidez onetsitako funts berezia, zeinak balioko baitu pandemiaren ondorioz toki entitateek 2020an dauzkaten aparteko gastuak, zergen bidezko nahiz bestelako diru-sarreren galera eta jarduera ekonomikoaren sustapena finantzatzeko”. EH Bilduk aurkeztua. Aho batez onetsi da.

 

- “Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du errepide-sarearen mantentze-lanak finantzatzeko eta inbertsio berrietarako politika bat gara dezan, honako eduki hauek izanen dituena:

 

1. Errepide-sarearen mantentze-lanak eta bide berrietarako inbertsioak aurrekontu publikoaren bidez finantzatzea. Salbuespen bakarra izanen da Nafarroako Gobernuak, ingurumenaren arloko arrazoiak direla medio, ibilgailu astunentzako bidesariak jartzea baloratu ahal izanen duela.

 

2. Nafarroako errepide-sarean eta edukiera handiko errepideetako jarduketa lehenetsiak, bereziki honako hauek: AP-15a eta A-15a (Soria-Tutera) lotzea, Iruñetik Madrilerako bidea itxiz; N-121-A (Iruña-Behobia) errepidea 2+1 errepide bihurtzea; PA-30 Iruñeko ingurabidea-iparraldeko ingurabidea ixtea; NA-132 Tafallako hegoaldeko saihesbidea; Belateko eta Almandozko tunelen bikoizketa, EBaren zuzentaraua betetzeko; N-113 errepidean 76-77 kilometroa aldatzea, Ebro ibaiak gainezka egiten duenean uholdeak ekiditeko”. Izquierda-Ezkerrak aurkeztua. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren kontrako botoarekin onetsi da.

 

- “1. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du gure erkidegoko udalak finantzatzeko eredu berri bat bultza dezan, egungoa berrikusi beharra baitago. Finantzaketa eredu berriak irizpide berriak jaso beharko lituzke, lurralde kohesioa areagotzea lortzearen bidean.

 

2. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Nafarroako toki entitateetan administrazio elektronikoa ezartzea bultza dezan, eskuragarriagoak, gardenagoak, hurbilagoak, efizenteagoak eta eragingarriagoak izan daitezen.

 

3. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du landa eremuetako inbertsioak bultza ditzan, despopulazioaren aurka borrokatzeko, zerbitzu publikoak hobetzea helburu”. PSNk, Geroa Baik, Podemos Ahal Duguk eta I-Ek aurkeztu dute. PSNren, Geroa Bairen, Podemos Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoarekin, EH Bilduren abstentzioarekin eta Navarra Sumaren aurkako botoarekin onetsi da.

 

- “1. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du toki inbertsioen plan berri bat bultza dezan, bere helburuen artean jasoko dituena klima aldaketaren aurkako borroka eta trantsizio energetikoa eta udaletako oinarrizko azpiegiturak eta konektibitatea hobetzearen aldeko apustuari eustea, lurralde kohesiorako eta orekarako osagai diren aldetik.

 

2. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du errepideak edo bestelako bide-azpiegiturak finantzatzeko plan berri bat bultza dezan, foru erkidegoko errepide-sarea hobetzea helburu”. PSNk, Geroa Baik, Podemos Ahal Duguk eta I-Ek aurkeztu dute. PSNren, Geroa Bairen, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoarekin, EH Bilduren abstentzioarekin eta Navarra Sumaren aurkako botoarekin onetsi da.

 

Hezkuntza Departamentua

 

Eztabaidaturiko 14 erabaki proposamenetatik, Batzordeak 10 onetsi ditu: 3 Navarra Sumarenak, 2 PSNrenak, 2 Geroa Bairenak, 2 EH Bildurenak, 2 I-Erenak eta beste 1 PSNk, Geroa Baik eta Podemos Ahal Duguk elkarrekin aurkeztua. Hauek dira:

 

-”Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du “Hezkuntza-larrialdirako Plan Ekonomiko” bat presta dezan, hasiera batean planifikatuko duena laguntza- eta babes-beharrizan handienak dituzten haurrei ikasturtearen amaieratik –ekainak 19– aurrera eman beharreko arreta.

 

Plan honek hainbat jarduketa jasotzen ditu, ikasmaila eta ikasleen beharren arabera antolatuko direnak, eta zaintza- eta elikadura-baldintza oinarrizkoak ziurtatuko dituen “koltxoi sozial” bat izateaz gain, horren beharra duten ikasleentzat hezkuntza-konpentsaziorako elementu gisa ere baliatu ahalko da.

 

Hona hemen “Hezkuntza-larrialdirako Plan Ekonomiko” horretan jasotzeko proposatzen ditugun neurri zehatzak:

 

1. Eskola-jantokiak irekitzea.

 

2. Oinarrizko zaintza ziurtatuko duten eskola-kanpaldiak antolatzea.

 

3. Hezkuntza-konpentsaziorako jarduerak antolatzea eskola-atzerapena eta hezkuntza-laguntzaren premia duten ikasleentzat.

 

4. Hezkuntza premiak dituzten ikasleentzako laguntza- eta berariazko zaintza-plana udako hilabeteetan.

 

Neurri hauek guztiek babes ekonomiko egokia behar dute, beka deialdi berezi bat, datorren ikasturtean jarraipena izan lezakeena, beharrezkoa balitz. Navarra Sumak aurkeztu du. Navarra Sumaren eta EH Bilduren aldeko botoekin eta PSNren, Geroa Bairen, Podemos Ahal Duguren eta I-Eren kontrako botoekin onetsi da.

 

-”Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du inbertsio plan bat taxutu dezan, hezkuntza alorreko agertoki berri bat zehaztuko duena, zeinetan ikasleak segurtasun- eta osasun-berme egokiekin moldatu ahalko diren egun pairatzen dugun pandemiaren balizko birgorakaden aurreikuspena aintzat hartuta. Plan horretan aintzat hartu beharko da, halaber, gero eta beharrezkoagoa den pertsonen txertatzea gizarte birtual berri horretan; izan ere, gizarte horretan gero eta jarduera gehiago eginen dira, gaur egun funtsezkotzat ditugunetatik harago.

 

Arlo teknologikoko inbertsio plan horrek jaso beharko luke ikasle guztiei ekipamendu teknologikoa eta sarbidea ematea, batez ere behartsuenentzat, on-line irakaskuntza erraztuko duten tresnak garatzea, hezkuntza-komunitate osoari (irakasleei eta familiei) horiek erabiltzeko behar den prestakuntza ematea, eta irakasgai eta maila guztietako eduki birtualak sortzea, ikasleei oinarrizko gaitasunak eskuratzea ahalbidetzeko”. Navarra Sumak aurkeztu du. Navarra Sumaren, PSNren eta EH Bilduren aldeko botoekin, I-Eren abstentzioarekin eta Geroa Bairen eta Podemos Ahal Duguren kontrako botoekin onetsi da.

 

-”Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du inbertsio plan bat taxutu dezan, hezkuntza alorreko agertoki berri bat zehaztuko duena, zeinetan ikasleak segurtasun- eta osasun-berme egokiekin moldatu ahalko diren egun pairatzen dugun pandemiaren balizko birgorakaden aurreikuspena aintzat hartuta.

 

Plan horren abiapuntuak izan beharko luke herri bakoitzeko eskola-egoeraren eta ikastetxe bakoitzaren berariazko inguruabarren azterketa zorrotzak, eta testuinguru bakoitzerako konponbide egokienak proposatu beharko lituzke, beste gune batzuen erabilera baztertu gabe, horietan irakaskuntza gauzatzeko beharrezkoak diren egokitzapenak kontuan hartuta, noski.

 

Horrenbestez, beharrezkoa da:

 

1. Lehenbailehen egitea ikastetxe bakoitzaren ezaugarri eta beharrizanei buruzko azterketa bat, eta esku-hartze proposamenaren bidez balizko konponbideak planteatzea.

 

2. Inbertsio plan bat proposatzea, beharrezkoa den sekuentziazioa, esku-hartzeen lehentasuna eta horietako bakoitzaren kostua jasoko dituena, 20/21 ikasturtearen hasierarako eginak egoteko xedearekin”. Navarra Sumak aurkeztu du. Navarra Sumaren, PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren eta Podemos-Ahal Duguren aldeko botoekin eta I-Eren aurkako botoarekin onetsi da.

 

- “1. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Hezkuntzaren Aldeko Hitzarmen Sozial eta Politiko bat susta dezan, sistema egonkor bat lortze aldera, bai legearen bai araudiaren aldetik. Hitzarmen horretan lehentasuna izan beharko du krisi hau zuzenean pairatu duen hezkuntza publikoak.

 

2. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du indartze-plan bat susta dezan 2020/2021 ikasturterako, hezkuntza-sistemari ahalbidetuko diona prest egotea pandemia honen berragerpen baten aurrean, bai eta bizi dugunaren antzeko egoera batera itzultzea saihestea ere.

 

3. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Lurralde-kooperaziorako Plan bat susta dezan, bat etorriko dena Pirinioen ponentziatik edota Nafarroako eskualdeen garapenerako beste estrategia batzuetatik eratorritako politikekin. Landa eremuko eskola bultzatzeko xedearekin.

 

4. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du lankidetza hitzarmen bat ezar dezan Foru Administrazioaren eta toki entitate garrantzitsuenen artean, bazterketa arriskuan dauden ikasleak identifikatzeko oinarriak ezarri eta eskolatze-prozesua hobetzeko.

 

5. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du kalitatezko goi mailako Lanbide Heziketa eta ikasketa unibertsitarioak bultza ditzan, gure enpresen hurbilekoak eta sektore estrategikoetara bideratuak, eta, era berean, bizitza osoan zeharreko enplegagarritasunerako eta prestakuntzarako gaitasunak susta ditzan”. PSNk aurkeztua. Navarra Sumaren, PSNren, Geroa Bairen eta Podemos-Ahal Duguren aldeko botoekin eta EH Bilduren eta I-Eren aurkako botoarekin onetsi da.

 

- “Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak apustu sendoa eginen du Foru Komunitateko garapen ekonomikorako gako ardatzekin lerrokatutako titulazio berriak sendotu eta ezartzeko, lanbide heziketa dualean sakonduko du eta ikaspostu kopurua handitzeko konpromisoa hartuko du, enplegagarritasuna areagotzeko lehentasunezko xedeari jarraikiz. Hori guztia duela gutxi amaitu den “Enplegua eta Lanbide Heziketa” prozesuaren baitan eginiko hausnarketa eta analisiak ezarritako norabidean eta 2017-2020 aldirako Nafarroarako Lanbide Heziketako Plan Estrategikoan jasotakoaren ildotik. Geroa Baik aurkeztu du. PSN, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta EH Bilduren eta Navarra Sumaren abstentzioarekin onetsi da.

 

- “Hezkuntza Departamentuak jarraituko du Nafarroan Irakaskuntza Publikoaren Kalitatea Hobetzeko Ituna betetzen eta bermatuko du 2020ko irailetik aurrera 57tik gorako irakasleei lanaldia murriztea, Itunean jasotakoarekin bat.

 

Halaber, Hezkuntza Departamentuak jarraituko du Nafarroan Irakaskuntza Publikoaren Kalitatea Hobetzeko Ituna betetzen, eta bermatuko du 2020ko irailetik aurrera ikastetxe publikoetako zuzendaritza-eginkizunei esleitzen zaizkien orduen areagotzea. Geroa Baik aurkeztu du. Aho batez onetsi da.

 

- “Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Nafarroako hezkuntza-komunitatearekin adostu ditzan irailean izan ditzakegun egoera epidemiologiko desberdinen arabera hartu beharreko neurriak, eta gure errealitateari egokitutako kontingentzia plan bat presta dezan. Plan horrek honako ezaugarriak izanen ditu:

 

Beharrezkoak diren baliabide guztiak izanen ditu, departamentuaren aurrekontuan inongo murrizketarik egin gabe.

 

Ikastetxetarako eta ikasleentzako prestakuntza ibilbide bat eta baliabide digitalen hornidura jasoko ditu.

 

Ratioen jaitsiera dela eta, kontratazio-beharrizan nahikoak aurreikusiko ditu.

 

Hezkuntza-errefortzurako plan bat jasoko du, ikastetxe bakoitzaren errealitatean oinarritua.

 

Talde txikiagoak bermatzeko espazioen egokitzapena aurreikusiko du, bai eta beste espazio osagarri batzuen erabilera ere.

 

Segurtasun eta Osasun Batzordearen esparruan prebentzio-ordezkariekin adosturiko segurtasun neurri guztiak jasoko ditu.

 

Testak egitea ziurtatuko da, bai eta babes-materiala ikasgeletara joanen diren irakasle eta ikasle guztientzat, eta jarraipen egokia eginen da ikasturte osoan zehar.

 

Araubide bereziko ikasketa eta ikastetxeen berezitasun eta desberdintasunetan oinarrituta, ikastetxe bakoitzak bere plan berezitua eta egutegia adostu beharko du.

 

Eskola-garraioa higiene- eta distantzia-neurrietara egokitzea. Eta beharrezkoa duten pertsonetara mugatzea.

 

Jolas-orduaren berrantolaketa, Gorputz Heziketako saioen egokitzapena eta protokolo bereziak ezgaitasuna duten haurrekin egin beharrezko saioetarako.

 

200 ikasle baino gehiagoko ikastetxeetan erizain bat izateko aukera baloratzea. 200 ikasle baino gutxiagoko ikastetxeetan, esku-hartzeko edo jarraipenerako protokolo bat zehaztu ahalko da kasuan kasuko osasun etxe edo kontsultategiarekin.

 

Ikastetxe guztietan psikologo profesional bat izateko aukera baloratzea. COVID-19ak eta konfinamenduak sorturiko egoerak eragin psikologikoa izan dezake ikasle batzuengan. Hori dela eta, askotan zaurgarriak diren familietako egoera desberdinek eragin zuzena izan dute ikasleengan. Horrenbestez, psikologo batek garrantzi handiko eginkizuna izan dezake ikastetxeetan zaintzarako hezkuntza egokia bermatzeko”. EH Bilduk aurkeztua. Navarra Suma, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta PSNren aurkako botoarekin onetsi da.

 

- “Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du talka-neurriak har ditzan aniztasunerako arreta kalitatezkoa bermatzeko, ikaslerik atzean utziko ez duena. Hartara:

 

Egoeraren azterketa eginen da ikastetxe bakoitzaren errealitatetik abiatuta. Azterketa horretan aintzat hartuko dira ikasleen artean antzemandako desberdintasun eta gabeziak, azpimarra berezia jarriz arrakala sozioekonomikoan, bai eta pandemia eta konfinamendu egoeratik eratorritako beharrizanak ere.

 

Beharrezkoak diren laguntza- eta indartze-baliabideak jaso eta gaituko dira, ikasle ahulenei eta ikasteko zailtasunak dituztenei konpentsatzeko, azpimarra berezia jarriz ingurune sozioekonomiko konplexuetan arreta ematen duten ikastetxeetan; horietan giza baliabide eta baliabide material gehigarriak izanen dituzte.

 

Premiaz ekinen zaio Aniztasunari Erantzuteko Plana urtea amaitu aurretik berritu eta egoera berrira egokitzeko prozesuari". EH Bilduk aurkeztua. Aho batez onetsi da.

 

- “1. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Ikastetxeetako ekipamendua hedatu eta birjartzeko eta mantentzeko Plana bultza dezan, eta ikastetxeetan sare publikoko ikastetxeen dituzten beharrizanen araberako konektibitatea ezar dezan, bai emariari bai azken belaunaldiko WIFIari dagokienez, segurua zentzu guztietan.

 

2. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du irakasleen, ikasleen eta familien gaitasun digitalen arloko prestakuntza bultza dezan, halako moduz non prestaturik egonen diren krisialdi honetan bizitako egoeraren moduko beste bat gertatuz gero”. PSNk, Geroa Baik eta Podemos Ahal Duguk aurkeztu dute. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren abstentzioarekin onetsi da.

 

- “1. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du aintzatespen handiagoa eman diezaion eskola publikoko irakasleen lan, inplikazio eta ahaleginari eta Tutoretza-prestakuntzarako Plana bultza dezan.

 

2. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du hezkuntza-beharrizan jakin batzuk sortzen dituzten ikasleen ikaskuntzako irakaskuntza-prozesuen optimizazioa eta hobekuntza bultza ditzan.

 

3. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du ikasleen alde sozio-emozionalaren arreta eta laguntza berariazkoa bultza dezan”. PSNk aurkeztua. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren abstentzioarekin onetsi da.

 

Herritarrekiko Harremanetako Departamentua:

 

Eztabaidaturiko 7 erabaki proposamenetatik, Batzordeak 6 onetsi ditu: 1 Navarra Sumarena, 2 Geroa Bairenak, 1 EH Bildurena, 1 PSN, Geroa Bai, Podemos Ahal Dugu eta I-Ek batera aurkeztua, eta beste 1 PSN, Geroa Bai eta PodemosAhal Duguk batera aurkeztua. Hauek dira:

 

- “Nafarroak Bruselan duen ordezkaritzaren 2018ko oroitidazkiarekin bat, “agerikoa” zen Europako Ekintza Plana, zeina 2016an abiarazi baitzen, “2019an berrikusi eta gaurkotu” beharra zegoela. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du berrikuspen horri ekin dakion edo berrikuspenarekin jarrai dadin, jomugatzat hartuz pandemiak eragindako krisitik heldu den agertoki ekonomiko berria. Bereziki beharrezkoa da Topagune Iraunkorren agendak honako helburu hauek izatea: berreraikuntza; krisiak gure gizartean kaltetutako sektore guztiei mesede egin diezaieketen zeharkako proiektuak abian jartzea, eta Europar Batasunetik Espainiari dagozkion funtsak eskuratzea, transferentzien eta kreditu-lerroen bidezkoak. Halatan, Europak agindutako finantzaketa eskuratzeko efizientzia areagotzeaz gain, Europak herritarren aitzinean legitimitatea berreskuratzea ere lortuko da". Navarra Sumak aurkeztu du. Aho batez onetsi da.

 

- “Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du egin beharreko zuzemenak egitera, eginkizun aktibo bat izan dezan Europar Batasunak “Next Generation UE” izenez ezagutzen den planaren bidez estatu kideen esku jarriko dituen funtsak negoziatu, banatu eta kudeatzen direnean. Geroa Baik aurkeztu du. Aho batez onetsi da.

 

- “1. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du lankidetza instituzionala susta dezan, euskarazko prestakuntza- eta kultur produktuen online eskaintza handitzeko.

 

2. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du susta dezan haurrei nahiz gazteei zuzenduta dauden euskarazko ikus-entzunezko eduki digitalen produkzioa, eta berma dezan eduki horiek edonork doan eskuratu ahal izatea.

 

3. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du online tresnen gaineko euskarazko prestakuntza bultza dezan gazteen artean, Sarean Euskaraz programaren bidez.

 

4. Nafarroako Parlamentuak administrazio publiko eskudunak premiatzen ditu (Espainiako Gobernua eta Nafarroako Gobernua) egin beharreko urratsak egin ditzaten ETB3 Nafarroa osoan ikusi ahal izatea errazteko”. Geroa Baik aurkeztu du. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkako botoarekin onetsi da.

 

- “Nafarroako Gobernua premiatzen da bilera baterako deia egin diezaien EAEko eta Akitania Berriko Eskualdeko lehendakariei, honako arlo hauetan proposamenak lantzeko eta lankidetza-esparru horren aukera guztiak aprobetxatzeko:

 

1. Baterako lana egitea Eusko Jaurlaritzarekin eta Akitania Berriko Eskualdearekin, lortzearren Europako Batzordeak finantza-konpromiso propioak har ditzan Erregioen Batzordearen bidez eta Interreg 2021-2027 plan berriaren baitan, estatu kideek beren mugak itxi izanaren inpaktu ekonomiko eta sozialari aurre egiteko, horren ondorioz zatikatu egin baitira errealitate ekonomiko, kultural eta linguistiko amankomunak. Jarduketa-esparruek “Europa 2020” estrategiaren barruan kokatu behar dute egon, non Euroeskualdeak Europako eskualdeetako herritarrak, jakintzaren ekonomia eta lurralde jasangarria baititu lehentasun.

 

2. Lurraldeen arteko mugimendu-askatasuna proposatzea pertsonentzat eta salgaietarako, lurralde horietako bakoitzean indarrean dagoen araudia errespetatzearen baldintza bakarrarekin”. EH Bilduk aurkeztua. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkako botoarekin onetsi da.

 

- “1. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Nafarroak Europako erakundeetan duen presentzia aktiboa sendotu eta indartu dezan (Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdea, Erregioen Batzordea edo Pirinioetako Lan Elkartea, kasu), bai eta nafarren interesentzako sinergia positiboak batzeko baliagarriak diren estatuko nahiz nazioarteko sareetakoa ere.

 

2. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Europak hurrengo urteoi begira ezarritako ildo estrategikoen arabera lan egin dezan, bereziki kontuan izanik 2021etik 2027ra bitarteko aurrekontua, eta baliabideak monitorizatzeko eta lortzeko tresna politiko eta teknikoak bultza ditzan, era guztietako proiektuetarako europar funtsen deialdien bidez; bereziki, COVID-19arekin lotutakoetarako.

 

3. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du tolerantziaren, errespetuaren, elkatasunaren, parte-hartze demokratikoaren, pazifismoaren eta kogobernantzaren balioak bultza ditzan bere eguneroko jardunean, beste erakunde batzuekiko harremanetan nahiz bere politika publikoetan, balio horiei esker heldu baitzen Europako estatuarteko lehen batasuna, egungo Europar Batasunaren hazia". Nafarroako Alderdi Sozialistak, Geroa Baik, Podemos Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak aurkeztu dute. Aho batez onetsi da.

 

- “Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Bizikidetasunari buruzko I. Plan Estrategikoa taxutzean aintzat har dezan osasun larrialdiaren eta horren ondorio ekonomiko eta sozialen kariaz biziko dugun egoera berria; hartara, planaren ikusmirak zabalduko eta horretarako mintzakideak gehituko ditu, halako moduan non bermatu eginen baita Nafarroako Foru Komunitatean bizikidetasunaren abordatze integrala eginen dela eta gutxienez ere honako jarduketa hauek jasoko dituela:

 

a- Desberdinarekiko errespetuan oinarritutako kultura integratzaile bat ezartzera bideratutako jarduketak bultzatzen jarraitzea.

 

b- Espazioak sortzea, halakoak non gure gizartearen osasun demokratikoa indartuko baita sektore zabalak eta ideologikoki, sozialki nahiz belaunaldien ikuspuntutik anitzak direnen parte-hartze eraikitzailean oinarrituak diren kogobernantza-sistemen bidez, zeinetatik sortzen ahalko bailirateke ekimen adostuak, desberdinarekiko elkartasun, errespetu eta aitortzan oinarritutako bizikidetasun baterakoak, etengabeko elkarrizketa-esparruetan dinamikoak.

 

c- Adostasun-eremuak sustatzea, esparru sozial eta politikoan gehiengoak partekatua izanen den zoru etiko bat adostera bideratuak, memoriaren, errekonozimenduaren eta erreparazioaren kontzeptuetan aitzinera egin ahal izan dezagun, indarkeriaren deslegitimazioaren bitartez eta iraganaren gaineko ikuspegi kritiko bat edukita.

 

d- Jarduketa-programak taxutzea Bizikidetasunari buruzko hurrengo planaren oinarrien gainean, esparru guztietarakoak: udalak, hezkuntza, erakundeak, elkarteak...”. Nafarroako Alderdi Sozialistak, Geroa Baik eta Podemos Ahal Duguk aurkeztu dute. PSN, Geroa Bai, Podemos Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren eta EH Bilduren abstentzioekin onetsi da.

 

Osasun Departamentua

 

Eztabaidaturiko 14 erabaki proposamenetatik, Batzordeak 12 onetsi ditu (horietako bat, in voce proposamena): 3 Navarra Sumarenak, 1 PSNrena, 1 Geroa Bairena, 4 EH Bildurenak, 1 I-Erena, beste bat PSN, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek elkarrekin aurkeztua, eta beste bat PSN eta I-Ek elkarrekin aurkeztua. Honako hauek dira:

 

- “Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du berrikuntza eta ikerketa biomedikoa bultzatzeko plan bat egin dezan, bai eta babes-materialak, NBEak, testak eta beste material sanitario batzuk bertan ekoizteko eta erosteko plan bat ere, COVID-19aren balizko berragerpenei eta beste osasun-larrialdi batzuei erantzutea erraztuko dutenak baina, gainera, apustu estrategiko bat osatuko dutenak gure erkidegoaren suspertze ekonomikoa berrikuntzaren, ikerketaren eta ekoizpen biomedikoaren bidetik lortzeko”. Navarra Sumak aurkeztu du. Aho batez onetsi da.

 

- “Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du osasun arloan aurrekontua handitu dezan informazio-sistemak, emaitza-ebaluaziorako sistemak, berrikuntza eta adimen artifiziala garatzera bideratuta dagoenean, halatan ahalbidetzearren zerbitzuaren kalitatea hobetzea eta osasungintza-jardueraren emaitzak hobetzea”. Navarra Sumak aurkeztu du. Aho batez onetsi da.

 

- “Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du osasun-jarduera birprogramatzeko partaidetzazko plan bat egin dezan, osasungintza-jardueraren normalizazioa lehenetsiko duena irizpide kliniko, sozial eta funtzionalak kontuan hartuta, jardunari lehenbailehen berrekiteko modua emanen duena halakorik egin ezean biztanleriaren osasunak okerrera egin baldin badezake, eta adierazle epidemiologikoen monitorizazioa ahalbidetuko duena gerora daitekeen jarduna modu goiztiarrean desprogramatu ahal izateko, COVID-19aren balizko berragerpenen aurrean”. Navarra Sumak aurkeztu du. Aho batez onetsi da.

 

- “1. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Osasun Publikoa indartu dezan. Zerbitzu horrek bere estrategiak koordinatu beharko lituzke Oinarrizko Osasun Laguntzarekin eta toki administrazioekin, gaixotasun kroniko-degeneratiboen determinatzaileei (elikadura, kutsadura, sedentarismoa, tabakismoa eta abar) aurre egiteko eta klima-aldaketarekin eta globalizazioarekin lotutako gaixotasun kutsakorren epidemia berrietarako alarma- eta euste-sistemak ezartzeko (A Gripea, Ebola, SARS, Koronabirusa... eta abarren kasuetan).

 

2. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du epidemiologiako eta gaixotasun infekziosoen aurka borrokatzeko zerbitzuen trebakuntza indartu eta hobetu dezan”. PSNk aurkeztua. Aho batez onetsi da.

 

- “Nafarroako Parlamentuak Gobernua premiatzen du kontaktuen monitorizazio eta jarraipenerako Google eta Apple teknologia duten enpresak susta ditzan”. Geroa Baik aurkeztu du. Navarra Sumaren, PSNren, Geroa Bairen eta EH Bilduren aldeko botoarekin, Podemos-Ahal Duguren abstentzioarekin eta Izquierda-Ezkerraren aurkako botoarekin onetsi da.

 

- “Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du eztabaidarako aurkez dezan osasunari buruzko foru lege proiektu bat, osasun publikoa blindatzeko balioko duena, gure inguruko herrialde garatuen pareko finantzaketa bermatuko duena (BPGaren % 8) eta helburu horiei guztiei aurre egiteko aukera emanen duena arlo profesional, sozial, politiko eta sindikalean parte hartzeko prozesu baten bidez”. EH Bilduk aurkeztua. Navarra Sumaren, PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren eta Podemos-Ahal Duguren aldeko botoekin eta Izquierda-Ezkerraren abstentzioarekin onetsi da.

 

- “Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Nafarroako Ospitalegunean Immunologia Zerbitzu bat ezar dezan, ezinbesteko tresna gisa kalitatezko osasun-arreta bermatzeko, Immunologiako laborategi espezializatua indartzeko eta Immunoterapia eta terapia zelularreko tratamenduen kontrol publikoa abian jartzeko eta bermatzeko”. EH Bilduk aurkeztua. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkako botoarekin onetsi da.

 

- “Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du egoitza-zentro horietako farmazia-arreta berreskura dezan eta arreta hori bertako farmazia-zerbitzu propioek eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko profesionalek eman dezaten, guztiz atomizatutako eta O-NOZekin loturarik ez duen eredua zuzenduz”. EH Bilduk aurkeztua. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkako botoarekin onetsi da.

 

- “Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du honako hauek egin ditzan:

 

a) Osasun Eskualde Oinarrizko bakoitzeko Oinarrizko Osasun Laguntzan bermatzea langileak garraiatzeko eta lekualdatzeko ibilgailuak, uniformeak eta ekipamendu pertsonala, ekipamendu teknikoa...

 

b) Osasun-langileen profilak eta funtzioak birdefinitzea, haiek administrazio-zereginetatik askatuz, eta pazienteei arreta emateko behar adina denbora bermatzea, norbanakoaren osasun-txartelen (NOT) araberako kupoak urteko % 5 murriztuz, egungo 1.500 NOTeko gehienekoa % 20 murriztu arte. Halaber, administrazioko, gizarte-laneko eta psikologiako langileak indartuko dira”. EH Bilduk aurkeztua. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda Ezkerraren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren abstentzioarekin onetsi da.

 

- “Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du honako hauek egin ditzan:

 

a) Farmazia-industriaren informazioa jasotzeko sistema zentralizatua sortzea, osasun-arloko profesionalei informazio egiazkoa, egiaztatua eta eskuragarri dauden ebidentzia zientifiko onenetan oinarritua eskuratzeko aukera bermatzeko.

 

b) Farmaziako gastua arrazionalizatzeko partidaren gastua handitzea, gaur egun 50.000 eurokoa baita (farmaziaren arloko 262.000.000 euroko gastuaren % 0,02).

 

c) Etengabeko prestakuntzaren eta kongresu eta bilera zientifikoen finantzaketa arautzea, osasun-sistema publikoaren helburu estrategikoei erantzuteko.

 

d) Osasunaren hobekuntzan bai bizi-kalitateari dagokionez bai biziraupenari dagokionez ebidentzia garrantzitsurik erakutsi ez duten tratamendu eta terapien kontrol zorrotza indartzea, haien erabilera mugatuz.

 

e) Etengabeko prestakuntzara eta ikerketa farmazeutikora bideratutako aurrekontu publikoa handitzea, Farmazia-industriaren funtsekiko interdependentzia handiagoa sortuz, helburu komunak garatuz”. Izquierda-Ezkerrak aurkeztua. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkako botoarekin onetsi da.

 

- “Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du honako hauek egin ditzan:

 

1. Beste bultzada bat ematea O-NOZ garatzeari eta indartzeari, giza baliabideak ugarituz, eskura dauden baliabideak aprobetxatuz eta plantillei egonkortasuna emango dien lan eskaintza publiko sendo bat eginez.

 

2. Oinarrizko Osasun Laguntza indartzea, Nafarroan Oinarrizko Osasun Laguntzaren estrategia (2019-2022) garatuz, zuzkidura ekonomiko egokia ziurtatuz eta sustapen- eta prebentzio-funtzioak garatuz.

 

3. Pixkanaka, Nafarroako Foru Komunitatean Oinarrizko Osasun Laguntzara bideratutako aurrekontua handitzea, legealdiaren amaieran osasuneko aurrekontu osoaren % 25era irits dadin (gaur egun ez da % 14tik gorakoa). Handitze hori berehala hasiko da, datorren udazkenean pandemia berriro agertzeko aukera handia baitago.

 

Aurrekontu hori aplikatuko da, batez ere, erizaintzako langileen 1.000 biztanleko ratioa handitzeko, legegintzaldiaren amaierara arte pixkanaka, egungo ratioa % 50 handituz. Horrela, osasun-etxeak indartuko dira, beren oinarrizko barrutiko zahar-etxeetan osasun-arreta hobetzeko eta etxez etxeko arreta areagotzeko, patologia kronikoen jarraipena egiteko tele-osasuneko gailuen eta aplikazioen bidez, eta gaixotasun infekzioso jakin batzuen –esate baterako, COVID 19aren– zaintza epidemiologikoa egiteko.

 

4. Osasun-etxeetako fisioterapeuten, psikologiako profesionalen eta gizarte-laneko profesionalen ratioa bikoiztea, oinarri komunitarioko diziplinarteko arreta-programak ezartzeko behar den ratioa lortu arte.

 

5. Tele-osasuna sustatzeko behar diren mekanismoak garatzea, patologia kroniko nagusienei dagokienez Osasunerako Hezkuntzako aplikazio informatikoak eta datu klinikoen jarraipen elektronikoko sistemak epe ertainean eskura egon daitezen, besteak beste, osasun-karpetaren bidez, eta horretarako behar adina aurrekontu eskaintzea, asmo handiko helburuak erdiesteko, osasuna hobetzearen eta artatutako pertsonen gogobetetasunaren ikuspegietatik.

 

6. Profesionalek eta herritarrek oinarrizko osasun laguntzako zerbitzuen funtzionamenduan eta kudeaketan parte hartzeko mekanismo eraginkor eta errealak garatzea, erkidegoko osasun-planak eginez, osasun eskualde oinarrizko bakoitzeko gainerako erakunde publiko eta pribatuen inplikazioarekin”. PSNk, Geroa Baik, Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak aurkeztu dute. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda Ezkerraren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren abstentzioarekin onetsi da.

 

- “1. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du espazio soziosanitario bat ezar dezan, non oinarrizko osasun laguntzak arreta berezia eskainiko dien adinekoen egoitzei, dagozkien barrutietan.

 

2. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du indartu dezan adineko pertsonentzako, mendekoentzako edo desgaitasuna dutenentzako etxez etxeko laguntza, bai eta etxez etxeko telelaguntzako gailuak ere, zerbitzu horren onuradunen zaintza areagotzeko”. PSNk eta Izquierda-Ezkerrak aurkeztu dute. Aho batez onetsi da.

 

Eskubide Sozialetako Departamentua

 

Eztabaidaturiko 18 erabaki proposamenetatik, Batzordeak 15 onetsi ditu (horietako lau, in voce): 4 Navarra Sumarenak, 1 PSNrena, 1 Geroa Bairena, 3 EH Bildurenak, 1 Podemos-Ahal Dugurena, 2 I-Erenak, 1 PSN, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek elkarrekin aurkeztua, 1 PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Duguk elkarrekin aurkeztua, eta 1 PSN eta Podemos-Ahal Duguk elkarrekin aurkeztua. Honako hauek dira:

 

- “1. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du hilabeteko epean kontingentzia-plan bat onets dezan zahar-etxeetarako eta desgaituen egoitzetarako, haietan COVID-19a berriro agertzea prebenitzeko.

 

Plan horrek aintzat hartuko du aipatu zentroak NBEz ongi hornituta egotea, positibo bat detektatu ondoko 48 orduko epean testak egitea zentroetako egoiliar eta langile guztiei, zentroen sektorizaziorako protokolo berariazkoak onestea eta gutxienez ere tarteko bi zentro zeharo identifikatuta edukitzearen aurreikuspena, eritasunaren berragerpenik detektatuz gero operatibo egon beharko dutenak bost eguneko gehieneko epean. Tarteko zentro horiek mediku- eta erizain-zerbitzua izanen dute astearen 7 egunetan eta egunaren 24 orduetan.

 

2. Halaber, Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du laguntzak ezar ditzan hilabeteko epean eta kontingentzia-plan horretan kokatuta, beren ahaide zahar edo desgaitua gutxienez ere 2020ko abenduaren 31ra arte egoitzara itzuli gabe etxean edukitzea erabakitzen duten familientzat, ahaide hori mendekoa izan nahiz ez izan. Zenbatekoak izanen dira mendeko pertsonak familiaren babesean zaintzeko laguntzen zenbateko berberak, eta haiek jasotzeak ez du berekin ekarriko Banakako Arreta Programa aldatu beharrik. Egoitzako postua aipatu datara arte erreserbatuta edukiko da. Navarra Sumak aurkeztu du. Navarra Sumaren, EH Bilduren eta I-Eren aldeko botoekin eta PSNren, Geroa Bairen eta Podemos Ahal Duguren kontrako botoekin onetsi da.

 

- “1. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du 2020 honetan Oinarrizko Gizarte Zerbitzu guztiak indartu ditzan, gutxienez ere gizarte-langile bat gehituta, eta enplegu agentzia guztiak sendotu ditzan, gutxienez ere orientatzaile bat gehituta, gizarte-bazterketako egoeran dauden pertsona guztiei gizarteratze- eta laneratze-prozesu eraginkorrak bermatzeko. Gehikuntza horiek eginen dira kontuan hartuz oinarrizko eskualde bakoitzean errenta bermatuaren hartzaile diren familia-unitateen kopurua eta agentzia bakoitzari atxikitako langabetuen kopurua, halako moduz non orientazioa eta gizarte-akonpainamendua bermatuko baitzaie guztiei.

 

2. Halaber, Nafarroako Gobernua premiatzen da 2020 honetan indartu ditzan gizarteratzearen eta desgaitasunaren arloko hirugarren sektoreko entitateen programak, akonpainamendu soziala, orientazio eta bitartekaritza soziolaborala egite aldera, oinarrizko gizarte-zerbitzuen eta enplegu-agentzien lanaren osagarri moduan.

 

3. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du 2020an gutxienez ere beste 500.000 euroan gehitu dezan gizarte-larrialdiko laguntzetara bideraturiko partida". Navarra Sumak aurkeztu du. Navarra Sumaren, EH Bilduren eta I-Eren aldeko botoekin eta PSNren, Geroa Bairen eta Podemos Ahal Duguren kontrako botoekin onetsi da.

 

- "Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du elkarrizketa sozialaren fruitua izanen den enplegu plan bat presta dezan Elkarrizketa Sozialerako Kontseiluaren baitan. Plan horrek jasoko ditu erkidego honen garapenean aurrerapausoak emateko politika ekonomikoak eta enplegurakoak, aukerak bermatuko dizkie gure erkidegoko lurralde ezberdinetan egoitza daukaten pertsona eta enpresa guztiei, eta genero-ikuspegia aintzat hartuko du, emakumeen enpleguaren suntsiketa ekiditeko eta enplegu horren kalitatea hobetzeko." Navarra Sumak aurkeztu du. Navarra Sumaren, PSNren eta I-Eren aldeko botoekin, Geroa Bairen abstentzioarekin eta EH Bilduren eta Podemos-Ahal Duguren kontrako botoekin onetsi da.

 

- "EIS eta CEEIS enpresa horien likidezia bermatze aldera, Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du:

 

a) 2020an, eta koiunturalki, lanbide arteko gutxieneko soldataren % 100eraino osa dezan dirulaguntza, bazterketa sozialeko egoeran egonik laneratze-enpresetan lan egiten duten pertsonen soldata betetzeko.

 

b) Aurrekontu-orekarako laguntza berrezar dezan gizarte-ekimeneko enplegu-zentro berezientzat.

 

c) Urgentziaz aurrera dezan enplegu-mantentzerako 2020ko ekitaldi osoko laguntzen % 100 (lanbide arteko gutxieneko soldatarako dirulaguntza). Alarma-egoera deklaratu zen eguneko plantilla erreala kontuan harturik; urteko azken hiruhilekoan eginen lirateke jasotako dirulaguntzaren eta urteko gainerako hilabete bakoitzeko plantillaren arteko doikuntza egokiak". Navarra Sumak aurkeztu du. Navarra Sumaren, EH Bilduren eta I-Eren aldeko botoekin eta PSNren, Geroa Bairen eta Podemos Ahal Duguren kontrako botoekin onetsi da.

 

- “1. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren batzorde iraunkorrean adostu ditzan enplegu-politika aktiboen berrantolaketa eta COVID-19aren osasun-krisiaren ondoriozko lan- eta ekonomia-egoerarako esparru-akordioa.

 

2. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du berma dezan egin daitezela gizarteratze- eta laneratze-ibilbide pertsonalizatu eta integralak eta akonpainamendu-prozesuak indartzea, horretarako lantaldeak handituz gizarte zerbitzuetan, Nafarroako Enplegu Zerbitzuan eta/edo gizarteratze- eta laneratze-prozesuak egiten dituzten gizarte-entitateetan.

 

3. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du sustapen-lana egin dezan, prestakuntza- eta enplegu-eredu mistoak sortzeko eta enpresetan egiten diren lan-kontraturik gabeko praktikaldietarako araudi bat eratzeko, praktikaldi horien koordinazioa eta jarraipena egitearekin batera". PSNk aurkeztu du. Aho batez onetsi da.

 

- “Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du honako hauek egin ditzan:

 

a) Ekonomia sozialaren aldeko apustua areagotu dezan, zinezko zutoina baita ekonomia dinamikoago, jasangarriago, berritzaileago eta pertsonen inguruan ardaztua den baterako. Horretarako, bereziki sustatuko ditu gazteen enplegua eta emakumeen ahalduntze ekonomikoa, bai eta pertsona ororentzako enplegu itxuroso eta kalitatezkoa ere.

 

b) Balorazio bat egin dezan Ekonomia Sozialaren 2017-2020 Plan Integralak COVID-19aren krisia hasi zen arte izandako garapenari buruz.

 

c) Azter ditzan Foru Komunitatean ekonomia sozialaren parte diren enpresa eta kolektiboetan COVID-19aren krisiak izandako efektuak.

 

d) Ekonomia Sozialaren II. plana taxutu dezan, Gobernuko departamentu guztiekiko eta zeresana duten eragile guztiekiko partaidetzaz." Geroa Baik aurkeztu du. Aho batez onetsi da.

 

- "Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du dei ditzan kasuko eztabaidaguneetako bilera urgenteetara egoiliarren senitartekoak, ordezkari sindikal eta politikoak, zahar-etxeen ordezkariak eta desgaituentzako zentroak, Nafarroako Gobernuarekin batera taxutze eta planifikatze aldera beharrezkoak diren epe laburreko eta luzeko aldaketak, gaur egungo akatsak onbideratzea xede.

 

Proposatzen da bilera horietan neurri zehatzak azter, planifika eta adostu daitezela, hala nola:

 

a) Auditoretza urgente bat egitea egoitzetan osasun-krisialdian zehar gertatua aztertzeko.

 

b) Langileen ratioak handitzea eta haien lan- eta soldata-baldintzak hobetzea.

 

c) Pertsonak erdigunean ipiniko dituen arreta egokia, kontuan izanik erabiltzaileen eskubideak eta interesak.

 

d) Arreta soziosanitarioa Nafarroako eskualde guztietan bermatzea.

 

e) Beharrezkoak diren bitartekoak sortzea, Nafarroako egoitza guztiei, zein ere den haien titularitatea, koordinazioa, kontrola, jarraipena eta lan-ikuskapenak egin ahal izateko". EH Bilduk aurkeztua. Aho batez onetsi da.

 

- "Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du ahalik eta lasterren azterlan bat egin dadin, krisian zehar bildu diren datuak aprobetxatuz, bakarrik eta laguntzarik edo familia-sarerik gabe bizi diren pertsonei buruz. Proposatzen da Nafarroako Gobernuak neurriak ezar ditzala, azterlan horretan oinarrituta, bakarrik eta familia-sarerik gabe bizi diren edadetuei jarraipen eta akonpainamendu hori egiten segitzeko, haien premiei erantzun ahal izateko, eta ez oinarrizko premiei soilik.

 

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Gobernua premiatzen da:

 

a) Etxez etxeko laguntza zerbitzua indartu dezan, arreta integralagoa bermatu ahal izateko langile eta zerbitzu gehiagorekin; adibidez, krisiak edadetuengan izandako efektu psikologikoak samurtzeko arreta psikologikoa; eta beste zerbitzu batzuk hedatzea, haiek beren etxeetan bizitzen segitzea bermatzeko eta beren etxeko bizialdiaren iraupena ahalik eta neurririk handienean luzatzeko.

 

b) Plan bat egin dezan edadetuei eta mendekotasuna duten pertsonei beste bizileku-aukera batzuk eskaintzeko, hala nola bizitegi-etxeak eta tutoretzapeko pisuak, eta lankidetzazko etxebizitzari buruz abian dauden proiektuei presako bultzada eman diezaien. EH Bilduk aurkeztua. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkako botoarekin onetsi da.

 

- "Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Mahai bat sor dezan, herriko edo auzoko administrazio- eta elkarte-egitura ezberdinak (batetik, osasun-etxea, gizarte-zerbitzuen oinarrizko barrutiak edo auzo-unitateak, hezkuntza-zentroak eta abar; bestetik, prebentziorako arreta-zerbitzuak, zaintza-sareak, auzokideen elkarteak...) bilduko dituzten auzo- eta erkidego-organoak koordinatu, sortu eta sustatzekoa, xedetzat harturik Mahai bakoitzaren esparrukoak diren premiei erantzuten dieten sareak eta erkidego-proiektuak sortzea, prebentzio aldetik jomuga jarririk haur, edadetu eta mendekoentzako arreta berezian". EH Bilduk aurkeztua. Aho batez onetsi da.

 

- “Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du honako hauek egin ditzan:

 

a) Garapenerako lankidetzaren Nafarroako Agentzia sortzeaz hausnar dezan.

 

b) Garapenerako lankidetzaren finantzaketarako aurrekontu-konpromisoari euts diezaion, harik eta legegintzaldiaren amaieran aurrekontuaren % 0,7 iritsi arte.

 

c) Genero-ikuspegia, desgaitasun-ikuspegia eta Garapen Jasangarriaren Helburuekin eta 2030eko Agendarekin hartutako konpromisoak jaso ditzan”. Podemos-Ahal Duguk aurkeztu du. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda Ezkerraren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren abstentzioarekin onetsi da.

 

- “1. -Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du mendekotasuna eta desgaitasuna duten pertsonen arretarako prestazio eta zerbitzuei bultzada handia eman diezaien eta hobetu ditzan, ezarrita dauden koordainketak murriztuz eta erabiltzailearen ekarpena haren errentaren eta ondarearen zuzeneko proportzioan zehaztuz.

 

2. Nafarroako Parlamentuak apustua egiten du egoitza bitartezko arretaren eredu berri baten alde, zeinean sektore publikoak lidergo handiagoa izanen baitu eta Pertsonarengan Ardazturiko Arreta Integralaren eredu berria garatuko baita. Eredu horrek zentro txikiagoen aldeko apustua eginen du, bizikidetasun-unitate txikiagoen inguruan antolatuta egonen da, eta xedetzat hartuko du espazioak eta arreta soziosanitarioa hobetzea, COVIDa edo etorkizunean sor litekeen edozein antzeko pandemia hobeki prebenitzeko.

 

3. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du aurrekontu-partida berariazko bat sor dezan egoitzetarako eta desgaituentzako zentroetarako eraberritze-proiektuak finantzatzeko, COVIDa prebenitze aldera eta aurrerapausoak ematearren egoitza bitartezko arretaren eredu berrirantz". Izquierda-Ezkerrak aurkeztua. Aho batez onetsi da.

 

- "Nafarroako Parlamentuak apustua egiten du Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera abiarazi ondoren paratzen diren funts gehigarriak pobreziaren aurkako borrokara eta gizarteratze- nahiz laneratze-politikak indartzera bidera daitezen.

 

Era berean, funts horiek bideratuko dira errenta-bermearen, errenta bermatuaren eta haur-pobreziaren aurkako borrokaren gaietan programa-akordiotik eratortzen diren konpromisoak betetzera". Izquierda-Ezkerrak aurkeztua. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkako botoarekin onetsi da.

 

- “1. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du 2020. urtea amaitu aurretik onets dezan baimenei buruzko dekretu berria, eta lan egin dezan pertsonarengan ardazturiko arretaren eredu berria sendotzearen alde gure erkidegoko egoitza guztietan, publikoak nahiz pribatuak.

 

2. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du bultzada eman diezaion inbertsio-lerro bati, zeinetan inbertsioek xedetzat izanen baitute zentro propioak eta toki entitateenak birmoldatu eta birgaitzea, halako moldez non egoitzak, desgaituentzako zentroak eta gizarte-zerbitzuetako beste zentro batzuk egokitu eginen baitzaizkie pertsonarengan ardaztuta egonen den arreta-eredu berri baten ondoriozko beharrizanei. Eredu horrek zenbait aldaketa eginen ditu espazioetan, covid-19ari edo antzeko epidemiei aurre egiteko prebentzio neurriak hartzea erraztuko dutenak". PSNk, Geroa Baik, Podemos Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak aurkeztu dute. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkako botoarekin onetsi da.

 

- "Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Gizarte Zerbitzuetako Oinarrizko Laguntza garatzeko plana egunera eta abiaraz dezan, halaber erreparatuko diena arlo horietan COVID-19aren krisiaren ondorioz sorturiko premiei". PSNk, Geroa Baik eta Podemos Ahal Duguk aurkeztu dute. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda Ezkerraren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren abstentzioarekin onetsi da.

 

- "Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Gizarteratze Planaren eguneratze, egokitze eta aplikaziorako bultzada eman dezan, COVID-19aren krisiaren ondoriozko premia sozial berrien eta eginiko ebaluazioaren emaitzaren arabera". PSNk eta Podemos-Ahal Duguk aurkeztu dute. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda Ezkerraren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren abstentzioarekin onetsi da.

 

Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Batzordea

 

Eztabaidaturiko 12 erabaki proposamenetatik, Batzordeak 11 onetsi ditu (horietako bi, in voce): 1 Navarra Sumarena, 2 PSNrenak, 1 Geroa Bairena, 3 EH Bildurenak, 1 Podemos-Ahal Dugurena, 1 I-Erena, 1 PSN, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek elkarrekin aurkeztua eta beste bat PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Duguk elkarrekin aurkeztua. Honako hauek dira:

 

- “Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du handitu dezan zuntz optikoa Foru Komunitate osoan hedatzeko inbertsioa eta, halaber, ahalegina bidera dezan negoziaziora eta lankidetza publiko-pribatura telekomunikazio operadoreekin adostasunak lortzeko, nafar guztiek zuntz optikoaren kablerako sarbidea izatea lortze aldera, edonon bizi direla ere. Horretarako, garrantzitsua da Nafarroako Gobernua NASERTICen bidez eskaintzen ari den prezioak aldatzea eta 2020ko merkatura egokitzea, betiere aintzat hartuta biztanle gutxien dituzten eskualdeak”. Navarra Sumak aurkeztu du. Navarra Sumaren, PSNren, Geroa Bairen eta I-Eren aldeko botoekin, Podemos-Ahal Duguren abstentzioarekin eta EH Bilduren aurkako botoarekin onetsi da.

 

- “1. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du berrikuntzaren bidez susta ditzan –zentro teknologikoentzako eta proiektuetarako laguntzen bitartez– energia garbiaren ekoizpenarekin eta hura gordetzearekin zerikusia duten proiektuak, prozesuaren kudeaketa eta eraginkortasuna hobetze aldera.

 

2. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du berrikuntzaren bidez susta dezan–zentro teknologikoentzako eta proiektuetarako laguntzen bitartez– biomedikuntzaren sektorea negozio-ildo gisa, bai material medikoaren eta analisietarako laborategiko materialaren ekoizpenari dagokionez, bai ZIUetarako ekipo bereziak eta NBEak ekoizteari dagokionez, autohornikuntzara ahalik eta gehien hurbiltzea ahalbidetuko duena”. Nafarroako Alderdi Sozialista talde talde parlamentarioak aurkeztua. Aho batez onetsi da.

 

- “1. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du unibertsitateko beken programa hobetzeko plan bat taxutu dezan, ziurtatzeko gabeziak dituzten ikasleen beharrizanak jasotzen direla eta Nafarroako ikasle guztiei ezagutza eta gaitasunak aukera berdintasunez garatzen ahalbidetuko diela.

 

2. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du 2021eko lehen hiruhilekoan has ditzan Medikuntzako eraikin berria eraikitzeko obrak, lehenbailehen bere osotasunean eta modu eraginkorrez erabilgarri egon daitezen eraikina eta ikasgelak, bai eta laborategiak eta simulaziorako ebakuntza-gelak ere” Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioak aurkeztua. Aho batez onetsi da.

 

-”Nafarroako Gobernua premiatzen da Navarre lnternational Artificial lntelligence Centre (NIAIC) -Centro Internacional Navarro de la Inteligencia Artificial - Adimen Artifizialeko Nazioarteko Nafar Zentroa- sor dezan. Zentro horren funtsezko xedea izanen da oinarrizko ikerketa zeharkako eta bikaintasunekoaren garapen hobezina bermatzea adimen artifizialaren eremu nagusietan; finean, bermatzea, adituek dioten moduan, oinarrizko ikerketak –industrian edo merkatuan, oro har, berehalako aplikazio zuzenik zertan izan ez duenak– bere tokia izan dezan. Xedea da zentro hori Europako eta munduko erreferentziazko zentroa izatea. Geroa Baik aurkeztu du. Aho batez onetsi da.

 

- “Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du eskubide digitalei buruzko foru lege proiektu bat presta dezan, neurriak hartu eta beharrezkoak diren inbertsioak egiteko esparru gisa, behin betikoz konpontzeko “azken milia”ri buruzko arazoa; izan ere, hori dela-eta Nafarroako herri askok ez dituzte betetzen gutxieneko baldintzak konektibitateari buruzko oinarrizko beharrizanei erantzuteko. Beharrezkoa da ahalbidetzea digitalizazioa oinarrizko kontsumo-ondasuna izatea eta herritar guztiei bermatzea, kontuan izan gabe haien baldintza sozioekonomikoak eta edozein dela ere bizi diren udalerria. Prozesu horretan, kontsumo-puntuetarainoko estaldura koordinatu beharko da toki entitateekin, halako moduz non sarea publikoa izanen den eta gainera aukera emanen digun epe laburrean burujabetza digitalari buruzko esparru bat lortzeko”. EH Bilduk aurkeztua. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkako botoarekin onetsi da.

 

- “Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du unibertsitateko tasen eta beken arloan beharrezkoak diren neurriak har ditzan, Nafarroan inork ez dezan arazorik izan unibertsitatean sartzeko edo unibertsitateko ikasketekin jarraitzeko COVID-19ak eragindako osasun krisitik eratorritako krisi ekonomikoaren ondorioz. Halaber, departamentuak beharrezkoak diren larrialdi planak ezarriko ditu premia-egoeran dauden ikasleei laguntzeko”. EH Bilduk aurkeztua. Aho batez onetsi da.

 

- “Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du ikerketa susta dezan, bi ardatzetan:

 

Lehentasuna ematea, epe eta baliabideei dagokienez, biomedikuntza, Nafarroako produkzio-ehunduraren dibertsifikazioa eta industrian efizientzia eta ingurumen-portaera hobetzeko ekoberrikuntza –prozesuen optimizaziora eta ingurumenarekiko errespetuzkoak diren ezaupidetan oinarritutako produktuen sorkuntzara bideratua– xede duten ikerketa-proiektuak. Hori dela eta, SINAIren agenteen lana bultzatuko da (INAMAT eta ISC-Institute of Smart Cities, CENER, IdisNA)

 

2017tik 2020ra bitarteko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren arabera, eskualde batek berrikuntzaren arloan liderra izan nahi badu, ikertzaile onenak izateko xedea izan behar du. Horrenbestez, beharrezkoa da talentua prestatu, mantendu eta erakartzeko aukera eskaintzea. Hori dela eta, Nafarroako Gobernuak, Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdearen esparruan, EHUren, NUPen eta Bordeleko Unibertsitatearen arteko hitzarmen bat sustatuko du, xede izanen duena lankidetza esturako programa bat sortzea, ikerketarako eta ezagutza eta talentuak trukatzeko proiektuak bultzatzea eta nazioarteko unibertsitateekiko eta, zehazki, mugez gaindiko unibertsitateekiko harremanak sustatzea”. EH Bilduk aurkeztua. Aho batez onetsi da.

 

- “Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du honako hauek egin ditzan:

 

a) 2020-21 ikasturtea hasi baino lehen, teknologiarako sarbideari buruzko arrakalari erantzutea (etxeko ordenagailu kopurua, sim txartelak, Interneterako sarbidea eta ikasteko toki egokia), bai eta horien erabilerari buruzko arrakalari (guraso eta tutoreek Interneti eta aplikazioei buruz dituzten ezaupideak) eta ikastetxe publikoen eta bertako irakasleen prestakuntzari eta baliabideei buruzkoari ere bai.

 

b) Herritarrei teknologia berriei eta Nafarroan elkarrekin bizi diren hizkuntzei buruzko prestakuntza ematea, on-line izapide administratiboetarako sarbidea izan dezaten (erregistroak, errolda, errenta aitorpena, atzerritarren arretarako zerbitzuekiko hitzorduak eta abar) eta horrela inklusio digitala faboratzeko.

 

c) Tokiko entitateekin koordinaturiko soluzio partikularrak ematea, abiadura handiko Internet eramateko pertsona bat bizi den, negozio bat dagoen, zerbitzu bat eskaintzen den edo eskatzen duen txoko bakoitzera; azken batean, kontua da fokua azken milian jartzea, guztiok konektibitatea izan dezagun.

 

d) Sektore publikoaren barruan kudeaketa teknologikoan diharduten emakumeen eta gizonen arteko ekitatearen garrantziari heltzea, Hiri Adimendunen Espainiako Sarearen Berrikuntza Sozialerako Lantaldeak gomendatzen digun moduan. Hain zuzen, hori izanen da eredu nagusia beste sektore batzuetarako, IKTak gure hirietako eta herrietako egunerokoan egonen diren etorkizunari begira.

 

e) Genero-ikuspegia, desgaitasun-ikuspegia eta Garapen Jasangarriaren Helburuekin eta 2030eko Agendarekin hartutako konpromisoak jasotzea”. Podemos-Ahal Duguk aurkeztu du. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda Ezkerraren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren abstentzioarekin onetsi da.

 

- “Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du honako hauek egin ditzan:

 

1. Kalitatezko ikerketa zientifiko publikoa sustatu eta babestea eta talde ikertzaileei beharrezkoak dituzten funtsak eta lan baldintza duinak ematea. Halaber, ezinbestekotzat hartzen da administrazio publikoen gidaritza Nafarroan garatzen diren eta funts publikoak jasotzen dituzten I+G+b prozesuetan.

 

2. Osasun arloko ikerketa sustatzea O-NOZen egituran, bereziki Nafarroako Ospitalegunean, hori baita Nafarroan egiten den osasun arloko ikerketa publikoaren erreferentziazko ospitalea.

 

3. Patenteen eta funts publikoen partaidetza duten osasun arloko ikerketen emaitzei buruzko kontratuak arautzea eta horietan gardentasun osoko klausulak eta interes publikoko irizpideak sartzea, etorkizunerako arrazoizko prezioak bermatzeko.

 

4. Zientziaren plan publiko bat sustatzea, produkzio-ehunduran berrikuntza eta garapen teknologikoa bultzatzeko, bereziki industrian, balio erantsi handiagoko ekonomia baterantz aurrera egite aldera”. Izquierda-Ezkerrak aurkeztua. Aho batez onetsi da.

 

- “1. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du konektibitatean aurrera egin eta banda zabaleko eta 5G sarea Nafarroa osorako estaldurarekin ezartzeko lau urteko plana gara dezan, horrek ahalbidetuko baitu landa eremuen aurrerabide ekonomiko eta soziala eta berdintasun digitalerantz aurrera egitea, eta Gobernu Digitalaren garapenean aurrera egin dezan, eta telelana, leihatila elektronikoa, telemedikuntza eta telehezkuntza susta ditzan.

 

2. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du garapen hori toki entitateekin lankidetzan egin dezan eta haiekin hitzarmenak sina ditzan herrietako ezarpena errazteko". PSNk, Geroa Baik, Podemos Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak aurkeztu dute. Aho batez onetsi da.

 

- “Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Berrikuntzaren Erosketa Publikorako Atala aktiba dezan, hura finantzatzeko konpromisoarekin. Hala, Gobernuaren trakzio-eginkizuna ziurtatuko dugu Nafarroan oinarri teknologikoa duten start-up motako enpresak garatzeko. Deialdi orotatik bazterturik geldituko dira paradisu fiskaletan erregistraturiko enpresa eta konpainiak, Frantzia, Danimarka eta Polonia bezalako herrialdeetan egin duten moduan”. PSNk, Geroa Baik eta Podemos Ahal Duguk aurkeztu dute. Aho batez onetsi da.

 

Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentua

 

Eztabaidaturiko 17 erabaki proposamenetatik, Batzordeak 10 onetsi ditu (horietako bat, in voce): 3 Navarra Sumarenak, 1 PSNrena, 1 Geroa Bairena, 2 EH Bildurenak, 1 I-Erena, 1 PSNk, Geroa Baik eta Podemos-Ahal Duguk elkarrekin aurkeztua eta beste bat PSNk eta Geroa Baik elkarrekin aurkeztua. Honako hauek dira:

 

- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du jarduera ekonomikoa gelditu izanaren ondorioak arintze aldera abian jarritako abalen lerroa handitu dezan. Bai elkarren bermerako sozietateei laguntzeko lerroak, bai Nafarroako Gobernuak Sodenaren bidez kudeatzen ahal dituen eta kudeatu behar dituen abal zuzenen lerroak. Halaber, abal horiek baimentzeko baldintzak berrikusi beharko dira, halako moduan non baldintza horiek ez baitira bihurtuko lortu nahi den xederako oztopo, baizik eta enpresa gehien-gehienentzako baldintza malgu eta eskuragarri, dauzkaten xedeak eraginkorrak izan daitezen. Navarra Sumak aurkeztu du. Navarra Sumaren, PSNren eta Geroa Bairen aldeko botoekin, Podemos Ahal Duguren abstentzioarekin eta EH Bilduren eta I-Eren aurkako botoarekin onetsi da.

 

- Neurri-sorta bat onestea proposatzen da, oinordetza-zailtasunak dauzkaten enpresak edo enpresa-jarraitutasuneko zailtasunak dauzkatenak suspertzeko, oinordetzan hartzeko edo lan elkartuko kooperatiba edo lan-sozietate bihurtzeko; neurri-sorta horretan nahitaez jaso beharko dira, besteak beste, inbertsiorako eta zirkulatzailerako abalen lerro berariazkoak eta birmoldatze/eraldatze prozesuetarako aholku-emate teknikorako laguntzak. Navarra Sumak aurkeztu du. Aho batez onetsi da.

 

- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Nafarroa Berritu Plan berri bat zuzki eta susper dezan, ibilgailu berriak erosteko laguntzak jasoko dituena, helburu bikoitzarekin: salmenten igoerak foru erkidegoko nahiz nazioko ibilgailu-industriari lagun diezaion eta Nafarroako Foru Ogasunaren diru-bilketa areagotzea, jarduerak eragindako zeharkako zergen bidez. Planak berekin ekarri beharko du ingurumena gutxiago kutsatzen duen ibilgailu bat erosten duenari laguntzea; halatan, laguntza progresiboa izanen da faktore horren arabera, halako moduan non laguntzarik handiena izanen baita ibilgailu % 100 elektrikoa erosteko. Navarra Sumak aurkeztu du. Navarra Sumaren eta Podemos-Ahal Duguren aldeko botoekin, PSNren eta Geroa Bairen abstentzioarekin eta EH Bilduren aurkako botoarekin onetsi da.

 

- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Elkarrizketa Sozialerako Kontseiluaren baitan lan egin dezan Enplegu Planaren gaineko akordio bat bilatzeko, pandemiatik heldu den agertokira egokitua eta Reactivar Navarra-Nafarroa Suspertu 2020-2023 Planean kokatua. PSNk aurkeztu du. Navarra Sumaren, PSNren eta I-Eren aldeko botoekin, Geroa Bairen abstentzioarekin eta EH Bilduren eta Podemos-Ahal Duguren kontrako botoekin onetsi da.

 

- “Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du laguntza-programa bat abiaraz dezan, COVID-19a hedatzetik heldu den krisiaren ondorioz krisian dauden enpresa txiki eta ertainak berregituratzeko eta horiei beste bultzada bat emateko. Laguntza-programak honako alderdi hauek jaso beharko ditu, besteak beste:

 

a) Deialdi horren xedera bideratutako baliabide ekonomikoak 8 milioi eurora iristen dira.

 

b) Diruz lagundu daitekeen egintza ezartzeko, aintzat hartuko da COVID-19aren krisiaren ondorioz enpresak ordainketa-ahalmena koiunturalki jaitsi izana.

 

c) Enpresa txiki eta ertainek proposamen honetan aurreikusitako laguntza ekonomikoak jasotzen ahalko dituzte baldin eta honako arlo hauetako industriako enpresa txiki eta ertainak badira eta krisi egoera pairatzen ari badira: erauzketa, eraldaketa, ekoizpena, arestiko horiei lotutako zerbitzu teknikoetakoa (produktua-prozesuari lotuak) edo informazioaren eta komunikazioen gizartearen arlokoak.

d) Eman beharreko laguntzak itzuli beharreko aurrerakinen bidez gauzatuko dira, eta publizitate, lehia eta objektibotasun printzipioei j

arraikiz emanen dira.

e) Enpresa bakoitzarentzako laguntzaren zenbatekoa 2020ko ekitaldirako aurrekontuan jasotako kutxako fluxu negatiboaren % 100era iristen ahalko da, 250.000 euroko mugarekin.

 

f) Egindako aurrerakinen itzulketak finkoak direla ulertuko da, eta aldian behin eginen dira, bost urtean zehar; honela, hain zuzen ere: bideragarritasun plana betetzeko ezarri den epea bukatzen denean, enpresek urtebeteko gabezialdia izanen dute itzulketak egiten hasi aitzin. Hau da, lehendabiziko itzulketa 2022an eginen da, eta gainerakoa, berriz, aldian-aldian bosgarren urtea bete arte”. Geroa Baik aurkeztu du. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkako botoekin onetsi da.

 

- Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du honako neurri hauek sar ditzan Reactivar Navarra/Nafarroa Suspertu Planean:

 

a) Saltoki txikientzako digitalizazio-tresnak, halako moduan non eskaintzak metatuko dituzten plataformak sortuko baitira, gertuko merkataritza on line saltzea erraztuko baita eta etxez etxeko salmeta ahalbidetuko baita.

 

b) Herritarrentzako bonuak jaulki eta banatzea, alarma egoerak eta ondorengo krisi ekonomikoak ukitutako saltoki txikietan eros dezaten. 10 langile baino gutxiago eta urtean 2 milioi euroko fakturazio-bolumena duten enpresa txikiei mugatua. Premia-egoeran dauden pertsonei diruz gehiago lagunduko zaie bonu horietan. Neurri bera erabiliko da tokiko turismoan.

 

c) Mugikortasun-neurriak, saltoki txikietarako irisgarritasuna sustatzera eta saltoki handien baldintzetara berdintzera bideratuak (aparkalekuaren kostua, garraio publikoaren sustapena, eta abar).

 

d) Merkataritzako etxabeak:

 

1. Iraganean merkataritzarako erabili diren edo erabil litezkeen etxabeen errolda bat egitea eta gertuko merkataritza bultzatzeko neurriak hartzea, eta beste errolda bat egitea hutsik dauden merkataritzako etxabeena eta asmo handiko neurri eta laguntzak hartzea horiek aktibatzeko.

 

2. Etxabe horiek zaharberritzeko laguntzak ezartzea eta, horretarako, sektoreko araudia berrikustea.

 

3. Merkataritzako etxabeak alokatzeko laguntzak ezartzea.

 

e) Saltoki handiak: Saltoki handiak irekitzeko ordutegia arautzea. Sektore horretako langileen lan-baldintzak eta osasuna babestea, denda txikiak eta tokiko merkataritza babesteko neurria ere bai baita.

 

f) Kontsumoaren pedagogia: Toki entitateekin lankidetzan, prestakuntza-planak eta kontzientziazio eta sustapen kanpainak bultzatzea, hurbiltasuneko produktuak, Km 0-koak, kontsumi daitezen, zirkuitu laburrak eta ekonomia zirkularra, enplegua sortzeko eta mantentzeko, zerga-baliabideak sortzeko, ingurumenaren arloko abantaila-iturri gisa... Helburua da aldaketa sakona lortzea kontsumo-ohitura eta -ereduetan. EH Bilduk aurkeztua. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkako botoarekin onetsi da.

 

- Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du honako neurri hauek sar ditzan Reactivar Navarra/Nafarroa Suspertu Planean:

 

a) Nafarroako Industria Plana eta S3 espezializazio adimentsuaren estrategia gaurkotzeko prozesua abiaraztea, honako hauek kontuan hartuta:

 

1. Jasangarritasun-irizpideak eta ekonomia zirkularra lehenestea.

 

2. Jarduera estrategikoak lokalizatzeko, birlokalizatzeko eta deslokalizatzea ekiditeko estrategiak taxutzea.

 

3. Erabakiguneak eta negozio-aukerak Nafarroan kokatzearen aldeko apustu egitea.

 

4. Gure produkzio-ehundura dibertsifikatzearen aldeko apustu egitea.

 

5. Beste lurralde batzuekin sinergiak sortzeko tresnak zehaztea, jarduera endogenoa garatzearen arloan.

 

6. “Estrategikoen” kategorian sartzea S3 espezializazio adimentsuaren estrategiak estrategikotzat hartutakoei gehitutako beste arlo batzuk (autogintza, mekatronika, elikagai-katea, energia berriztagarriak eta baliabideak eta osasuna). Arlo estrategiko gisa hartu behar dira arretagunea pertsonen zaintzan jartzen duten guztiak eta beren jarduera ekonomia zirkularrean oinarritzen dutenak.

 

7. Nafarroako enpresetan CO2 nahiz berotegi efektuko gasen emisioa murrizteko plan bat taxutzea eta ingurumenerako mehatxu argia diren enpresa-proiektuak berrikustea. Horretarako, prozedura piztaileak edo zehatzaileak garatuko dira.

 

8. Sektore publikoa aitzindari izatea lankidetza publiko-pribatuaren estrategian, planak taxutu eta lehentasunak ezartzean:

 

b) Eskualdeko garapen agentziak: Krisi honek agerian utzi du toki ekonomia baino askoz ere kalteberagoa dela ekonomia hiperglobalizatua. Leheneratze sozioekonomikoa tokiko ikuspegitik ahalbidetzeko neurriak identifikatzea eta proposatzea ezinbestekoa izanen da berreraikitzeari begira. Gure proposamena da diagnosia eta neurriak jasotzen dituen txosten bat egin dadin, kontuan hartuta eskualdeen errealitatea eta tokiko ekonomia; horretarako, mahai bat eratuko da eskualdeko garapen agentziekin. Entitate horiek funtsezkoak dira tokiko garapen ekonomikorako, eta horren ekarpenak funtsezkoak izanen dira Erkidegoaren suspertze ekonomikorako.

 

Hortaz, gure proposamena da toki entitateekin lankidetzan taxutu eta gara daitezen merkataritza erakartzeko eta antolatzeko planak, txikizkako merkataritzaren egoeraren diagnostikoa egiteko eta jarduketa-ildoekiko nahiz neurri zehatzekiko programa bat taxutzeko. Halaber, hirigintzaren antolamenduaren esparruan, merkataritza-jarduera garatzen den espazio fisikoaren analisia eginen da, tokian tokiko alderdi sozialak, ekonomikoak nahiz merkataritzakoak aztertzeko. EH Bilduk aurkeztua. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkako botoarekin onetsi da.

 

- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du honako hauek egin ditzan:

 

1) Ekonomia soziala, lankidetzakoa eta solidarioa aldeztera bideratutako aurrekontu-baliabideak handitzea.

 

2) Industria-jarduerak birlokalizatzera jotzea. Oinarrizko ondasunen hornidura lehentasun bihurtu da berehalako etorkizunari begira, eta ezinbestekoa da ondasunen eta zerbitzuen ekoizpena eskaria dagoen tokira hurbiltzea, teknologia berriek produktibitatea lantzea ahalbidetzen baitute.

 

3) Industria-sarea bultzatzeko eta eta horren produkzioa balio erantsi handiagoko jardueretarantz dibertsifikatzeko finantzaketa erraztea. Helburu horiek lortzeko, beharrezkoa da garapen teknologikoa eta berrikuntza ekoizpenaren fase guztietara iristea eta enpresaren tamaina nahiz jardueraren sektorea kontuan hartzea.

 

4) Toki-ekintzako taldeen eta Nafarroako Gobernuaren arteko lankidetzarako tresnak sortzea, Nafarroaren aberastasunaren eta aniztasunaren gaineko ezagutza sustatzeko eta, hartara, barneko turismo-zirkuituak sendotzeko. Izquierda-Ezkerrak aurkeztu du. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkako botoarekin onetsi da.

 

- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du honako hauek egin ditzan:

 

1) Medikuntza Pertsonalizatuko eta Doitasun-medikuntzako Estrategia Integrala taxutzen bukatzea, eta berrikuntzarako enpresen plataforma abian jartzea, IDISNAren esparruan, bai eta osasun arloko enpresa-proiektuak garatzeko programa bereziak ere.

 

2) Testuinguru honetan garatu beharreko ekintza planean turismoaren sektorearekin batera lan egiten jarraitzea, Nafarroa COVID-19aren ikuspuntutik turismoko destino seguru gisa proiektatzeko beharrezkoak diren jarduketak sustatzeko xedez, eta turismo-jarduerakogastua epe motzean sustatzeko, barne-eskaria bultzatuz.

 

3) Industria sortzaile eta digitalen sektoreko erreferentziazko eragile pribatuekin lan egiten jarraitzea, Nafarroan balio-katea gero eta sendoago eta indartsuagoa eraikitzea ahalbidetuko duen enpresa-eskosistema ezartzeko, horrek berekin baitakar kalitatezko enplegua sortzea. Eta, bidenabar, horren gaineko tratamendu fiskala, sektorearen garapena aldezten jarraitzeko.

 

4) Nafarroako enpresak nazioartekotzeko laguntza areagotzea; bereziki, Nazioarteko Planeko herrialde lehenetsietarako esportazioak.

 

5) Denda txikien negozio-ereduak eraldatzeko prozesuak aldeztea, batik bat digitalizazioaren bidez, eta sustapen ekonomikoko arloak arautzeko foru lege proiektua taxutzeko eta onesteko prozesua burutzea.

 

6) Ekintzailetza kooperatiboko programak eta krisian dauden enpresak birmoldatzekoak babestea ekonomia sozialaren esparruan.

 

7) Enpresa-proiektuetan administrazio-izapideak soiltzea.

 

8) I+G+b-n inbertitzea enpresa-lehiakortasuneko palanka gisa, eta enpresen etengabeko digitalizazioaren aldeko apustu egitea; izan ere, hori ezinbestekotzat jotzen da modernizazioaren nahiz balizko egiturazko aldaketen bidean.

 

9) Eraldaketa digitalaren prozesua bultzatzea, Nafarroaren garapenerako ardatz nagusi gisa. PSNk, Geroa Baik eta Podemos Ahal Duguk aurkeztu dute. Navarra Sumaren, PSNren, Geroa Bairen eta Podemos-Ahal Duguren aldeko botoekin eta EH Bilduren eta I-Eren abstentzioarekin onetsi da.

 

- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du honako hauek egin ditzan:

 

1) Nafarroa kohesionatu, osasuntsu, jasangarri, industrial eta lehiakor baten aldeko apustu egitea, S3 espezializazio adimentsuaren estrategia COVID-19aren osteko agertoki berrira egokituz eta hori gidatzen duten printzipioak, bai eta Nafarroaren garapenerako ardatzak ere, mantenduz.

 

2) Digitalizazioaren esparruan egon badauden lan-ildoak sendotzea eta bultzatzea, eta orobat oinarri teknologikoko ekintzailetza aldezteko ekimenak eta datu-zientziako laborategia, eta erreferentziazko proiektu berriak bultzatzea eta garatzea; esate baterako, Berrikuntza Digitaleko Poloa, non plataforma birtual digitalarekin, esku hatzen duten eragileen sarearekin nahiz horren gobernantzarekin lotutako lanak bukatu beharko bailirateke, eta urrats sendoak egitea azpiegitura fisikoei dagokienez. Bidenabar, prestakuntza dualeko, lanbide gaikuntzako eta enplegua galtzen duten pertsonen gaitasun digitalak garatzeko sistemak sustatu behar dira, eten digitalari aurre egiteko.

 

3) Trantsizio energetikoari buruzko bide-orria betetzea. Horretarako, eta Europako Itun Berdearekin nahiz klima aldaketari buruzko lege proiektuak estaturako ezartzen dituen helburuekin bat, Nafarroako Gobernuak klima aldaketari eta trantsizio energetikoari buruzko foru lege proiektua onetsi beharko du, diren aukera guztiak baliatze aldera ekonomiaren eta industriaren modernizazioari, enplegu-sorrerari eta inbertsioak erakartzeari begira, horrek guztiak oparotasun inklusibo eta ingurumenarekiko errespetuzko baterako bidea irekitzen baitu.

 

4) Beharrezkoak diren izapideak erraztea eta soiltzea, energia berriztagarria sortzeko proiektuak eraikitzea eta abian jartzea albait azkarren gara daitezen, eta dauden parke eolikoak birpotentziatzeko proiektuak aldeztea, hori sustatuko duen araudi berekia garatuz, ingurumen-baimenak koordinatuz eta haize-sorgailu berriak paratzea sustatuz.

 

5) Automogintzaren sektorearentzako pizgarrien programa bat erreibindikatzea, eta, hortaz, Europan nahiz estatuan ibilgailuen sektorean eskaria akuilatuko duten ekimenak babestea.

 

6) Ostalaritzaren, turismoaren eta merkataritzaren sektoreak, bai eta sektore horietan inplikatuta dagoen hornidura-katea osoa nahiz gehien kaltetu direla jotzen diren sektoreak ere, leheneratzeko plan bat garatzea, aurrekaririk ez duen geraldi baten ostean jarduera suspertzeko eta leheneratzeko xedez. PSNk eta Geroa Baik aurkeztua. Navarra Sumaren, PSNren, Geroa Bairen eta Podemos-Ahal Duguren aldeko botoekin eta EH Bilduren eta I-Eren abstentzioarekin onetsi da.

 

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua

 

Eztabaidaturiko 13 erabaki proposamenetatik, Batzordeak 12 onetsi ditu (horietako bat, in voce proposamena): 1 Navarra Sumarena, 1 PSNrena, 1 Geroa Bairena, 2 EH Bildurenak, 2 Podemos-Ahal Dugurenak, 3 I-Erenak, 1 PSNk, Geroa Baik, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek elkarrekin aurkeztua eta beste bat PSNk, Geroa Baik eta Podemos-Ahal Duguk elkarrekin aurkeztua. Honako hauek dira:

 

- “Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du landa-garapenerako politiken arloko bere ekintza pizgarri handiago bihur dezan.

 

Egia bada, Gobernuak dioen bezala, pandemia honetatik irtetean inork ez duela atzean geratu behar, neurri zehatzak hartu beharko dira alarma-egoerak bereziki zigortzen dituen sektoreak suspertzen laguntzeko: Abeltzaintza (haragitarako behiak eta ardiak, zezenketarako azienda, oilaskoa, batez ere), baratzezaintza eta, jakina, mahastizaintza eta ardogintza.

 

Produktuak sustatzeko neurriak lagungarri gerta daitezke epe ertainera, baina epe laburrean beste neurri zuzen batzuk beharko dira, azpisektore produktibo horiek berehala suspertzeko balioko dutenak, garaiz iritsi nahi bada, muga-mugan dauden ustiategi eta enpresa batzuk itxi aurretik.

 

Berrikuntzak, oro har, suspertzeko motor nagusia izan behar du, baina modu nabarmenean ezarri beharra dago honako arlo hauetan: nekazaritzako elikagaien katean, eta digitalizazioan aurrera egiteko bidean, teknologia kate osoan sartzerakoan eta balio erantsian parte hartzerakoan.

 

Gure ustez, Nafarroako Estrategia Adimentsua (S3) berrikustean, COVID-19aren ondorengo ingurune berrira egokitzeko, ezinbestekoa da suspertzeko funtsezko bi osagai mantentzea: nekazaritzako elikagaien katea eta enpresa-dimentsioa handitzea”. Navarra Sumak aurkeztu du. Navarra Suma, PSN, Podemos Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta Geroa Bai eta EH Bilduren abstentzioekin onetsi da.

 

- “1. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du susta dezan energia berriztagarriak txerta daitezela ureztatzeak modernizatzeko proiektuetan, energia-kontsumoko motaren bat dutenetan.

 

2. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Nafarroako ubidea eta Ureztatzeen eta Uraren Estrategiaren Foru Plana garatu ditzan, Nafarroako ubidearen eremu ureztagarria garatzeko, gainerako ureztatze-eremuetan bezala. Efizientziak, ura aurreztearen, energia aurreztearen eta ingurumen-inpaktuaren ikuspegitik, funtsezko zeregina izan behar du”. PSNk aurkeztu du. Navarra Suma, PSN, Geroa Bai eta I-Eren aldeko botoekin eta EH Bilduren eta Podemos-Ahal Duguren aurkako botoekin onetsi da.

 

- “Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du honako hauek egin ditzan:

 

1. Klima-anbizio handiagoa sustatzea klima aldaketari eta trantsizio energetikoari buruzko foru lege berri baten bidez.

 

2. Industriaren esparruan ekonomia garbia eta zirkularra sustatzea, Nafarroako Ekonomia Zirkularraren Agenda aplikatuz.

 

3. Ekosistemen eta biodibertsitatearen zaintza eta berrezarpena bultzatzea, biodibertsitateari buruzko foru lege berri bat sustatuz.

 

4. Bidezkoa, osasungarria eta ingurumena errespetatzen duen elikadura-sistema baterantz aurrera egitea”. Geroa Baik aurkeztu du. Aho batez onetsi da.

 

- “Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Nafarroa Suspertu planean honako gai hauekin lotutako neurriak jaso ditzan:

 

a).-Nekazaritza- eta abeltzaintza-sektoreari laguntzeko neurriak, sektore horrek duen garrantzi estrategikoa kontuan hartuta, zeina agerian geratu baita alarma-egoeraren aldi osoan. Neurri horiek sektorearen ekoizpen-ereduaren benetako aldaketa sustatu behar dute. Hori dela eta, neurri horiek ekoizpen-baliabideen pilaketari, ustiategien tamainari eta laguntzei mugak jartzen dizkieten arauak ere ekarri behar dituzte berekin, zergen eta burokraziaren arloko eskakizunetan progresibitatea aplikatuz aipatutako tamainaren arabera. Azkenik, neurri horiek zirkuitu laburrak indartzea ahalbidetu beharko dute, eta landa-mundu indartsu, sendo, iraunkor eta orekatu baten alde lan egin beharko dute, elikadura-burujabetzan aurrera egiteko urratsak emanez.

 

b).-Kalitateko produktuak sustatzea, norberarena eta gertukoa aitortzea, elikagaien kalitateari eta segurtasunari buruzko Europako araudiak, laneko arauak, ingurumenekoak eta inguruan aberastasuna sortzeari buruzkoak betetzen dituen produktua aitortzea.

 

c).-Nafarroako Gobernuak elikagai-katearen funtzionamendua hobetzeko neurriei buruzko abuztuaren 2ko 12/2013 Legea guztiz betetzen dela kontrolatzea. Lege horren azken erreformaren ondoren, debekatu egiten da dirua galduz saltzea, hartara nekazaritzako eta abeltzaintzako sektoreei bidezko prezioak ordaintzen zaizkiela bermatzeko.

 

d).-Merkaturatze-zirkuitu laburrak bultzatzeari lehentasuna ematea, hurbileko eta tokiko merkataritzari laguntzeko neurriak barne.

 

e).-Erosketa publikoa tokiko nekazaritzako elikagaien sektorea suspertzeko tresnatzat hartzea. Ospitaleek, eskola-jantokiek eta egoitzek elikagaiak erostean, pleguetako prezioa ez ezik, klausula sozialak, tokiko produktuenak eta prezio duinetakoak ere kontuan hartu behar dira. Azken batean, elikadura osasungarria sustatzea.

 

f).-Lantalde bat sortzea, Nafarroan elikadura-subiranotasunerantz iraunkorra izanen den eskala txikiko nekazaritzarako plan estrategiko bat egiteko. Plan hori modu parte-hartzailean eginen da, eta epe labur, ertain eta luzean garatu beharreko ekintzak jasoko ditu, bera garatzeko berariazko aurrekontu-esleipenarekin.

 

g).-UAGN, EHNE eta UCAN erakundeekin adostutako NPBren eredu berria defendatzea, eskubide historikoak ezabatzeko, nekazari pertsonalari lehentasuna emateko, familiako nekazaritza-ustiapena defendatzeko edo ekonomiaren eta gizartearen eskakizunekin bat datozen nekazaritza-ekoizpen iraunkorrak sustatzeko.

 

h).-Aisialdiko baratzeetan autolaborantza babestea, ingurumena errespetatzen duen jarduera den aldetik, ingurumenari eta kontsumo jasangarri eta osasungarriari buruz kontzientziatzen laguntzen baitu, bai eta lurzoru emankorren ezaugarriak babesten ere. Horretarako, aisialdiko baratzeen erabilera eta jarduerak arautzea proposatzen da, pizgarri izan daitezen; eta, toki-entitateekin lankidetzan, aisialdiko baratzeen foru-parke bat sortzea, hala nahi duten herritarren eskura jarriko eta aktibatuko dituena, zehaztutako baldintzetan, aipatutako jarduerarako balio duten lursailak, gaur egun beste erabilera batzuk dituztenak edo aipatutakoa baino balio txikiagoko jardueretarako erabiltzen direnak”. EH Bilduk aurkeztua. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkako botoarekin onetsi da.

 

- “Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du 2020ko irailaren 30a baino lehen onar dezan klima aldaketari eta eredu energetikoaren trantsizioari buruzko foru lege proiektu bat, Parlamentuari igortzeko, honako gai hauek jasoko dituena:

 

a).-Xedea: arau-esparru, esparru instituzional eta instrumental egokia ezartzea, klima-aldaketa arintzea eta klima-aldaketara egokitzea errazteko, eta karbono gutxiko energia-eredu baterantz trantsizioa errazteko, energia berriztagarrietan oinarrituta, eta Nafarroako gizartea eta haren ingurunea baldintza klimatiko berrien aurrean prestatzea, nazioarteko jarraibideei eta konpromisoei jarraituz.

 

b).-Helburuak:

 

b.1).- Berotegi-efektuko gasak murrizteko nazioarteko konpromisoari laguntzea, eta Nafarroan klima-aldaketara egokitzen laguntzea, biztanleriaren eta lurraldearen kalteberatasuna murriztuz.

 

b.2).- Nafarroa lurralde jasangarri eta erresilientearen erreferente bihurtzea klima-aldaketara egokitzeari dagokionez.

 

b.3).- Nafarroan pertsonen eta ekosistemen osasuna babestea lortzea, gizarte-sektore ahulenei arreta berezia eskainiz. Politika publikoetan jasangarritasun energetikoaren baldintzak eta klima-aldaketara egokitzea txertatzea.

 

c).-Konpromisoak: foru legean, nazioarteko konpromisoak betetzeko, helburu gisa ezarriko da berotegi-efektuko gasen isuriak gutxienez % 45 murriztea 2030erako eta % 80 2050erako, 2005ekoekin alderatuta, bat etorriz 2050erako Europako Energia Estrategiarekin, Nafarroako 2030ra bitarteko Energia Planarekin eta KL INA-Klima aldaketari aurre egiteko Nafarroako ibilbide-orriarekin.

 

d).-Gobernantza: foru legean gobernantza sistema bat aurreikusiko da, helburu hauekin:

 

d.1).- Nafarroako administrazio publikoen erantzunkidetasuna sustatzea klima-aldaketaren eta eredu energetikoaren trantsizioaren politikak aplikatzean, bakoitzaren eskalan eta behar diren bitartekoekin eta tresnekin, Nafarroako Gobernuaren eta toki-erakundeen sektore-politikak beren eskumenen esparruan txertatuz.

 

d.2).- Klima-aldaketa arintzeko eta horretara egokitzeko estrategien erabateko integrazioa bultzatzea politika sektorialetan, planetan eta programetan.

 

d.3).- Herritarrek eta eragile sozial eta ekonomikoek KLINA-Klima aldaketari aurre egiteko Nafarroako ibilbide-orriaren, Nafarroako 2030erako Energia Planaren eta energiaren eta klima-aldaketaren arloko plangintza-tresnen jarraipenean eta ezarpenean parte har dezaten laguntzea.

 

e).-Nafarroako Energiaren eta Klima Aldaketaren Agentzia sortzea, izaera publikoko erakunde gisa, nortasun juridikoarekin eta autonomia administratibo eta ekonomikoarekin.

 

f).-Nafarroako Klima Funtsa sortzea eta eratzea, berotegi-efektuko gasen isuriak arintzeko eta isurketa horiei lotutako giza osasunaren eta ingurumenaren gaineko inpaktu kaltegarriei aurre egiteko neurriak finantzatzeko. Funts hori modu bereizian integratuko da departamentu eskudunen aurrekontuan”. EH Bilduk aurkeztua. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda Ezkerraren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren abstentzioarekin onetsi da.

 

- “Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du honako hauek egin ditzan:

 

a) Klima-aldaketari buruzko lege bat bultzatzea, aurre egin behar diegun erronkei eusteko ezinbesteko tresna izan dadin; hartan, ikuskapen-programa bat jasoko da, zeinaren helburua izanen baita kontrolatzea eta fiskalizatzea emandako baimenetan ezarritako araudia eta ingurumen-eskakizunak betetzen direla. Horrela, ingurumen-baimen integratua behar duten instalazioak ikuskatuko dira: nekazaritzako elikagaiak, harrobiak, konposatu organiko lurrunkorren kontsumitzaileak, hondakin-uren araztegiak, hondakinen kudeatzaileak, hondakin arriskutsuen ekoizleak eta mindak kudeatzeko instalazioak.

 

b) Isurketa-eskubideak salerosteko araubideari lotutako enpresek jaulkipenak egiaztatzeko egindako txostenak baliozkotzea eta isurketen inskripzioa egitea EBko Erregistroan; bertan, berotegi-efektuko gasak isurtzeko eskubideei buruzko araudiaren mende dauden jarduerak kontrolatzeko eta horien isuriak egiaztatzeko adierazleak aurkeztuko dira (C02 isurketei buruzko urteko txostenak, baimen-aldaketak eta jarraipen-planak, jardueren funtzionamendua aldatzeari buruzko txostenak).

 

c) Hondakinen isurketa zigortuko duen fiskalitate berdea onartzea (biodegradagarriak ez diren erabili eta botatzeko NBEak, erabilera bakarreko plastikozko poltsak, biodegradagarriak ez diren erabili eta botatzeko baxerak, biodegradagarriak ez diren erabilera bakarreko kapsulak, etab.); fiskalitate berdea, neurri berdeak ezartzen dituzten enpresak sarituko dituena eta ekoizpen-eredua aldatzeko baliabideak emanen dizkiguna; fiskalitate berdea, 'zero hondakin' helburuaren alde lanean ari diren enpresak sarituko dituena, eta produkzioaren ziklo osoan beren kontura inportatutako elementuak eta produktuak ordezkatuko dituena; erregai fosilen erabilerari pizgarria kenduko dion fiskalitate berdea.

 

d) Ikuspegi berri bat hartzea ingurumen-babesari dagokionez. Hala, ingurumen-legeria urratzen duenak zigorra jasotzeaz gain, eragindako kaltea konpondu beharko du.

 

e) Berrindustrializazio berdearen eta ekonomia zirkularraren estrategia bat ezartzea, ingurunean eta kutsadura, baliabideak eta biodibertsitatea kudeatzeko jardueretan eragin positiboa izanen duten industrietan enplegua sortzea sustatzeko, Nafarroako Hondakinen 2017-2027 Planeko Prebentzio Programaren helburuak betetzeko. Programa horren helburuetako bat da 2020rako hondakinak % 12 murriztea 2010ean sortutakoekin alderatuta.

 

f) Ingurumenari buruzko hezkuntzarako, sentsibilizaziorako eta kontzientziaziorako jarduerak bultzatzea, herritar guztien inplikazioa sustatuz, baita adin goiztiarrenetatik ere, gure ingurunea hobetzen lagunduko duen kontzientzia kolektiboa sortzeko, 2016an ingurumen-hezkuntzako jardueretarako eta ingurumen-boluntarioei laguntzeko hasitako programen bidez, bai eta ingurumen-hezkuntzako eta -boluntariotzako proiektuetarako laguntzen urteko deialdia berreskuratuz ere.

 

g) Hezkuntza Departamentuarekin eta Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusiarekin batera, Ekonomia Zirkularrari buruzko titulazio eta akreditazio profesional berri bat diseinatzea eta koordinatzea, enplegu berdea eta zirkularra gaitzeko eta sustatzeko.

 

h) Genero-ikuspegia, desgaitasunarena eta Garapen Jasangarriaren Helburuak-2030eko Agenda jasotzea". Podemos-Ahal Duguk aurkeztu du. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkako botoarekin onetsi da.

 

- “Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du honako hauek egin ditzan:

 

a) Foru dekretu bidez baldintza higieniko-sanitarioak egokitzea, gure landa eremuan bizimoduak eta bitartekoak mantentzeko eta Foru Komunitatean nekazaritza eta abeltzaintzako jardueraren sorrera sustatzeko.

 

b) Ekoizpen ekologikoa sustatzeko inbertsioak lehenestea, Foru Komunitatearen eskaria bermatzeko eta sendotzeko, eta elikagai ekologikoen eta tokiko elikagaien soberakinak kudeatzeko formulak aztertzea, ingurumenarekin jasangarriagoak diren nekazaritzako eta abeltzaintzako ereduak bultzatzeko eta haietara igarotzeko.

 

c) Elikagai ekologikoen eta tokiko elikagaien soberakinen erosketa publikoa, elikagai horiek beharrak dituzten herritarrei helarazteko, kalteberatasun-txartelak erabiliz.

 

d) Tokiko erakundeek, herritarrek edo kooperatibek elektrizitatearen edo beroaren hurbileko kontsumorako sustatutako instalazio berriztagarri txiki eta ertainetan inbertitzeko zuzeneko laguntzen lerro bat ezartzea; horien artean, ura edo biomasa erabiltzea lehenetsiko du departamentuak.

 

e) Landa-ingurunean autoenplegua sustatzea, lantegi kolektiboak sortuz eta herri-lurrak erabiliz, bai eta nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategiak kudeatzeko belaunaldien arteko modu berriak ere.

 

f) Genero-ikuspegia, desgaitasuna eta CDS-Agenda 2030ekiko konpromisoak jasotzea”. Podemos-Ahal Duguk aurkeztu du. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkako botoarekin onetsi da.

 

- “Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du honako hauek egin ditzan:

 

1. Bultzada ematea ingurumenaren babesarekin eta energia-eraginkortasuna hobetzeko estrategiekin konprometitutako ekoizpen-prozesuei, produktuei eta ondasunei, klima-aldaketaren aurkako borrokan laguntzen baitute.

 

2. Trantsizio ekologikorako, emisioak murrizteko eta energia-kontsumoa arrazionalizatzeko plan estrategiko bat egitea eta abian jartzea, honako hauek oinarri hartuta eredu zirkularretarantz doazenak: energiaren eta materialen kontsumoa murriztea, tokiko ekoizpen-, banaketa-, merkaturatze- eta kontsumo-ereduak, 0 hondakinaren politika, garraioaren murrizketa eta mugikortasun jasangarriaren aldeko apustua.

 

3. Apustu irmoa egitea energia berriztagarrien, eraikinen birgaitze ekologikoaren, berrerabilpenaren, birziklapenaren eta hondakinen kudeaketaren alde, eta funtsezko ondasunen (sanitarioak, ehunak, elikagaiak, teknologia...) ekoizpena birkokatzearen alde.

 

4. Airearen kalitatea hobetzeko plan bat egitea, Erriberari lehentasuna emanez, eta kutsaduraren aurkako protokoloak egitea udalekin, bereziki Iruñekoarekin eta Tuterakoarekin”. Izquierda-Ezkerrak aurkeztua. Aho batez onetsi da.

 

- “1. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du bultzada handia eman diezaion honako hauek egiteko gai izanen den Nekazaritza Politika berriari: familia-nekazaritza eta ustiategi txikiak defendatzea, ingurumena babestea eta enpresa handiek nekazaritzako elikagaien katea kontrolatzeko ahaleginari muga jartzea, kontsumorako oinarrizko elikagaien prezioen espekulazioa saihestuz.

 

2. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du bultzada handia eman diezaien nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoei". Izquierda-Ezkerrak aurkeztua. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkako botoarekin onetsi da.

 

- “1. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du susta dezan garapen jasangarrirako gidak eta planak egitea, oinezkoek eta bizikletek espazio publikoa gehiago erabil dezaten.

 

2. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarekin lankidetzan, lege-proiektu bat aurkez dezan, udalerri eta eskualde bakoitzean mugikortasun ez-kutsagarriko planak egin daitezen sustatzeko. Plan horiek bidegorrien eta oinezkoentzako pasealekuen definizio fisikoa eginen dute, eta biztanle-gune bakoitza egituratuko dute, baita gune mugakideekiko komunikazioak ere, autoek azken urteetan inbaditutako espazio publikoaren zati bat berreskuratzearen kontura.

 

3. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du iturri berriztagarrietako energia elektrikoaren garraio publiko kolektiboa martxan jartzeko eta hobetzeko behar diren neurri guztiak aztertu eta abian jar ditzan.

 

4. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du dirulaguntzen lerro bat gara dezan bizikletak eta mugikortasun jasangarria erraztuko duten bestelako ibilgailuak erosteko”. Izquierda-Ezkerrak aurkeztua. Aho batez onetsi da.

 

- “Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du honako hauek egin ditzan:

 

1- 2021-2027 Landa Garapenerako Programa nekazaritza-jarduerari eta landa-garapeneko politikei lotutako jarduera-ildoei estaldura eman behar dien Esparru Estrategiatzat hartzea, bai eta landa-inguruneko biztanleen bizi-kalitatea hobetzen jarraitzeko balioko duen tresna estrategikotzat ere, gizarte- eta ingurumen-eredu jasangarri baten esparruan.

 

2- Nekazaritza Politika Erkidearen bigarren zutabean egindako ahaleginarekin jarraitzea, bai EBk Nafarroara bidera ditzakeen Erkidegoko funtsekin, bai funts propioekin”. PSNk, Geroa Baik, Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak batera aurkeztua. Aho batez onetsi da.

 

- “Nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategiak maneiatzeko teknika berrien aholkularitza, ikerketa eta esperimentazioa bultzatzea eta sustatzea, bai eta ekoizpen-tekniken eta izurriteak eta gaixotasunak kontrolatzeko tekniken arloko berritzea eta ekoizpen-prozesu osoaren digitalizazioan aurrera egitea ere”. PSNk, Geroa Baik eta Podemos Ahal Duguk aurkeztu dute. Aho batez onetsi da.

 

Kultura eta Kirol Departamentua

 

Batzordeak 9 erabaki proposamen eztabaidatuak onetsi ditu: 2 Navarra Sumarenak, 1 PSNrena, 3 EH Bildurenak, 1 Podemos-Ahal Dugurena, 1 PSNk, Geroa Baik, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek elkarrekin aurkeztua, eta beste bat PSNk, Geroa Baik eta Podemos-Ahal Duguk elkarrekin aurkeztua. Honako hauek dira:

 

- "Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du plan bat egin dezan, "Nafarroak txalo" izen apropos izanen lukeena, eta helburutzat hartuko duena gizarteak krisi honetan eginiko esfortzuarekiko esker ona helaraztea. Konfinamendu-aldian balkoietako txaloekin gertatu den bezala, Navarra Sumatik berotasun eta goxotasun hori herritar guztiei itzuli nahi diegu, etxeko kontsumo digitalaren bidez eta, presentzialki, antzoki, zinema, zuzeneko musikako areto, erakusketa, ekitaldi, kirol-txapelketa eta -erakustaldi eta abarren bidez.

 

Plana emanaldi presentzial nahiz digitaletarako kirol-kultur bonuen eskaintza batean mamituko litzateke, herritar guztiei modua emate aldera kulturaren eta kirolaren sektorearen suspertze ekonomiko eta sozialean parte hartzeko. Halaber, kirol-kultur bono solidarioen eskaintza bat proposatzen dugu, krisiaren ondorio latzenak pairatu dituzten pertsonentzat, hala nola langabetuak eta erretiratuak, bai eta osasungintzarako kirol-kultur bonoak ere, pentsatuak osasungintzako eta oinarrizko sektoreetako langile guztientzat, zeinak biziak salbatzeko borrokan jardun baitira, bai eta konfinamendu-aldian zehar oinarrizko gaien hornidura eta gure bizitza bera errazten. Horrela jokatuz, krisiak gogor jo dituen bi sektoretan kontsumorako pizgarriak ematea ez ezik, herritar guztiak suspertze honen partaide izan daitezen ere nahi dugu; batez ere, pandemiaren unerik kritikoenetan borrokaren lehen lerroan lan egiten aritu diren horiek. Navarra Sumak aurkeztu du. Navarra Sumaren, PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren eta Podemos-Ahal Duguren aldeko botoekin eta I-Eren abstentzioarekin onetsi da.

 

- "Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du ondare historiko kulturala zaindu, zaharberritu, mantendu eta ezagutarazteko plan bat abiaraz dezan, Nafarroako toki entitateekin kofinantzatuta, krisi ekonomikoak eraikuntzan, ostalaritzan, merkataritzan edo turismoan izandako ondorioak samurtze aldera". Navarra Sumak aurkeztu du. Aho batez onetsi da.

 

- "Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du bono kulturalak sor ditzan, gutxienez ere % 15eko deskontua emanen dutenak liburu, musika eta abarren erosketa eta kontsumoan, hurbileko saltokietan, Baluarteko eta Navarra Arenako emanaldietan eta Nafarroako museo-sareko museo ezberdinetarako sarreretan.

 

Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du kultur bonu horiek aipatu deskontua populazio-sektore ezberdinentzat handitzeko modua izan dezaten; adibidez, gazteentzat, langabetuentzat, familia ugarientzat, familia gurasobakarrentzat eta abar". PSNk aurkeztua. Aho batez onetsi da.

 

- Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du honako neurri hauek sar ditzan Reactivar Navarra/Nafarroa Suspertu Planean:

 

a) Departamentua ezohiko baliabidez hornitzea, kultur-alorreko talka-plana egikaritzeko, zeina 2020ko maiatzaren 21ean onetsi baitzuen Nafarroako Parlamentuak.

 

b) Nafarroako kultur esparruko profesionalen eta amateurren egoera duintzeko eta egonkortzeko neurriak hartzea.

 

c) Nafarroako Eskubide Kulturalei buruzko Foru Legean jasotako xedapenak, jarduketak eta eskubideak betetzea". EH Bilduk aurkeztua. Aho batez onetsi da.

 

- "Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du berariaz azter dezan zer eragin izan duen COVID-19aren krisiak Nafarroaren berezko herri- eta folklore-adierazpide kulturalen jardunean, hala nola erraldoi-konpartsak, dantzariak, txistulari-taldeak, jota, bertsolaritza... eta kalteturiko kolektiboekiko elkarrizketaren bitartez neurriak taxutu ditzan haien iraupena bermatzeko, haien jarduna egungo egoerara egokitzeko eta haien eragin soziala areagotzeko". EH Bilduk aurkeztua. Aho batez onetsi da.

 

- "Parlamentuak, kirol alorrean, Nafarroako Gobernua premiatzen du ahalik eta azkarren jardun dezan, bermatzearren herritarrek modua izatea egungo kirolgintzan eta oinarrizko kiroleko talde eta kluben jardueretan aritzeko. Horrela, ezohiko laguntzen lerro bat ezarriko da instalazioak egokitzeko, aire irekiko kirolgintzarako zedarritze berezietarako eta landa-lursailetako jarduketetarako". EH Bilduk aurkeztua. Aho batez onetsi da.

 

- “Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du honako hauek egin ditzan:

 

Ohiz kanpoko deialdi urgenteak egin ditzan, kultur jardueraren geldialdiagatik eta horren suspertze motelarengatik gure erkidegoko kultur sektore ezberdinak nozitzen ari diren egoeraren larritasuna samurtze aldera; dauden laguntzak berregitura ditzan, epeak luzatuz eta laguntza horiek eskuratzeko baldintzak malgutuz; foru-, nazio- eta europar funts bereziak eskuratzeko modua negozia dezan, departamentuak Nafarroaren hurrengo aurrekontuetan izanen duen pisu espezifikoa aldatzea xede harturik, harik eta Europako batez bestekora iristen den arte, zeinak aurrekontu horien % 1,5 egiten baitu.

 

Genero-ikuspegia, desgaitasun-ikuspegia eta Garapen Jasangarriaren Helburuekin eta 2030eko Agendarekin hartutako konpromisoak jasotzea”. Podemos-Ahal Duguk aurkeztu du. Aho batez onetsi da.

 

- “Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du honako hauek egin ditzan:

 

Kultur sektorearen eraldaketa digitala aldezteko programa bat taxutzea, sorkuntza- eta erakusketa-aukera berriak ezagutu eta saiatzeko; ezagutarazpen, merkaturatze eta banaketarako katalogo digital bat sor dadin sustatzea; eta bideak urratzea publikoarekiko harremanerako formula berriak aurkitzeko.

 

Erakusketa-egitarau eta -ekintza berriak sortzea, propioak nahiz beste departamentu batzuekiko lankidetzan eginak, zuzeneko arte eszenikoen sektorearentzakoak, Nafarroako talde profesionalen kontratazioa ekarriko dutenak. Agenda-saturaziorik ez gertatzeko, eta normalki horrelako emanaldirik izan ohi ez duten gune publikoak faboratzeko, egitarauak ezohiko gune eta zirkuituetan gauzatu behar dira". PSN, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek aurkeztu dute. Aho batez onetsi da.

 

- "Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du SNS/Osasunbideak bere gain har dezan, kirol-federazioentzako kosturik gabe, Nafarroa osoko osasun-zerbitzua, Nafarroan federatuak diren kirolarientzat, maiatzaren 15eko 64/2003 Foru Aginduan adierazitako baldintzetan, eta ezertan galarazi gabe federazioek segi ahal izatea planteatu denaz bestelako zerbitzu bat eskaintzen, halakoa eskatzen duten kirolarientzakoa". PSNk, Geroa Baik eta Podemos Ahal Duguk aurkeztu dute. PSNren, Geroa Bairen eta Podemos-Ahal Duguren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren, EH Bilduren eta I-Eren abstentzioarekin onetsi da.

 

Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentua

 

Eztabaidaturiko 4 erabaki proposamenetatik, Batzordeak 3 onetsi ditu: 1 Podemos-Ahal Dugurena, 1 PSN, Geroa Bai, Podemos Ahal Dugu eta I-Ek batera aurkeztua, eta beste 1 PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Duguk batera aurkeztua. Honako hauek dira:

 

- "Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du honako hauek egin ditzan:

 

1. Nafarroako Gobernuak gai zibiletan, lanekoetan edo merkataritzakoetan gatazkak auzibidetik kanpo konpontzeko mekanismoak sustatuko ditu, eta, bereziki, kaleratzeen ondoriozko prozeduretan eta banku-kontratuetan abusuzko klausuletan; horietan, gainera, jurisprudentzia baketsua den “lekuko kasuei” lotutako adostasun-protokoloak aktibatu beharko lirateke.

 

2. Genero-ikuspegia, desgaitasun-ikuspegia eta Garapen Jasangarriaren Helburuekin eta 2030eko Agendarekin hartutako konpromisoak jasotzea”. Podemos-Ahal Duguk aurkeztu du. Aho batez onetsi da.

 

- “Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du bermaturiko zerbitzu espezifiko bat abian jar den, Nafarroan familiaren laguntzarik ez duten gazte migratzaileen autonomia- eta emantzipazio-prozesuak bultzatzeko, gazte horiek helduaroan integratzea erraztuz, hainbat eremutan lagunduz, arreta berezia jarriz mentoretzan, ikuspegi integral batetik, genero-ikuspegia, desgaitasuna eta Garapen Jasangarriaren Helburuak eta 2030eko Agenda ere jasoz”. Nafarroako Alderdi Sozialistak, Geroa Baik, Podemos Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak aurkeztu dute. Aho batez onetsi da.

 

- "Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du aurrera egin dezan Nafarroako Justizia Administrazioaren eraldaketa digitalean, telelana sustatuz, epaiketa telematikoak eginez eta espediente digital judiziala behin betiko ezarriz”. Nafarroako Alderdi Sozialistak, Geroa Baik eta Podemos Ahal Duguk aurkeztu dute. Aho batez onetsi da.