Nafarroak trafikoaren eta herritarren segurtasunaren eskumenak eskatuko dizkio Estatuari honek negoziatzeko ordezkariak izendatzen dituenean
EH Bilduren interpelazioak “anbizio politiko handiago eskatu du, autogobernua aldaketa politiko eta sozialaren ezinbesteko atala baita”
Nafarroako Gobernuko departamentuak txosten ekonomikoak burutzen ari dira eskualdatzeke dauden eskumenak Estatuari eskatu ahal izateko. Trafikoaren, bide segurtasunaren, ingurumenaren, polizia ikerketen eta herritarren segurtasunaren eskumenak Foruzaingoari aitortzean oinarritu nahi du prozesua Foru Exekutiboak.
Lehendakaritza, Funtzio Publikoa, Barnea eta Justizia kontseilariak, Maria José Beaumontek azaldu du, EH Bilduk Kontrolerako Osoko Bilkuran eginiko interpelazioari erantzunez, irailean Gobernu zentralean emandako aldaketaren ondoren, Meritxell Batet Funtzio Publikoa eta Lurralde Politikako ministroari zuzendu zitzaiola Estatuak Transferentzia Batzordeko ordezkariak izenda ditzan eskatzeko, Nafarroak 2017 urtean egin baitzuen.
Beaumontek gogorarazi du Transferentzia Batzordean Estatuaren ordezkariak izendatzea “ezinezkoa” izan zela PPren Gobernuarekin.
Horrez gain, azaldu du departamentuek dokumentu bat egin dutela eskualdatzeke dauden eskumenak zeintzuk diren zehaztuz, tartean Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoaren kudeaketa, Estatuarekin negoziazioari hasiera emateko. Kontseilariak ohartarazi du eskualdatze prozesua 1985ean hasi zela eta azken transferentzia 2001ean burutu zela.
Beaumontek zehaztu du foru Gobernuak burutu duen txosten juridikoan ondorioztatzen dela “Nafarroari ez dagozkiola soilik Lorafnak aitortzen dizkion eskumenak, baizik eta bere jatorrizko eskubide historikoak ere aitortzen zaizkiola, eta hori dela eta, eskumenak ez dutela zertan erregimen autonomikoari lotuta egon”.
Adolfo Araizek (EH Bildu) baieztatu du “autogobernua ezinbesteko atala dela 2015ean martxan jarritako aldaketa politiko eta sozialean sakontzeko”, eta adierazi du “anbizio politiko handiagoa behar dela. Autogobernuan sakontzeko bideari ekin behar zaio. Gehiengo politikoa daukagu pausuak emateko eta Nafarroako Gobernuak gehiengo hori baliatu behar du horretarako”.
Araizek gainera, EH Bilduren apustua “Euskal Errepublika Konfederala” sortzea dela gogorarazi du, non Nafarroak, “borondatez” integratu ostean, “burujabetza osoa” edukiko lukeen.
Javier Esparzak (UPN) ohartarazi du “Nafarroak berezko statusa duela, berezia, erakunde propioekin. Nafarroa forala da, espainiarra da eta auroparra da. EH Bilduk ez du sekula Nafarroaren statusa errespetatu eta hori aldatzen saiatzeagatik ankerkeria izugarriak egin dira lurralde honetan. Nafarroak autogobernurako daukan mehatxu handiena euskal abertzaletasuna da, Nafarroa diputazio euskaldun bat gehiago izan dadin nahi baitu”. Esparzak adierazi du eskumenak onartzearen aldekoa dela kudeaketaren hobekuntzarako bada, baina “ez orain batzuekin egiten ari den kudeaketa egiteko”.
Patxi Leuzak (Geroa Bai) adierazi du “eskumenei buruzkoa eztabaida dela honakoa, ez independentzia aitorpen bati buruzkoa”, eta gehitu du “17 urte daramatzagula eskualdatze bat bera gabe eta UPNren gobernuek ez dutela inoiz autogobernuan aurrera egiteko borondaterik eduki”. Parlamentariak “bere eskumen guztiak aitortzen zaizkion Nafarroa” bat defendatu du, eta aldarrikatu du “Nafarroa dela bere oraina eta etorkizuna erabakitzeko eskubidea duen subjektu politiko bakarra”.
Laura Perez (Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai) hobekuntzari buruzko eztabaidari ekitearen alde agertu da baita “tresna guztiak aztertzearen alde ere, zerga autonomia eta hitzarmen ekonomikoa esaterako, Ongizate Estatua eta eskubide sozial berriak aurrera eramatea ahalbidetuko digun burujabetza ekonomikoa eskatzeko”.
Inma Jurio (PSN) autogobernuaren eta eskumenen transferentziaren alde agertu da, “baina leialtasun instituzionalaren, elkarrizketaren, adostasunaren eta legalitatearekiko errespetuaren mugen barnean. Ez badugu hau guztia betetzen autogobernuak eta transferentziek ez dute ezertarako balio, ez baitute helburua beteko, nafarren bizitza hobetzea, hain zuzen ere”.
Ana Beltranek (PPN) adierazi du Konstituzioko laugarren xedapen iragankorra “desagertu” dadin lan egingo duela eta “Nafarroa ez dadin inoiz Euskal Herriaren parte izan. Autogobernuari buruz hitz egitean erakutsi nahi da Nafarroak ez duela bere ahalmen politiko guztia lortu, eta hori guztiz faltsua da”.
José Miguel Nuinek (Izquierda-Ezkerra) esan du “autogobernua eskubide demokratiko bat dela eta erabili nahi dutela zerbitzu publikoak, politika sozialak eta erakundeen kalitate demokratikoa hobetzeko. Legegintzaldi honen hiru urte hauetan norabide honetako autogobernu baterako lan eraginkorra egin da”.