Noiz argitaratua Osteguna, 2013.eko Otsailak 28

Nafarroako 2011ko Kontu Orokorrei buruzko Legea onetsi dute

Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk haren alde emandako botoekin, SNren eta PPNren abstentzioekin eta Bildu-k, Aralar-Nabaik, Izquierda-Ezkerrak eta atxiki gabeko bi parlamentariek haren aurka emandako botoekin, Nafarroako 2011ko Kontu Orokorrei buruzko Legea onetsi du gaur, zeinak 3.969 milioiko gastuak eta 4.039 milioiko diru-sarrerak jasotzen dituen.
 

Bere garaian Comptos Ganberak helarazitako txostenaren arabera, 2011ko kontu orokorrek Foru Administrazioaren egoera ekonomiko-finantzieroari buruzko ikuspegi orokorra ematen dute. Txostenean Nafarroako Gobernuaren eta haren erakunde autonomo, sozietate eta fundazio publikoen, Parlamentuaren eta haren menpeko organoen kontuak jasotzen dira, hau da, Comptos Ganberarena eta Arartekoarena.
 

Txostenak azaltzen duenez, 2011ko aurrekontua gauzatzeak 14/2011 Foru Legearen eragina izan zuen, 2011ko Aurrekontuei buruzko Foru Legeak aldatu zuena defizitaren helburua betetze aldera; horrek 294 milioiko doitze garbia eragin zuen aurrekontuetan.
 

3.969 milioi gastuetatik, % 48 transferentziei dagokio, % 29 langileei, % 13 ondasun arruntei eta zerbitzuei, % 5 inbertsio errealei eta % 4 finantza-kargari. Diru-sarrerei dagokienez, 4.039 milioi, % 85ak tributu jatorria du, % 12 zorpetze bidezkoak dira eta gainerakoa transferentziei eta ondareei dagokio.
 

Gastuaren xedeari dagokionez, osasuna lehenengo postuan dago eta urtean biztanleko 1.470 euro ditu; 1.133 euro beste administrazio publikoei egindako transferentziei bideratzen dira, estatuaren kupoa eta Nafarroako toki enteei bideratutakoak barne. Gastuaren hirugarren kapitulu garrantzitsuena hezkuntzara doa, biztanleko 985 eurokoa baita; ondotik politika sozialak, 720 eurokoa; industria, energia eta berrikuntza, 368 eurokoa; eta etxebizitza eta hirigintza, 333 eurokoa. Zor publikoak biztanleko 231 euro ordaintzea eragin zuen.
 

2010. urtearekin alderatuta, biztanleko gastua % 8 murriztu da. Murrizketa hori batez ere azpiegituretan eman da, % 38 gutxitu baita, industria eta etxebizitzan % 11, osasunean % 9, politika sozialetan % 8 eta hezkuntzan % 6 murriztu da gastua.
 

Gastu motari dagokionez, finantza-gastuak % 38 handitu ziren, kapital-gastuak % 23 murriztu ziren inbertsioen beherakadaren eraginez eta langileekin lotutako gastua % 1 murriztu zen.
 

Aurreko ekitaldiarekin alderatuta, diru-sarrerak ere % 8 murriztu dira. Beherakadarik handiena tasetan eta prezio publikoetan, kapital transferentzietan eta, bereziki, pasibo finantzieroetan eman da. Txostenak nabarmentzen du 2010ean 595 milioi balioko pasibo finantzieroak bildu zirela, eta, 2011n ordea nabarmen murriztu zela, 483 milioi.

Comptos Ganberak azpimarratzen du Foru Ogasunaren aurrekontu balantzak negatiboa izaten jarraitzen duela (322 milioi), baina hobetu dela 2010ekoarekin alderatuta % 16 murriztu baita.
 

Krisi ekonomikoa hasi zenetik, Foru Ogasunak defizita du. Izan ere, gastuak finantzatzeko dauden baliabideak ez dira nahikoak eta diru-sarrerak etengabe murrizten ari dira; horrek diruzaintzan tentsioak eragiten ditu. Hain zuzen, 2011n Nafarroako Gobernuak 316 milioiko epe motzeko kreditua behar izan zuen finantzaketa beharrak asetzeko, batez ere uztailan.
 

Halaber, txostenak agerian uzten du estatuarekin egindako inbertsioak daudela, eta, esfortzu ekonomiko handia behar izateaz gain, haien errentagarritasun ekonomiko eta soziala murrizten ari dela Espainiako Gobernuak dagokion betetzea atzeratu duelako.
 

Bestalde, Nafarroako Gobernuaren zorra 1.917 milioikoa da, alegia, diru-sarrera arrunten % 55a, 2010ean baino 10 puntu gehiago.
 

Gainera, txostenak enpresa-sektore publikoaren egoera aztertzen du, zeina 1.400 pertsona ingururi lana ematen dieten 20 enpresaz osatuta dagoen. 2011n 56 milioiko emaitza negatiboa izan zuten eta 316 milioiko zorra dute epe luzera, aurreko urtean baino % 5 gehiago.
 

Aurrekontua nola bete zen aztertu ondoren, Comptos Ganberak dio 2011ko kontuek ondarearen eta haren finantza egoera islatzen dutela, nahiz eta inbentarioari eta funtzionarioen montepioen betebeharrei buruzko salbuespen batzuk aipatzen diren.
 

Comptos Ganberak azpimarratzen du Foru Administrazioaren finantza-jarduera, oro har, legalitate printzipioari jarraiki egiten dela.
 

Aurrekontu orekaren xedeak betetzeari dagokionez, 2011n Foru Ogasunak 368 milioiko finantzaketa beharra izan zuen, hau da, Nafarroako BPGdaren % 1,97. Beraz, ez zen Estatuak autonomia erkidegoentzat markatutako % 1,3ko xedea bete.
 

Itzalpeko bidesaria delakoa eta sozietate zein fundazio publikoen zorpetzea kontuan hartuz, zorpetzearen bolumena 2.442koa da eta kontuak berrorekatzeko planean aurreikusitakoa baino txikiagoa da, 2.879 milioietako maximoa ezartzen baitu.

· www.parlamento-navarra.es
· Foru Lege proiektuaren argitalpena (NPAO, 16. zk., 2013-02-11koa)