Noiz argitaratua Osteguna, 2016.eko Urriak 13

Nafarroako 2017-20 Estatistika Plana onetsi da

Eragiketak garrantziaren arabera sailkatu dira, funtsezkoak baitira Nafarroako Gobernuaren estatistika-jarduna koordinatzeko eta planifikatzeko

Nafarroako Parlamentuak, gaurko Osoko Bilkuran, Nafarroako 2017-2020 Estatistika Plana onartzen duen eta Nafarroako Estatistikari buruzko ekainaren 27ko 11/1997 Foru Legea aldatzen duen foru legea onetsi du. Aho batez gainditu da.

Foru Legearen helburua da Nafarroako Gobernuaren estatistika-jarduna koordinatzeko eta planifikatzeko tresna bat edukitzea indarraldi osorako.

Aurreko planekin alderatuta, berrikuntza bat dakar: estatistika-eragiketak horien garrantziaren arabera daude sailkatuta (Estatistika Eragiketen Inbentarioa eta Administrazioaren Informazio Iturrien Inbentarioa); beraz, Gobernuak bere beharrizanei egokituta dagoen informazio-sistema erabilgarria izango du, politikak kudeatu ahal izateko eta gizartearen eskakizunei erantzun ahal izateko.

Inbentarioak 329 elementu ditu; eta horietako 153 estatistika-eragiketak dokumentazio metodologiko osoa dute. Gainerakoek, administrazioaren ohiko prozesuaren ondoriozko informazioa dute. Izan ere, prozesu hori oso garrantzitsua da erabakiak hartzerakoan, baina ez ditu estatistika-metodologiari lotutako baldintza berberak behar.

Gainera, estatistikak egiterakoan administrazioaren erregistroak ahalik eta gehien aprobetxatzen jarraituko dela azpimarratu behar da, Europako estatistikei buruzko jardun onen kodean jasotzen diren aholkuak betez.

Legeak 8 helburu zehatz definitzen ditu, besteak beste: genero ikuspegiaren sustapena; informazioaren bereizketaren sustapena, lurraldeari, sektore ekonomikoei eta biztanle multzoei lotutako informazio-eskaerei erantzun ahal izateko; eta estatistika-informazio guztia gizartearen esku utzi beharra,
erabiltzeko moduko formatuan, eta gardentasuna eta zehaztasuna bezalako irizpideak betez.

Honako hau da proiektuaren helburu nagusia: “estatistika-jarduna koordinatzea eta planifikatzea, informazio beharrei erantzun ahal izateko, baina betiere kalitatea bermatuz, genero ikuspegia betez, ahalik eta kostu txikienarekin eta iturrien ahalik eta aprobetxamendu handienarekin”.

Horrez gain, bikoiztasunak ekidin nahi dira, herritarrei, enpresei eta erakundeei ahalik eta eragozpen gutxien sortu nahi zaizkie, eta estatistika-informazioaren sekretu estatistikoa, irisgarritasuna, arintasuna eta erabilgarritasuna bermatu nahi dira.

Planak bereziki azpimarratzen du kalitate-prozesu jakin batzuk garatu behar direla, GSBPM (Generic Stadistical Business Process Model) izeneko estatistika-ekoizpen estandarizatuaren eskema orokorra oinarritzat dutenak.

Bestalde, foru lege horrek Nafarroako Estatistikari buruzko ekainaren 27ko 11/1997 Foru Legea aldatzen du, administrazioaren erregistroak erabiltzeko modua hobetzeko asmoz, horretarako Datuak Babesteko Lege Organikoan ezarritakoaren arabera bermatuz konfidentzialtasuna.

www.nafarroakoparlamentua.eus
• Foru lege proiektua argitaratu da (99. NPAO, 2016-09-06koa)