Noiz argitaratua Asteartea, 2021.eko Apirilak 20

Nafarroako 2021-2024 Estatistika Plana onesten duen Foru Lege proiektuari buruzko irizpena onetsi da

Nafarroako Adierazle Estatistikoen Sistema Publikoa sortzen da diagnostikoa, ebaluazioa eta plangintza hobetzeko, eta 11/97 Foru Legea datuen babesari buruzko indarreko araudira egokitzen da

Ekonomia eta Ogasuneko batzordeak Nafarroako 2021-2024 Estatistika Plana onetsi eta Nafarroako Estatistikari buruzko ekainaren 27ko 11/1997 Foru Legea aldatzen duen Foru lege proiektuari buruzko irizpena onetsi du gaur. Helburua da “Nafarroako esparruei buruzko ezagutza handitzea, beharrezkoak diren estatistikak eginez eragile guztiekin koordinatuta eta baliabide publikoak modu efizientean erabiliz”.

 

Gobernuak igorritako proiektuak Nafarroako estatistika-sistema "sendotzeko eta indartzeko" prozesuari jarraipena ematen dio, eta, horretarako, seigarren plan bat onartzen du. Plan horrek lau urteko (2021-24) indarraldia izango du, eta Gobernuak baimentzen dituen urteko programen bidez xedeak lortzeko beharrezko helburuak eta ekintzak jasotzen ditu, bikoizketak saihestuz, zama administratiboa gutxituz eta sekretu estatistikoa eta informazio estatistikoaren eskuragarritasuna bermatuz.

 

Nafarroako 2021-2024 Estatistika Plana Nafarroako Estatistika Institutuak koordinatuko du eta jarduera konputagarria duten exekutiboko unitate guztien partaidetza izanen du. Helburua estatistika publikoak “gardenak, independenteak eta kalitatezkoak” izatea da, eta horretarako, batetik, administrazio erregistroak baliatuko dira, informazio bereizia (sexuaren, adinaren, jaioterriaren edo herriaren arabera) jarriko da eskura eta erabakiak ahalik eta hoberen hartzeko baliagarri diren informazio-iturri guztiak erabiliko dira.

 

Planak 190 estatistika-eragiketa biltzen ditu; horietatik 82 Nastat-en ardura dira, 38 Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuarenak, 28 Osasun Departamentuarenak eta gainerakoak beste departamentuenak.

 

Plan honek dakarren berrikuntza nabarmenena Nafarroako Adierazle Estatistikoen Sistema Publikoaren (AESP) sorrera da. "Prozedura integratu" bat gaitzea du helburu, Foru Administrazioaren memorietan, jarduketa-planetan edo plangintzarako beste edozein tresnatan agertzen diren errolda-ohar guztiak lortu eta eguneratuta eduki ahal izateko.

 

Nastat-ek 2020an argitaratutako "estatistikak egiteko gidaren” arabera gehituko zaizkio adierazleak AESP-ri. Gida horrek dokumentazioko, iturrien integrazioko eta prozeduren automatizazioko aurretiazko lanak eskatzen ditu. Azken helburua adierazle estatistikoen gune bakar bat eratzea da, Nafarroari buruzko edozein ingururen egungo egoera ezagutu ahal izateko.

 

Adierazleak informazio sintetikoak dira, zenbakizko datuetan emanak, fenomeno baten edo bere ezaugarrien intentsitatea ezagutzen baliatzen direnak, eta bakunak edo konposatuak izan daitezke.

 

Estatistika ofizial guztia Nafarroako Estatistika Institutuaren web-orriaren bitartez eskuratzen ahalko da. Nafarroako Gobernuko departamentuen informazio estatistikoa orri horretan ere jasoko da, horrek galarazi gabe departamentu bakoitzak bere zabalkunde sistemak izatea.

 

Ebaluazioari dagokionez, eta talde guztiek hala eskatuta, Nafarroako Estatistika Kontseiluak izendatutako ordezkari batek Parlamentuan agerraldia egin beharko du, Nafarroako 2021-2024 Estatistika Planaren ebaluazioaren berri emateko. Edukien artean, Nastaten txosten idatzi bat egon beharko da, adierazleak AESPn sartzea arrazoituz.

 

Horrez gain, foru lege honek ezartzen ditu Nafarroako Gobernuaren eta estatuko nahiz nazioarteko entitate publiko eta pribatuen arteko lankidetza instituzionaleko harremanak, bai eta Nafarroako Estatistika Institutuak plan hau betetzeko izanen dituen eginkizunak ere.

 

Halaber, eguneratzen dira zehapenetarako aurreikusitako zenbatekoak eta arautzen dira departamentutako estatistika batzordeak, barne koordinaziorako organo gisa.

 

Azkenik, Lege proiektuak Nafarroako Estatistikari buruzko ekainaren 27ko 11/1997 Foru Legea aldatzen du, egokituz 2016ko apirilaren 2016an Europako Parlamentuak eta Kontseiluak onetsi zuten 2016/679 Erregelamendura; izan ere, erregelamendu horrek pertsona fisikoen babesa arautu zuen, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez, eta indarrik gabe utzi zuen 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak babesteko erregelamendu orokorra), bai eta Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa ere.

 

Datuen babesari buruzko indarreko araudira egokitzeko behar hori bera dela eta, aldatzen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 96. artikulua.

 

Behin irizpena onetsita, Nafarroako 2021-2024 Estatistika Plana onetsi eta Nafarroako Estatistikari buruzko ekainaren 27ko 11/1997 Foru Legea aldatzen duen Foru lege proiektua apirilaren 29an, ostegunean eztabaidatu eta bozkatuko da Osoko Bilkuran.