Nafarroako 2021eko Kontu Orokorrei buruzko Foru Legea onetsi da
Adierazle ekonomiko-finantzario gehienetan hobekuntza esanguratsua izan da, 2016an hasitako hobekuntza-bidera itzuliz
Nafarroako Parlamentuak Nafarroako 2021eko Kontu Orokorrei buruzko Foru Legea onetsi du gaur PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Duguren, I-Eren abstenzioarekin eta Navarra Sumaren aurkako botoarekin. Legeak 5.064 milioiko gastua jasotzen du (% 10 gehiago, 477,49 milioi) eta 5.072 milioiko aitortutako eskubide garbiak (% 7 gehiago, 341,67 milioi).
Kontuen Ganberak bere garaian emandako txostenaren arabera, Nafarroako 2021eko Kontu Orokorrek Foru Administrazioaren egoera ekonomiko-finantzarioaren ikuspegi orokorra eskaintzen dute. Hala, txostenak honako erakundeen kontuak jasotzen ditu: Nafarroako Gobernua eta haren erakunde autonomoak, Nafarroako Kontseilua, sozietate eta fundazio publikoak, eta Parlamentua eta haren mendeko erakundeak –Kontuen Ganbera eta Arartekoa–.
Nafarroako Gobernuaren kontuei dagokienez, 2021ean 5.013,97 milioi euro ordaindu zituen eta diru-bilketa garbia 4.976 milioikoa izan zen.
Gastuen kapitulu nagusia ohiko transferentziei buruzkoa da, 1.751,30 milioikoa baita (% 4 gehiago), aitortutako betebeharren % 35, hain zuzen. Jarraian langile-gastuak datoz, 1.549,43 milioi (% 5 gehiago, 80,38 milioi), gastu osoaren % 31 egiten dutenak.
Ondasun eta zerbitzuetako gastu arruntek 743,75 milioi egin zuten (% 1 gehiago), eta horien artean nabarmentzen dira materiala eta hornidurak erostearekin lotutako zenbait kontzepturen igoera, (% 5, 21,14 milioi) eta osasun-laguntzako itunak (% 8, 4,74 milioi). Inbertsioak 169,76 milioikoak izan ziren (% 19 gehiago).
Diru-sarrerei dagokienez, zuzeneko zergek 2.101.445 milioi egin zuten (% 9 gehiago) eta zeharkakoek, berriz, 2.074.645 milioi (% 20 gehiago). Beste finantzaketa-iturri nagusi bat zorpetzea da, 149,44 milioirekin.
Finantzazkoa ez den aurrekontu-saldoa (diru-sarreren eta gastu ez-finantzarioen arteko aldea) positiboa izan zen, 468,65 milioikoa. Aurrekontu-emaitza doitua 62,24 milioikoa da, 2020koa baino % 75 handiagoa (187,64 milioi). Gastu orokorretarako diruzaintza-gerakinak nabarmen egin du behera aurreko ekitaldiarekiko, % 90 hain zuzen, 2020an 273 milioikoa izatetik 2021ean 27,01 izatera.
Gastuaren zati handiena (% 25), osasun arlora bideratutakoa da (% 4,52 gehiago, 55,03 milioi), eta jarraian hezkuntzakoa dago, % 16koa (% 6 gehiago, 49,25 milioi). Estatuarekiko hitzarmen ekonomikoari dagokio gastu osoaren % 11, 534.927 milioi (- % 2,64 gehiago) bere gain hartu gabeko eskumenengatik.
2020an beste bosturteko baten oinarrizko ekarpena ezarri behar zen. Aldi horretan eta 2021ean onartu ez zenez eta Estatu Aurrekontu Orokorren proiektua ere onetsi ez zenez, adostutako azken kopurua ordaindu zen. Behin-behineko ekarpen hori % 1 igo zen 2020koaren alderatuta, 534.927 milioikoa, nahiz eta Hitzarmenetik eratorritako gastuak, 2021. urteari dagokionez, 534.927 milioikoak diren, lehen adierazi bezala.
Zor publikoak % 13 egin zuen eta gizarte-zerbitzuek eta -sustapenak % 11 eta % 8, hurrenez hurren.
2020arekin alderatuta, tributuen diru-bilketa likidoak % 15 egin du gora, 4.170 milioikoa izan arte. Diru-bilketa hori Nafarroako BPG-aren % 20,46 da, 2020koarena baino gehiago.
2021eko abenduaren 31n, Administrazioaren kostu amortizatuko finantza-zorra 2.847,9 milioikoa zen (%14 gutxiago). Sarrera arruntei dagokienez, % 60 da, 2020an baino % 22 puntu gutxiago. Finantza-karga %92 handitu da, besteak beste, 2020an baino 326,30 milioi gehiago amortizatu zirelako.
2021ean, zorraren batez besteko interes-tasa orokorrak behera egin du: ehuneko 1,63tik ehuneko 1,34ra. Zorraren guztizkoa amortizatzeko dauden aurreikuspenei dagokienez (% 56,59), 2028 baino lehenago amortizatu behar da.
2022ko martxoan, ratingeko agentzia batek Nafarroako epe luzeko zorrari kalifikazio hau eman zion: “AA-, perspektiba egonkorrarekin” (baimendutako gehieneko maila Estatuaren balorazioa kontuan hartuta).
Foru Komunitateak emandako abalen saldoa 63,18 eurokoa. Saldo bizia, guztira, % 11 jaitsi da (7,70 milioi), eta nabarmentzekoak dira Club Atlético Osasunaren (4,25 milioi) beherapenak.
Bestalde, Kontuen Ganberaren txostenak lanpostu finkoen kopuruaren beherakada bat eta lanpostu hutsen igoera bat erakusten ditu. Azterketa horren arabera, Foru Administrazioko 24.630 lanpostuetatik 8.533 hutsik daude, eta horrek egiten du lanpostu guztien % 35. Hala, nabarmentzen dira Osasunbideko, Hezkuntzako eta Administrazio Erroko behin-behinekotasun tasak (% 38, % 33 eta % 29 hurrenez hurren).
Gauzak horrela, Kontuen Ganberak ondorioztatu du “oraindik ere bariazio negatibo garbia dagoela langile finkoen alta- eta baja-kopuruan, eta alde hori nabarmen handitu da 2020. urtearekin alderatuta; lanpostu hutsen kopuruak gora egin du, eta egiturazko beharrak eta premia iraunkorrak aldi baterako langileekin betetzen dira, nahiz eta enplegu-eskaintza publikoak onartu diren, eta horiek dagozkien deialdietan zehaztu beharko dira”.
Enpresa publikoei dagokienez, 16 dira guztira. Haien ondare garbia 998,769 milioikoa da eta epe luzerako zorra 54,15 milioikoa (% 7 gutxiago). Ekitaldiaren emaitza doituak 10,70 milioiko irabazia egiten du. Sozietate publikoetako plantilla, guztira, 1.361 langilekoa da, goi zuzendaritzakoak barne.
Azken batean, organo fiskalizatzailearen txostenak adierazten du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren egoera ekonomiko eta finantzarioak “hobekuntza nabarmena izan duela adierazle gehienetan 2020arekin alderatuta, urte horretan COVID-19aren pandemiak eragin izugarria izan baitzuen, eta 2016tik hasitako hobekuntza-bidera itzuli da”.
Testuinguru honetan, kontuan hartu beharra dago, halaber, zenbateko handi samarra egiten duen zor bat badagoela, 2.848 milioikoa, nahiz eta 2020arekin alderatuta % 14 egin duen behera. Datozen urteetan amortizatu behar da, eta hura “bai ezarritako egutegiak, bai interes-tasen aldeak nabarmen baldintzatzen dute”.
Egonkortasunari, zorrari eta gastu-arauari buruzko zerga-arauen betetzeari dagokionez, gogoratu behar da COVID-19ak eragindako osasun-krisiaren ondorioz, eten egin zela 2020-2021 urteetarako.
Kontuen Ganberak jakinarazten duenez, Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren Koordinazio Batzordeak honako balio hauek ezartzea erabaki zuen 2020ko urriaren 6an:
% 2,6ko defizita 2020rako eta % 2,2koa 2021erako. Defizitik ez dagoenez eta superabita % 1,36ra igo denez, ez da adostutakoa betetzen ari.
BPGaren ehuneko 19,6ko zor publikoa 2020rako, eta ehuneko 19,9koa 2021erako. 2021ean % 15,19ekoa izan denez, adostutakoa bete da.
Gastu-arauaren kasuan, baimendutako % 2,9ko erreferentzia-tasa ondorerik gabe geratu zen Kongresuaren Osoko Bilkurak onartutako etetearekin. Nolanahi ere, 2021eko gastua % 8,9 handitu zen, eta, beraz, hala badagokio, aurreikusitako helburua ez zen beteko.
- www.parlamentodenavarra.es
- Foru lege proiektua (15. NPAO, 2023-01-31koa)