Noiz argitaratua Osteguna, 2023.eko Otsailak 2

Nafarroako Abereen Osasunari buruzko 11/2000 Foru Legearen aldaketa aintzat hartu da onetsi da

Legea arau-esparru berrira egokitzen da eta behitegiak arautzeko oinarrizko xedapenak ezartzen dira, gehieneko ekoizpen-ahalmena 850 AzLUtan finkatuz

Parlamentuaren osoko bilkurak onetsi du gaur, PSNren, Geroa Bairen, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin, EH Bilduren abstentzioarekin eta Navarra Sumaren abstentzioarekin, Nafarroako Abereen Osasunari buruzko 11/2000 Foru Legea aldatzeko proposamena aintzat hartzea.

 

PSNk, Geroa Baik eta Podemos-Ahal Duguk bultzatutako lege-proposamenaren helburua araua abenduaren 27ko 1053/2022 Errege Dekretura egokitzea da. Arau horrek behitegiak arautzeko oinarrizko xedapenak ezartzen ditu, eta behitegien ekoizpen-ahalmena 850 AzLUtan (azienda larriko unitate) finkatzen du.

 

Hala ere, errege dekretua indarrean jarri baino lehen muga hori gainditzen zuten ustiategiek ahalmen horri eusten ahalko diote, baina ezin izanen dute handitu inola ere. Halaber, ezin izanen dute gehieneko neurri hori handitzea dakarren aldaketarik egin instalazioan, ez eta ekoizpen orientazioan ere.

 

Arau-esparru berriarekin bat etorriz eta NPBtik, Europako Itun Berdetik eta biodibertsitate-parametroetatik eratorritako erronkekin bat eginez, abeltzaintza-jarduerak errespetatu behar dituen ingurumen-, higiene- eta osasun-baldintzak, animalien ongizatekoak eta antolamendu zooteknikokoak modu zehatz eta ordenatuan zehazten dira.

 

Hala, abereen osasunaren arloan eta 2016/429 Erregelamenduaren garapenerako oinarritzat hartutako aurre hartzea, sendatzea baino hobea dioen printzipioari jarraikiz, ustiategien gehieneko neurriak eta abeltegien arteko distantzia arautzea beharrezkontzat jotzen da, abere-dentsitatea mugatuz. Honekin, eritasunak zabaltzeko arriskua apaldu nahi da, erraztu eginen baita eritasun fokuren bat detektatzen denean hura kontrolatu eta desagerrarazteko lana.

 

Printzipio horien arabera, gehieneko neurri batzuk ezartzen dira abeltzaintzako ustiategietarako. Lege-proposamenaren eranskinean xedatutakoaren arabera, 60.000 plaza ugalketarako eta hazteko oiloentzako; 300.000 plaza broiler oilaskoentzat eta hegaztientzat, eta arrautzetarako eta hazteko oiloentzat; 600.000 galeperrentzat, 50.000 kanpora irteten diren hegaztientzat; eta 864 plaza txerri-txerri-ustiategietan.

 

Aldi berean, abeltegien arteko distantzien zehaztapena inguruabar geografikoen, abere-espezieen ezaugarrien, ustiategien neurrien, motaren eta arrisku epidemiologikoaren mendekoa izango da.

 

Testuinguru horretan, eta ustiategi handiek osasun-arriskuen aurrean prebentzio neurriak hartzea eta erantzunkidetasunez jokatzea sustatzeko helburuarekin, abeltegiari ematen ahal zaion gehieneko kalte-ordainaren zenbatekoa mugatzen da. Zehazki, agintari eskudunak animalia hiltzea nahitaezkotzat deklaratuz gero, I. eranskinean ezarritako plaza-, AzLU edo abere-kopuruaren araberako kalte-ordaina emanen da gehienez.

 

Behi-aziendaren ustiategiak baimentzeko espedienteen ebazpenari dagokionez, aurreikusten da 2022ko apirilaren 6a baino lehen aurkeztutakoak abenduaren 27ko 1053/2022 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera arautuko direla; data horren ondoren formalizatutakoak, berriz, foru lege honen arabera bideratuko dira, betiere administrazio-bidean ez bada horien gaineko ebazpen irmorik eman.

 

Salbuespen izango dira 2022ko apirilaren 6a baino lehen ekoizpen-prozesuarekin lotura zuzena duten instalazioak eraikitzen hasteko egin beharreko izapide guztiak beteta zituztenak, eginbideak bete ziren unean indarrean zegoen araudiaren arabera ebatziko baitira.

 

Aintzat hartu ondoren, Nafarroako Abereen Osasunari buruzko 11/2000 Foru Legea aldatzeko proposamena Landa Garapen eta Ingurumen Batzordeari helaraziko zaio, eta batzorde horrek irizpena emango du osoko bilkurara itzuli baino lehen, behin betiko eztabaidatu eta bozkatzeko.