Noiz argitaratua Osteguna, 2022.eko Martxoak 3

Nafarroako Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legea aldatzen duen Foru Legea baztertu da

Esnetarako eta haragitarako behien ustiategi berriek gehienez 1.250 unitate izatea proposatzen zuen, eritasunak zabaltzea eta horien ondorioak ekiditeko prebentzio neurri gisa

Parlamentuaren osoko bilkurak Nafarroako Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legea aldatzeko Foru Legea baztertu du gaur Navarra Sumaren eta EH Bilduren aurkako botoekin. Izquierda-Ezkerra abstenitu egin da eta PSNk, Geroa Baik eta Podemos-Ahal Duguk aldeko botoa eman dute. Testuak esnetarako eta haragitarako behien abeltzaintzako ustiategien gehieneko neurriak ezartzen zituen, ez zitezen 1.250 AzLU (azienda larriko unitate) baino gehiago izan, eritasunak zabaltzea prebenitzeko eta hauen kontrol eta desagerraraztea errazteko.

 

Zehazki, arauak egungo Abereen osasunari buruzko Foru Legearen 28 eta 39. artikuluen testua aldatzen zuen, distantziei eta abere-dentsitateari dagokionez eta abeltegiari ematen ahal zaion gehieneko kalte-ordainaren zenbatekoa mugatzeari dagokionez, hurrenez hurren. Era berean, abeltegiaren gehieneko neurriak ezartzen dituen eranskina aldatzen zuen.

 

28. artikuluaren testu berriak zioenez, “esnetarako eta haragitarako behien ustiategi berriek edo orain daudenen handitzeek (zezenketetarako azienden ustiategiak barne) ezingo dituzte 1.250 unitate baino gehiago izan”. Gainerako ustiategien kopuruek ez zuten aldaketarik izanen.

 

Bestalde, bosgarren xedapen gehigarri bat ezartzen zen, arauak indarra hartzean ezarritako gehieneko neurriak gainditzen dituzten abeltegiei, indarrean duten ingurumen lizentzian aurreikusitako neurria aitor dakien abeltegiaren gehieneko neurri gisa. Edonola ere, ezin izanen zuten gehieneko neurri hori handitzea dakarren aldaketarik egin instalazioan, ez eta ekoizpenaren orientazioan ere.

 

Legeak hirugarren xedapen iragankorra birplantetatzen zuen, ahalbidetzeko 1.250 AzLU baino gehiago dituzten behi-aziendaren abeltegiak jarri edo handitzeko abeltzaintzako baimenetarako eskaerak, 2021eko maiatzaren 20a baino lehen aurkeztu eta maiatzaren 10eko 8/2021 Foru Legea aplikatuta tramitazioa etenik dutenak, haien ingurumen lizentziaren eskaeran aurreikusita zeuden neurrien arabera tramitatzea, aplikatuz eskaeraren egunean indarra zuen araudia.

 

Oroitu behar da 8/2021 Foru Legeak etenaldi bat ezarri zuela, Lege proiektu hau izapidetu bitartean, “1.250 AzLU baino gehiagoko behi-aziendaren abeltegiak ezarri edo handitzeko abeltzaintzako eskaerak onartu eta baimen berriak emateko”. Edozein kasutan ere, “2022ko maiatzaren 30 arte”.

 

Distantziei dagokienez, Abeltzaintzako ustiategiek eta horien instalazioek Nafarroako Foru Komunitatean bete behar dituzten baldintza higieniko-sanitarioak, animalien ongizatekoak eta antolamendu zooteknikokoak ezartzen dituen 31/2019 Foru dekretuan ezarritakoak mantentzen ziren, guztiak gaixotasunen eragina eta zabalkundea ekiditeko prebentzio-neurriak.

 

Distantziak zehazteko, kontuan hartuko ziren inguruabar geografikoak eta abere espezieen ezaugarriak, ustiategiaren neurria, ustiategi mota eta arrisku epidemiologikoa. Ustiategien izaera estentsibo edo intentsiboa baldintzatzat hartzea baztertu egin zen.

 

Azkenik, 39. artikuluaren 2. atala aldatzen zen (animaliak nahitaez hiltzea) eta 1.500.000 euroko kalte-ordaina zehazten zen ustiategi bakoitzeko, behi-aziendaren tuberkulosia, behi-aziendaren bruzelosia, ardi- eta ahuntz-aziendaren bruzelosia, mihi urdina eta entzefalopatia espongiforme kutsakorrak bezalako gaixotasunen kontrako borroka, kontrol edo desagerrarazteko programa nazionalen barruan abereak hiltzeagatik.