Noiz argitaratua Osteguna, 2012.eko Abenduak 20

Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen arloan presako zenbait neurri 2013. urterako luzatzen dituen Foru Legea onetsi dute

Parlamentuko Osoko Bilkurak, SNk, Bildu-k, Nabai-k, I-Ek eta atxiki gabeko bi parlamentariek haren alde emandako botoekin eta UPNk eta PPNk haren kontra emandako botoekin, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen arloan presako zenbait neurri, ekainaren 21eko 13/2012 Foru Legean aurreikusitakoak, 2013. urterako luzatzen dituena, onetsi du gaur.

13/2012 Legea iragan ekainaren 14an onetsi zen eta legez hartutako zerga-neurriak osatzea zuen helburu, Foru Ogasunak dirua biltzeko duen ahalmena indartze aldera. Horretarako, arau berriak ezarri ziren, antolakuntzaren alorrekoak, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen “lan baldintzak aldatuz” “gastuak murriztera” bideratuak zeudenak.

Neurri horiek “aurrekontuen eta ekonomiaren egoeran” oinarrituta hartu ziren. Hori dela-eta, uztailaren 1ean sartu ziren indarrean eta neurri gehienen indarraldia 2012rako mugatu zen. Alabaina, neurri horiek ondorengo ekitaldietarako “erabat edo neurri batean” luzatzeko aukera analisi baten mende geratzen zen.

13/2012 Legeak zortzi jarduera jasotzen ditu, lan baldintzetan eragiten dutenak, eta iragan otsailetik aplikatzen ari diren antolakuntzaren alorreko beste lauri gehitzen zaizkienak. Horiekin guztiekin, Nafarroako Gobernuak I kapituluan (langileak) 25 milioi euro inguru aurreztea espero zuen. 2011n kapitulu horretako gastua 1.156 milioi eurokoa izan zen, ekitaldi honetakoa ordea, 1.143 milioi eurokoa.

Zehazki, Parlamentuan sortutako araua 2012rako Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen arloan aurreikusitako presako neurriak 13/2012 Foru legearen 5., 6., eta 8. artikuluak luzatzen ditu, SNk, Bildu-k, Nabai-k, I-Ek eta atxiki gabeko parlamentariek in voce onetsitako zuzenketaren ondorioz, honela idatzita geratzen dena:

5. Dietak kentzea, zerbitzua dela-eta egin beharreko bidaien kalte-ordain gisa ezarritakoak. Justifikatutako gastuen zenbatekoa baizik ez da itzuliko.

6. Prestazioak mugatzea, osasun publikoak barne hartzen ez dituenak eta erabilera berezia osasun-laguntza sistemari heltzen dioten funtzionarioek aitortuak dituztenak, besteak beste optika eta odontologia (onuraduneko eta urte naturaleko 200 euroko muga).

8. Goi-karguei buruzko neurriak: funtzionario diren goi-kargu ohientzako osagarri pertsonala murriztea, dagokion mailaren hasierako soldata %10eraino; bizi- eta istripu- aseguruak indarrik gabe uztea; soilik funtzionarioentzat den erabilera bereziko osasun laguntzako zerbitzutik ateratzea; eta seguritate sozialean kotizatzea ezeztatzea, lansaritik deskontatua izango dena.

Gainera, 13/2012 Legearen 1. artikuluari dagokionez, 1 eta 2 idatz-zatiak berridazten dira eta 3, 4, 5 eta 6 idatz-zatiak luzatzen dira, SNk, Bildu-k, Nabai-k, I-Ek eta atxiki gabeko parlamentariek in voce onetsitako zuzenketaren ondorioz, honela idatzita geratzen dena:

1. Hirurogeita bost urte bete eta nahitaezko erretiroa hartzeko adinera iritsita, Nafarroako administrazio publikoetako funtzionarioek jarduneko zerbitzua luzatzeko duten aukera ez da aplikatuko 2013. urtean, langilearen aurreikuspen sozialeko sistema zein den gorabehera.

2. Aurreko idatz-zaitan adierazitakotik aparte uzten dira nahitaezko erretiroa hartzeko egunean beren aurreikuspen sozialeko sisteman erretiro-saria jasotzeko eskubidea sortzeko ezarritako gabealdia osatu ez duten langileak. Horrelako kasuetan, jarduneko zerbitzuan segitzerik izanen dute gabealdi hori osatu arte, eta betiere, hirurogeita hamar urte bete arte.

3. Irakasleek nahitaezko erretiroa hartzeko adina betetzen duten ikasturtea bukatu arte luzatzen ahalko dute zerbitzualdia.

4. Foru lege honek indarra hartzen duen egunean nahitaezko erretiroa hartzeko adina beteta izan arren jardunean segitzen duten Nafarroako administrazio publikoetako funtzionarioek hiru hilabeteko epea izanen dute egoera hori bukatzeko eta erretiroa eskatzeko. Epe hori erretiroa eskatu gabe bukatuta, ofizioz deklaratuko da, epea bukatzearekin batera.

5. Salbuespen gisa, Nafarroako administrazio publikoek ahalmena izanen dute egoera batzuk luzatzeko baimena emateko, zerbitzu publikoak behar bezala emateko ezinbestekoa bada langile jakin batzuek jarduneko zerbitzuan segitzea aldi jakin batean, eta betiere, hirurogeita hamar urte bete arte. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileei dagokienez, baimen berezi hori Nafarroako Gobernuaren erabakiaren bidez emanen da.

6. Artikulu honetan aipatutako aurreikuspenak berarekin dakar etetea Nafarroako administrazio publikoen montepioetako funtzionarioen eskubide pasiboen araubide iragankorrari buruzko martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen 32. artikuluaren aplikazioa.

Sindikatuetako liberatuei dagokienez, SNk, Bildu-k, Nabai-k, I-Ek eta atxiki gabeko parlamentariek emandako babesarekin, % 10eko murrizketa bertan behera geratzen da eta sindikatuen erakundeei aitortutako kredituak berrezartzen dira, 13/2012 Legeak eragindako murrizketaren aurretik zeuden baldintzekin.

Halaber, talde horiek lortu duten gehiengoa erabili dute xedapen gehigarri berri bat sartzeko. Hala bada, Foru Komunitateko araudia estatukoarekin alderatzen da; hartara, Nafarroako langile publikoek haien eskubide ekonomikoak babesteko dituzte bermeak beste administrazio publikoen berdinak izateko. Horretarako, oro har, lau urteko preskripzio-epea ezartzen da.

Xedapen gehigarriak honakoa dio:

“Foru Komunitatean aplikatu daitekeen araudia estatuan indarrean dagoenarekin parekatzea, hartara Nafarroako langile publikoen bermeak, eskubide ekonomikoei dagokienez, beste administrazio publikoen berdinak izan daitezen eta preskripzio-epea lau urtekoa izan dadin”.

· www.parlamentodenavarra.es
· Foru Lege proposamena (NPAO, 105. zk., 2012-12-11koa)