Noiz argitaratua Osteguna, 2014.eko Urriak 23

Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen Estatuaren testu bategina aldatzen duen proposamena aintzat hartzea onetsi dute

Aldi baterako langileen kontratazioa funtzionarioenarekin berdintzea proposatzen du, bai eta genero indarkeriaren biktimak diren emakumeei lekualdatzeko eskubidea aitortzea ere

Parlamentuko Osoko Bilkurak, SNk, Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek haren alde eman dituzten botoekin eta UPNren eta PPNren abstentzioekin, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen Estatutuaren testu bategina hein batean aldatzen duen foru legea onetsi du gaur.

Izquierda-Ezkerrak bultzatu duen lege proposamenaren xedea administrazio erregimeneko langileen aldi baterako kontratazioa arautzea da, halako moduz non Osasunean eta Hezkuntzan izan ezik, horietan haien ezaugarriak direla-eta malgutasun handiagoa onartzen baita, lanaldi osoa “funtzionarioen baldintza berdinetan” ziurtatuko den.

Zehazki, xedatzen da lanaldi partzialeko administrazio kontratua egin ahal izanen dela, ordezkatzen den pertsonak lanaldi murriztua badu, edo lanaldi partzialeko lanpostu huts bat aldi baterako bete behar bada.

Alabaina, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan salbuespenak onartuko dira, non lanaldi osoan, partzialean edo laguntza jarraiturako kontratazioak egin ahal izanen diren. Hezkuntzan ere salbuespenak egonen dira, non lanaldi partzialeko kontratuak egin ahal izanen diren, baldin eta ikastetxeetako antolaketa araubidearen ondorioz ordu nahikorik gabe gelditzen badira langile finkoen bidez bete ezin diren beharrak, baina lanaldi partzialeko langileak kontratuz bete ahal direnak.

Aldi baterako lanaldi publikoa hobetzeaz gain, proposamenaren xedea da Administrazio Publikoen mendeko Langileen Estatutua Genero Indarkeriaren aurkako Laguntza Integrala emateko Neurrietara egokitzea, haren xedapenen artean oraindik aurreikusten ez den lantokiko mugigarritasun geografikoa hartzen duena.

Horretarako, xedapen hori eraginkor egiteko, 35 bis artikulu berri bat gehitzea proposatzen da, “emakumearen aurkako indarkeriaren ondorioz” mugikortasunerako babesa emango duena.

Xedatzen denez, ez da beharrezkoa izanen bete beharreko posturik egotea emakumeak bere lan kategoriakoa edo eskalako beste lanpostu bat betetzeko. Zerbitzu eginkizunean beteko du lanpostu berria eta lekualdaketak hasiera batean sei hilabeteko iraupena izango du, eta irakasleen kasuan ikasturtea amaitu arte luzatu ahal izanen zaie. Aipatu aldia iragan ondoren, enplegatuak hasierako lanpostura itzuli edo lanpostu horretan behin betiko izaerarekin gelditu nahi duen erabaki beharko du.

www.parlamentodenavarra.es
• Foru Lege Proposamenaren argitalpena (NPAO, 49. zk., 2014-04-04koa)
• Zuzenketen argitalpena (NPAO, 103. zk., 2014-09-26koa)