Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen estatutua aldatzeko foru lege proposamena aintzat hartu da
12 asterainoko gurasotasun-baimen gehigarria proposatzen da foru Administrazioa berdintasun esparruan aitzindari eta eredu izan dadin
Gaur egindako osoko bilkuran, Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bategina ezartzen duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua aldatzen duen Foru Lege proposamena aintzat hartu du. UPNk, Podemos-Ahal Dugu-Orain Baik, PSNk, PPNk eta I-Ek aldeko botoa eman dute, eta Geroa Bai eta EH Bildu abstenitu egin dira.
PSN talde parlamentarioak bultzatutako lege proposamenaren xedea da “lege neurriak ezartzea norberaren bizitza, familia-bizitza eta lan-arloko bizitza bateragarri egitearen esparruan, hartara, 12 asterainoko gurasotasun-baimen gehigarria ezarrita, Nafarroa administrazio aitzindari eta eredugarria izan dadin, berdintasunari dagokionez”.
Sozialisten testuak proposatzen duena hau da, zehazki: jaiotzagatik, adopzioagatik edo adopziorako zaintzagatik hartzen den gurasotasun-baimena (5 aste) amaiturik, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileek baimen gehigarri ordaindua izatea, eta horren iraupena, gehi Estatuko legerian araututako aurreko baimenarena, “17 asteko atsedenaldia” izatea, edo “kasu bakoitzean dagokiona seme-alabaren desgaitasunagatik eta seme-alaba bakoitzagatik, bigarrenetik hasita, jaiotza, adopzio edo harrera anizkoitzaren kasuan”.
Baimen hori 2019ko urtarrilaren 1ean da indarrean jartzekoa. Enplegatuaren ordainsarien % 100eko ordainsaria izanen du, ezin izanen zaio beste gurasoari besterendu, eta jarraian nahiz modu zatikatuan baliatzen ahalko da; zatikatuta hartuz gero, jaiotza, adopzio edo harreraren ondoko hamabi hilabeteen barruan.
Aurreko urtean jaiotako haurren gurasoek ere baliatzen ahalko dute baimen gehigarria; hura baimentzeko, bost asteko baimen indarduna bukatu baino lehen eskatu beharko da, eta ezarpen mailakatua izanen du: 4 aste, 2018an gertatutako jaiotza, adopziorako zaintza, harrera edo adopzioengatik; 8 aste, 2019an gertatuengatik; eta 12 aste, 2020tik aitzina gertatuengatik.
Geroa Bai eta EH Bilduk arrazoi ekonomikoak, prozedurazkoak eta edukiaren ingurukoak alegatu dituzte PSNren lege proposamena aintzat hartzeari uko egitea justifikatzeko.
Edukiari dagokionez, Gobernuari eusten dioten taldeek uste dute abuztuaren 23ko 71/2017 Dekretuak “familia-arduren banaketa orekatua ahalbidetzen eta berdintasuna aurretik inoiz sustatu ez zen bezala sustatzen duten bateratze neurriak berrikusi, garatu eta hedatu” dituela.
Prozedura dela eta, Geroa Bairen eta EH Bilduren iritziz gai hori erregelamenduzko garapenaren bidez arautzea da aukera egokiena, “erraztu egiten dituelako ordezkaritza sindikalarekiko negoziazioa eta, beraz, aldaketa”.
Eta eragin ekonomikoari dagokionez, azken bi urteetan batez beste urtean 235 gurasotasun-baimen eman direla kontuan izanik, kalkulatu da neurri horrek 786.591,83 euroko kostua izanen lukeela 2018an (4 aste), 1.573.183,65 eurokoa 2019an (8 aste) eta 2.359.775,47 eurokoa 2020an (12 aste).
-
Foru lege proiektua (110. NPAO, 2018-09-14koa)