Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru-dekretua aldatzen duen Foru Legea
Osoko Bilkurak onetsi du. 2024ko irailaren 19an
Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur onetsi du Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru-dekretua aldatzen duen Foru Legea. UPN, EH Bildu, PPN eta Vox alderdiek alde bozkatu dute, eta PSN, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin alderdiek, berriz, kontra.
Foru-lege proposamena UPN talde parlamentarioak aurkeztu zuen, eta horren helburua zen Nafarroako Foru Ogasuna erakunde autonomoari atxikitako langile guztiek ere jasotzea iruzur fiskalaren aurkako borroka sustatzera bideratutako produktibitate-osagarria, ikuskaritzaren arloko langileek eta kudeaketaren arloko teknikariek jada jasotzen dutena.
Proposatzailearen esanetan, egoera diskriminaziozkoa da, eta iruzurraren aurkako borrokaren eraginkortasunari eragiten dio; izan ere, Nafarroako Gobernuak bete gabe jarraitzen du, sei urte igaro eta gero, Iruzur fiskalaren aurka borrokatzeko 2016tik 2019ra bitarteko Planaren esparruan 2018an hartutako konpromisoa.
Hori dela-eta, Estatuko Tributu Agentzian analogiarik ez duen ekitate-falta hori zuzentzeko, xedatzen da osagarri hori jaso ahal izatea produktibitate-osagarri hori jasotzen ez duten Nafarroako Foru Ogasuna erakunde autonomoari atxikitako langileek, "departamentuko kontseilariak ezartzen dituen helburuen eta emaitzen lorpenarekin lotutako helburu objektiboen arabera".
Osagarri hori ezin izanen da izan kasuko mailaren hasierako soldataren %15 baino handiagoa. Tributu Ikuskapenerako Zerbitzuko funtzionarioen kasuan, berriz, % 55ekoa da.
Osagarria, progresiboa, ondoz ondoko hiru aurrekontu-ekitalditan jasoko da, eta ekitaldi bakoitzean dagokion mailako soldataren % 5era arte aitortu ahal izango da, irekitzen den negoziazio kolektiboko prozesuan adosten denaren arabera, aldi berean sortzapenaren baldintzak zehazteko (helburuak eta emaitzak).
Zehaztapen horiek sartu dira EH Bilduk aurkeztu duen gehitzeko zuzenketaren bidez. UPN, EH Bildu, PPN eta Voxek aldeko botoa eman dute eta PSN, Geroa Bai eta Contigo-Zurekinek aurkakoa.
Irakurketa bakarrean izapidetu da, eta 2025eko urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru-dekretua aldatzen duen Foru Legea.
- https://parlamentodenavarra.es/eu
- Foru-lege proposamena (100. NPAO, 2024- 09-05ekoa)