Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginaren aldaketa onetsi da
Minbiziaren edo beste eritasun larri baten kasuetan lizentzia ordaindua jasotzeko eskubidea ematen duen seme-alaben adina 23 urtera igo da (26ra, salbuespenez)
Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak aho batez onetsi du gaur foru lege bat, zeinaren bitartez aldatzen baita abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena.
Foru legearen ekimena UPN talde parlamentarioarena izan da, eta xedetzat du Nafarroako funtzionarioen baldintzak estatuko sektore publikoaren gainerakoan dihardutenek dituztenekin parekatzea, minbizia edo beste eritasun larri bat duen semea edo alaba zaintzeko lizentzia ordaindua izateari dagokionez, halako moldez non 18 urtetik 23ra igotzen baita, eta salbuespenez 26ra, aipatua jasotzeko eskubidea ematen duen seme-alaben gehieneko adina.
Lanaldi-murrizketa hori % 99,99rainokoa izan ahalko da salbuespenez, baldin frogatzen bada horren beharra dagoela murrizketaren helburua betetzeko, zeina baita "zuzeneko zainketa etengabe eta iraunkorra gaixotasunaren tratamenduan zehar, aurretiazko ospitaleratzea behar izanda nahiz behar izanik gabe". Lanaldi-murrizketa semeak edo alabak 26 urte bete arte luzatu ahalko da, baldin eta frogatzen bada ehuneko 65eko edo gehiagoko desgaitasun-gradua duela.
Lizentzia ordaindu hau ematea erabakitzearen ondorioetarako, eritasun larritzat joko dira berariaz xede horrekin Gizarte Segurantzaren zerrendan jasotzen direnak. Baldintza izanen da bi gurasoek lan egin dezatela, nahiz eta haietako bakarrak soilik jaso ahalko duen prestazio hau (seme-alaba bakoitzeko baimen bat), baita biak funtzionario direnean ere.
Hala ere, baldin langile publikoek beren ardurapean adingabe bat baino gehiago badute onuradun suertatzeko beharrezkoak diren inguruabarretan dagoena (orobat aplikatzen da adopzioaren, tutoretzaren, familia-harrera iraunkor nahiz aldi baterakoaren, eta adopzioari begirako zaintzaren kasuetan edo horiei parekaturiko egoera batean), zilegi izanen da lizentzia bana ematea haietako bakoitzeko.
Arau orokor gisa, lanaldiaren murrizketa egunero baliatu beharrekoa izanen da, funtzionarioak ezarririk daukan lanaldiaren lehen eta/edo azken orduetan baliatu ere. Dena den, zilegi izanen da hilabetekako kontaketako lanaldi osoetan metatzea, betiere zerbitzuaren beharrizanekin bateragarri izanez gero.
Gaixorik dagoena adinduna izan eta ezkondu egiten bada edo izatezko bikotea eratzen badu, prestazio-sortzapenerako eskubidea haren ezkontide edo izatezko bikotekide den pertsonak izanen du, baldin eta eskubide hori aurretik zeukan gurasoaren lanaldi-murrizketa 18 urteko adina bete baino lehen hasia bazen.
Bai eritasunaren bai ospitale-aldian eta/edo tratamendu jarraituan zehar zaintza-premia egotearen froga emanen da arretaren arduradun den Osasun Zerbitzu Publikoko fakultatiboek eginiko deklarazio baten bitartez, edo, administrazio-mutualismoko araubide bereziaren onuradunen kasuan, entitateko sendagileek eginiko deklarazio baten bitartez.
Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan, lizentzia hori emateko beharrezkoa da Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak txosten bat jaulkitzea, lizentziaz gozatzeko ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren.
Osoko Bilkuran egindako eztabaidan aldatzeko zuzenketa tekniko bat onartu da, PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Contigo-Zurekinek aurkeztu eta aho batez onartua izan dena.
Irakurketa bakarrean izapidetu da, eta 2025eko urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru-dekretua aldatzen duen Foru Legea.
Arau-eguneratze hori, zeinak berdindu egiten baitu Nafarroan araututako baimenaren araubide juridikoa gainerako autonomia-erkidegoetan dagoenarekin, aldi berean egin da Nafarroako Gobernuak Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen estatutu berri baten onespenerako abiarazitako negoziazioekin. Horren zirriborroak (aurreproiektuak) jadanik jasotzen du aurreikuspen hori.
- https://parlamentodenavarra.es/eu
- Foru lege proposamena (100. NPAO, 2024-09-05ekoa)
Archivos adjuntos