Noiz argitaratua Osteguna, 2025.eko Maiatzak 29

Nafarroako administrazio publikoetan behin-behinekotasuna murrizteko langileen arloko premiazko neurriak onesten dituen Foru Legea

Osoko bilkurak onetsi du. 2025eko maiatzaren 29an

Parlamentuaren Osoko Bilkurak Nafarroako administrazio publikoetan behin-behinekotasuna murrizteko langileen arloko premiazko neurriak onesten dituen Foru Legea onetsi du gaur, PSN, EH Bildu eta Geroa Bai taldeen aldeko botoekin, Contigo Navarra-Zurekin Nafarroa taldearen abstentzioarekin eta UPN, PPN, Talde Mistoa eta atxiki gabeko parlamentariaren aurkako botoekin.

 

Maiatzaren 7ko 1/2025 Foru Dekretua baliozkotzearen ondorioz Ganberak emandako aginduaren emaitza den Foru Legearen helburua da beharrezkoak diren xedapenak ezartzea administrazio-prozedurak bizkortzeko, antzinatasun txikiagoa duten pertsonei postu bat eskuratzea errazteko, betetzen zailak diren lanpostuak egiaz betetzen direla sustatzeko eta borondatezko eszedentzia eskatu ahal izateko baldintza gisa ezartzeko gutxienez bi urtez egotea lortutako lanpostuan; hala, aldi baterako lanaren tasa txikiagotu nahi da % 8an edo hortik behera kokatu arte administrazio publiko guztien baitan, horixe baitzen 2022ko ekainean onetsitako 19/2022 Foru Legearen helburua.

 

2022ko ekainean onartutako arau horretan jasotako ezohiko prozesuei esker, Foru Administrazioko behin-behinekotasun tasa % 62 murriztu da, azken hiru urteetan % 43tik % 16ra igaro baita.

 

Borondatezko eszedentzien araubideari dagokionez, zenbait aldaketa egin dira. Alde batetik, sarrerako hautapen prozedura batean parte hartu duten pertsonek bi urtez gutxienez egon beharko dute lortutako plazan borondatezko eszedentzia eskatu ahal izan aurretik. Aldaketa hori foru lege-dekretua indarrean sartu eta bi urterako da, eta, hala, bermatuko da benetan lan eginen dela parte hartu den hautapen prozeduran eskuratutako plazan, gutxienez aldi batez, plaza hori berriro bete aurretik.

 

Era berean, beste administrazio publiko batean zerbitzuak egiteko borondatezko eszedentziaren kasuan, lanpostuan bi urtez egoteko beharraz gain, eszedentzia ematea kasu honetara mugatzen da: xedeko administrazioan egin beharreko zerbitzuak finkoak izatea. Aurreikuspen hau Nafarroako Toki Entitateetara hedatzen da, PSNk, EH Bilduk eta Geroa Baik aurkeztutako zuzenketa bat onartu eta gero. UPN, PPN, Talde Mistoa eta atxiki gabea aurka agertu dira, eta Contigo-Zurekin abstenitu egin da.

 

Horretaz gain, egoera horretatik lanera itzultzeari dagokionez, egun jakin batean sartzea aurreikusten da, aurrekontu-zuzkidura duen eta hautapen prozesu batean sartuta ez dagoen plaza huts bat dagoenean.

 

Sartzeko hautapen prozesuei eta lekualdatze-lehiaketei dagokienez, administrazio bideak errazteko neurriak hartzen dira, kontuan hartu baitira izapidetze elektronikoaren hedapena eta eraginkortasunak, prozedura horiek arintzeko beharra eta egonkortze prozesuetatik lortutako esperientzia. Gauzatzeke daude LEPetan -2022, 2023, 2024 eta 2025eko LEP partziala- sartutako lanpostuak behi betikoz betetzeari begira, hautapen-prozesu horien epeak murriztu dira. Halaber, izapide-egintzak Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez argitaratu ordez, web-fitxen bidez argitaratuko dira. Horrek aukera ematen du aldi baterako langileek betetako plaza hutsak betetzeko prozedurak arintzeko.

 

Lekualdatze-lehiaketei dagokienez, lanpostuko antzinatasuna eta hizkuntzak baino ez dira baloratuko. Datu horiek, oro har, Administrazioaren esku daude, edo oso dokumentazio gutxi ematea eskatzen dute, eta horrek ekarriko du prozesu horiek are arinago ebaztea. Neurri hori Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan ere aplikatuko da bi urtez.

 

Aldi horretan bertan behera utziko da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartzea eta lanpostuen betetzea arautzen duen azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuaren 21. artikuluko 1.3. apartatuaren aplikazioa.

 

Administrazioan zein Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan, lekualdatze-lehiaketak eskala baten barruan baloratuko dira. Eskala horren gehieneko balioa 46 puntu izango da, antzinatasunagatik 1, 40 puntu arte, eta bi hizkuntzagatik (ingelesa, frantsesa edo alemana), lanpostuaren edukiarekin zerikusia dutenean bakarrik. Gai hori deialdian zehaztu beharko da, lanpostu bakoitzaren ezaugarriak banan-banan aztertu ondoren.

 

Euskara, berriz, plazak kokatuta dauden hizkuntza-eremuaren arabera baloratuko da, 4,6 puntu arte eremu euskaldunean eta 2,76 puntu arte eremu mistoan.

 

Azkenik, arau-azalpen bat sartzen da abuztuaren 30eko 251/1993 Foru Lege-dekretuaren 88. artikuluan. Hala, zehazten da administrazio-kontratudun langileek aldi baterako betetzen duten plazan jarraitu ahal izanen dutela, baldin eta plaza hutsa behin betiko betetzeko prozedura bat –izan sartzeko prozedura, izan lanpostua betetzeko prozedura– argitaratu bada kontratazioaren egunetik zenbatzen hasita hiru urteko epean. Neurri hori Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileei ere aplikatuko zaie, urriaren 29ko 11/1992 Foru Legearen 29.3. artikulua aldatuta.

 

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari dagokionez, kategoria batzuetan profesional gutxi daudenez, egoera horren ondorioak arinduko dituzten neurriak ezartzen dira Foru Lege honetan.

 

Alde horretatik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko erregimena arautzen duen urriaren 20ko 11/1992 Foru Legea aldatzen da, aukera emateko oposizio sistema aplikatzeko, antzinatasun txikiagoa duten pertsonei errazteko osasun arloan hutsik dauden plazetan sartzea, arauan aurreikusitako baldintzetan.

 

Osoko Bilkuran egindako eztabaidan 10 zuzenketa aztertu dira, eta horietatik bi baino ez dira onartu, aipatutakoa eta bestea, baita ere PSNrena, EH Bildurena eta Geroa Bairena, zioen azalpena toki entitateen inguruan erabakitakora egokitzeko. Izan ere, toki entitate horiek borondatezko eszedentziaren erregimen berera atxikita daude orain (bi urteko iraupena). PPNk bi zuzenketak babestu ditu, eta Contigo-Zurekin abstenitu egin da. UPNk, Talde Mistoak eta atxiki gabeko parlamentariak aurkako botoa eman dute.

 

Gainerako zuzenketak atzera bota dituzte PSN, EH Bildu eta Geroa Bairen kontrako botoekin.

 

UPNk lege-proiektuaren azken xedapena aldatzea proposatzen zuen, Gobernuari Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuan aurreikusitako izapidetze-epeak aldatzeko marjina mugatzeko, "zabaltzeko" bakarrik egin ahal izateko, ez murrizteko. Talde Mistoak eta atxiki gabeko parlamentariak alde bozkatu dute, Contigo-Zurekinek abstentzioa eta PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta PPNk aurkako botoa eman dute.

 

Gainera, borondatezko eszedentziaren erregulazioa kentzea eta lekualdatze-lehiaketetako baremoak (Administrazioan eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan) baliogabetzea proposatzen zuen, eta horrek legearen funtsezko edukiaren zati handi bat hustea zekarren.

 

PPNk, bere aldetik, beste baremo bat defendatzen zuen lekualdatze-lehiaketetan; atxiki gabeko parlamentariak, berriz, eskatzen zuen Nafarroako Gobernuak urtero txosten zehatz bat bidal ziezaiola Parlamentuari, "lege honetan hartutako neurrien eraginaren ebaluazioari buruzkoa, arreta berezia jarriz zerbitzu publikoen hobekuntzan, horrekin lotutako kostuetan eta enplegu publikoaren efikazia-, efizientzia eta kalitate-printzipioen betetze-mailan”. Talde Mistoa abstenitu egin da. Gainerakoek aurkako botoa eman dute.

 

Contigo-Zurekin taldeak proposatzen zuen bi urtera mugatzea Administrazioaren lekualdatze-lehiaketetarako ezarritako araubide berria, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan bezala, eta prestakuntza-ikastaro bat gainditzea eskatzeko aukera sartzea Administrazio Publikoen lekualdatze-lehiaketen eskakizunen artean. UPNk alde bozkatu du, gainerakoak aurka.

 

1/2025 Foru Lege-dekretua, maiatzaren 7koa, Nafarroako administrazio publikoetan behin-behinekotasuna murrizteko langileen arloko aparteko eta premiazko neurriak onesten dituena, indarrean sartu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen egun berean.

 

Baliozkotu ondoren, UPNk, PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik, PPNk, Talde Mistoak eta atxiki gabeko parlamentariak eskatuta, Parlamentuak, Contigo-Zurekin alderdiaren abstentzioarekin, foru lege proiektu gisa tramitatzea erabaki zuen, presazko prozedura erabiliz.