Nafarroako Administrazioko unibertsitateaz kanpoko irakasleen hautapenari eta lanpostuen betetzeari buruzko Foru Legea
Osoko Bilkuran onetsia. 2022ko apirilaren 28an
Parlamentuko Osoko Bilkurak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioen hautapenari eta lanpostuen betetzeari begira neurriak ezartzen dituen Foru Legea onetsi du gaur, Navarra Suma eta PSNren aldeko botoekin, eta Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren kontrako botoekin.
PSN talde parlamentarioak bultzatutako foru lege horren xedea da atzerriko hizkuntzaren eskakizuna duten unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioen lanpostuak sortzea Foru Administrazioaren plantillan. Horrela, “Enplegu publikoan aldibaterakotasuna murrizteko presako neurriei buruzko 20/2021 Legearekin bat etorriz, egonkortzen ahalko dira Ingelesez Ikasteko Programari atxikitako 350 bat irakasle lanpostu, hor % 70 inguru baitira bitarte baterako irakasleak”.
Xede horrekin, Estatuko araudiak “ez duenez aurreikusten atzerriko hizkuntza bat jakin beharra” irakasle kidegoetan sartzeko, “Nafarroak hezkuntzaren eta funtzio publikoaren alorretan dituen eskumenak” baliarazten dira lanpostu horiek nola eskuratu eta beteko diren arautzeko, Foruaren Hobekuntzan (47. eta 49.1b artikuluak) eta 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan (Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua, 98. artikulua) xedatutakoaren babesean.
Horiek horrela, atzerriko hizkuntzak ikasteko programei lotuta aldi baterako kontratu administratiboa duten lanpostuak funtzionario berriekin betetzeko, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen 2. artikulura jotzen da. Bertan “egonkortze tasa gehigarri bat baimentzen da, zeinak barnean hartuko baititu 2020ko abenduaren 31 aurreko hiru urteetan, gutxienez, etenik gabe beteta egon diren egiturazko lanpostuak”.
Ildo beretik, proposatzaileak presa justifikatu du esanez 20/2021 Legeak maiatzaren 30ean jarri duela epemuga aldibaterakotasunari legez kontra eusten dioten lanpostuak egonkortu daitezen agintzeko.
Ez foru legean ez unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioen lanpostuak eskuratu eta betetzeari buruzko gainerako foru araudian aurreikusten ez diren gaiei dagokienez, Estatuko araudia aplikatuko da. Horren guztiaren bitartez, foru lege honetan ezarritakoari jarraituz hautatzen diren funtzionarioak Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan aipatzen diren irakasle kidegoetan sar daitezen lortu nahi da.
Navarra Suma planteamendu horrekin ados dago, ñabardurekin –PAI programa eredu bihur dadila eskatzen du–. Aldiz, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E ez daude ados lege proiektua presaz izapidetu izanarekin, “Legebiltzarrak Nafarroako Kontseiluari eskatutako irizpenari ere itxaron gabe”, eta lege eragozpenak daudela argudiatu dute: “atzerriko hizkuntza bati ezin zaio hizkuntza ofizialaren estatusa eman, eta horrek segurtasun juridikorik eza ekarriko du”.
Osoko Bilkuran egindako eztabaidan, Navarra Sumak aurkeztutako hiru zuzenketak eztabaidatu eta onartu dira, ziurtatzeko, PAI programari lotutako plazak finkatu ondoren, gerora ezin izango direnak gaztelaniazkoengatik edo euskarazkoengatik aldatu (lekualdaketa-lehiaketetan eta PAI plazetara mugatutako mugikortasun-prozeduretan soilik parte hartu ahal izango dute, ingeleseko hizkuntza-eskakizunarekin), beharrezko urratsak emango direla programa eredu bihurtzeko, aldez aurretik programa aniztasunaren arretarako neurri egokiak ebaluatu eta inplementatuta. PSNren babesak alferrikakoa egin du Geroa Bai, EH Bildu eta I-Eren oposizioa. Podemos-Ahal Dugu abstenitu egin da.
Bien bitartean, PAI eredua ez den bitartean, Nafarroako herri guztietako ikasleei bermatuko zaie programa hori “Nafarroako hezkuntza-sistemako ereduetako (G-gaztelania, D-euskara, A-gaztelania eta euskara irakasgaia dutenak) ikasleen baldintza berberetan” egiteko aukera. Praktikan, garraioa eta jantokia ordaintzeko aukera ematen du jatorrizko herrian horrelako ikastetxerik ez dagoenean.
Bestalde, EH Bilduk eta I-Ek defendatutako bi zuzenketek ez dute aurrera egin. Legearen edukiaren ordez artikulu bakar berri bat jartzea zuten helburu, atzerriko hizkuntzak ikasteko programetako irakaskuntza-plazak egonkortzeko prozesuak Nafarroako Administrazio Publikoetako gainerako langileei aplika dakiekeen sistema orokorraren bidez gauzatuko direla ziurtatzeko, plantilla organikoaren arabera eta indarrean dagoen legeriarekin bat etorriz. Geroa Bairen babesa ez da nahikoa izan Podemos-Ahal Duguren abstentzioaren eta Navarra Sumaren eta PSNren aurkako botoen aurrean.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioen hautapenari eta lanpostuen betetzeari begira neurriak ezartzen dituen Foru Legeak NAOn argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Foru lege proiektua (47. NPAO, 2022-04-13koa)