Nafarroako Arartekoak 2025eko urteko txostena aurkeztu du eta baieztatu du “epe labur eta ertainean Nafarroako gizartearen erronka premiazkoena” integrazioa dela
Gizarte Ongizatea, Osasuna eta Hezkuntza dira erakundeak jasotako kexa-gai nagusiak
Nafarroako Arartekoak, Patxi Verak, Nafarroako Parlamentuko Foru Araubideko Batzordean erakundearen 2025eko Urteko Txostena aurkeztu du. Maiatzaren 6an Parlamentuan sartu zen txostena azaltzeko egindako agerraldian adierazi du Foru Komunitatearen "erronka nagusietako" bat integrazioa eta bizikidetza direla.
Ildo horretan, Arartekoak Nafarroak "errespetutik eta bizikidetzatik” integrazio sozial eta ekonomikoaren alde irmo lan egin dezala eskatu du, bai eta kultur aniztasunaren alde ere. "Kontua ez da soilik elkar jasatea, baizik eta elkarrekin gizarte anitzagoa, kohesionatuagoa eta bidezkoagoa eraikitzea", baieztatu du.
Patxi Verak adierazi du desberdintasun sozialaren arrakala ez dela eten, “aitzitik, hazten ari da. Jendea atzean uzten ari gara eta hori ez da sintoma ona gure gizartearentzat eta bere etorkizunarentzat, ezta, noski, pairatzen duten kolektibo zaurgarrienentzat ere".
Bestalde, Arartekoak azpimarratu du Nafarroak txertatze- eta asimilazio-prozesuetako jardunbide egokien adibide ugari dituela. Azken horien artean, adibidez, baloratu du ikastetxe askok kultur aniztasuneko jardueren asteak egiten dituztela haurrek eta nerabeek beren ikaskideen ingurunea hobeto ezagutu dezaten.
Gizarte, kultura eta kirol izaerako ekimenak ere aipatu ditu, "egunero lan bikaina egiten dutenak, baina gizarteak ia ez dakiela ezer horiei dagokienez, ez direlako berri interesgarriak". "Egia esanda uste dut benetako integrazioan aurrera egiteko modurik onena gauza txikietan eta tokikoetan egindako lanaren arrakasta erakusten ari diren ekimen horiei guztiei behar besteko babesa ematea dela, eta horien giza handitasuna ezagutaraztea, adibide on horietatik antzeko beste batzuk sor daitezen", nabarmendu du.
Hala ere, esperientzia positibo horiek gorabehera, Patxi Verak ohartarazi du “ez dela lortzen ari 2030 Agendaren bigarren helburua". "Behin eta berriz kontrakoa esan arren atzean jendea uzten ari gara. Horren jakitun izan behar dugu eta gehiago egin behar dugu eskubide sozialen benetako aplikazioaren alde", gaineratu du.
Agerraldian Nafarroako Arartekoak hizpide izan ditu, halaber, 2025ean bere erakundeak jasotako kexa-gai nagusiak. Horrela, Gizarte Ongizatea izan zen lehena, Osasunaren aurretik, 284 kexarekin eta % 53,5eko hazkundearekin. Kexa horietako asko desgaitasunaren balioespenaren atzerapenare-kin lotuta egon ziren, urte eta erditik gorako atzerapenak gertatzen direlako. "Gure iritziz txoke-neurriak hartu behar dira urtero jakinarazten dudan egoera honi ekiteko", adierazi zuen.
Halaber, atal horretan bertan beste gai batzuk aipatu zituen, hala nola errenta bermatuarekin, bizitzeko gutxieneko diru-sarrerarekin, adinekoen arretarekin eta egoitza-plazarik ezarekin lotutakoak.
Bestalde, Osasuna izan zen erreklamazio gehien izan zituen bigarren gaia, guztira 264 kexarekin eta % 31,3ko igoerarekin. Arlo honen barruan itxaron-zerrendak, lehen mailako arretako atzerapenak, osasun mentaleko arreta, larrialdiak eta espetxeko osasun-arreta izan ziren gehien errepikatu ziren kexak.
Hirugarren tokian Hezkuntza dago 124 kexarekin, aurreko urteko zifra bera. Aztertutako gaien artean, honako hauek daude: eskola-garraioa eta -jantokia, onarpen-prozesuak, atzerriko tituluen homologazioa, LHko praktikak, premia bereziak dituzten ikasleentzako arreta eta bizikidetzako eta eskola-jazarpeneko kasuak.
Azken gai horri dagokionez Arartekoak gogorarazi zuen "arazo honi heltzeko urratsak ematen ari dira, baina uste dut beharrezkoa dela horiek areagotzea. Ezin dugu onartu emakume gazte bat bere buruaz beste egitera eraman dezaketen egoerak gertatzen jarraitzea, aurten gertatu den bezala".
Etxebizitzaren arloan erakundeak 102 kexa jaso zituen, % 15,9 gehiago. Atal honetan, Verak nabarmendu duenez, nahiz eta bolumenaren arabera gai hau lehenengo postuetan ez egon, "arazo handia da bere ondorio pertsonal eta sozialengatik".
Ildo horretan, ohartarazi du pilaketa-arazoak, alokairua lortzeko zailtasunak eta kolektibo jakin batzuekiko diskriminazio egoerak daudela, eta, adierazi duenez, "osasun mentaleko arazoak sortzen ari dira, eta horrek zaildu egiten du heldu askok lan egin ahal izatea edo, adingabeen kasuan, eragina du eskola-errendimenduan".
Erreferentzia horiek alde batera utzita, Patxi Verak gogorarazi du 2025eko Urteko Txostenak 5.654 jarduketa biltzen dituela, aurreko urtean baino % 19,7 gehiago. Zehatzago esanda Nafarroako Arartekoak 13.306 pertsonari eman zien arreta; horietatik % 58,3 emakumeak izan ziren eta % 41,7 gizonak. Guztira 2.028 kexa kudeatu ziren, 3.299 kontsultari erantzun zitzaien, 31 bitartekaritza-espediente izapidetu ziren eta 18 ofiziozko jarduketa burutu ziren.
Nolanahi ere, ikertutako kexetatik 683 espediente administrazioen aurrean herritarrek egindako eska-ria konponduz edo onartuz amaitu ziren. Artatutako pertsonen gogobetetze-maila 10etik 8,16 puntukoa izan zen, eta % 89k beste pertsona batzuei erakundera joatea gomendatuko lieke.
Azkenik, Nafarroako Arartekoak azpimarratu du beharrezkoa dela "gehiago egitea eta, ziurrenik, zerbait desberdina egitea", desberdintasunaren aurkako borrokaren emaitzak hobetzeko eta Foru Komunitatean pertsonen eskubideen babesa indartzeko. "Nahiz eta, aurten ere, Nafarroa Estatu osoan bizi-kalitate handiena duen erkidegoa gisa aitortu den, desberdintasun-arrakalak gora egiten jarraitzen du. Beraz, ezin gara daukagunarekin konformatu", esan du.
Nafarroako Arartekoa uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak sortu eta arautzen duen erakundea da. Arartekoa Konstituzioak eta Hobekuntzak babestutako eskubide eta askatasunen babes-maila defendatu eta hobetzeko Nafarroako Parlamentuaren goi mandataria da eta bere eginkizun nagusia herritarrak babestea da, Foru Komunitateko Administrazioaren eta Nafarroako toki erakundeen balizko gehiegikerien eta zabarkerien aurrean.