Noiz argitaratua Asteazkena, 2023.eko Azaroak 15

Nafarroako Atletismo Federazioaren 1923-2023 Mendeurrenari buruzko erakusketa inauguratu du Parlamentuak

Abenduaren 1era arte zabalik egongo den erakusketak atletismoak Nafarroan izan duen bilakaera islatzen du eta 30. hamarkadatik emakumearen inplikazioa erakusten du

Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakariak gaur eguerdian inauguratu du Nafarroako Atletismo Federazioaren Mendeurrena 1923-2023 erakusketa, kirol erakunde honen 100 urteko historia ospatzen duen argazki ibilbidea.

 

Irekiera hitzaldian, Unai Hualdek Foru Erkidegoaren kirol tradizioa aipatu du, lurralde "txikia baina oso lehiakorra, estatu mailan eta baita mundu mailan ere nabarmentzen diren kirolari kopuru handia ikustea besterik ez dago. Argazkietan ikus daitekeenez, asko dira nafarrek Joko Olinpikoetan parte hartzeak ekarri dizkigun kirol-arrakastak, 1960tik aurrera. Arrakastaren adierazpen gorena da, baina, aldi berean, Nafarroako atletismoaren oinarrian egin den lan ona adierazten du. Zorionak".

 

Profesionalizaziotik eta eliteko lehiaketatik haratago, lehendakaria pozik agertu da atletismoa herri mailan oso errotuta dagoelako. "Ia asteburu guztietan izaten ditugu lasterketak, hurrengoak Eulaten, Tuteran edo San Adrianen. Asteburu honetan 1.100 nafarrek baino gehiagok parte hartu dute Behobia-Donostia lasterketan... Korrika egiten duen jende asko dugu, baita kirola sustatzeko konpromisoa duten pertsonak eta kolektiboak ere. Herritarrak kirola egitera motibatzea osasunean inbertitzea ere bada", berretsi du.

 

Horrela, Nafarroako Atletismo Federazioari bere mendeurrenaren ospakizuna Parlamentuarekin partekatzeko erabakia eskertu ondoren, Unai Hualdek erakusketa ikustera hurbiltzeko deia egin die herritarrei, atletismoak Nafarroan izan duen bilakaera islatzen baitu eta emakumeak 30eko hamarkadatik aurrera izan duen papera erakusten baitu. “Ni azkarrago ibiltzekoa naiz korrika egitekoa baino, nahiz eta politikan egonda zapatilak beti prest eduki behar diren... Edonola ere, jende guztia animatzen dut mugitzera, kirola praktikatuz bere burua zaintzera. Osasuna da, maila pertsonalean eta komunitatean", amaitu du.

 

Jarraian, Rodrigo Domínguezek, Nafarroako Atletismo Federazioko presidenteak, eskerrak eman dizkio Ganberari erakusketa paratzea ahalbidetzeagatik, eta nabarmendu du atletismoa "espiritu kolektiboko banakako kirola" dela, eta lizentziak ia erdibana banatzen direla gizonen eta emakumeen artean.

 

"Oinarriarekin egiten dugun lanean dago gure abal nagusia. Txikitatik haurrek elkarrekin entrenatzen dute, bereizi gabe. Kategoria horietan emakumeen parte-hartzea askoz handiagoa da. Horrek esan nahi du atletismoak errealitate sozial desberdina duela. Bakarka lehiatzen den taldeko kirola gara. Inoiz ez da besarkadarik falta, beti errespetuz, ahaleginak lagunartean. Kirolaren bidez lurralde-kohesioan sinesten dugu. Eskerrik asko", adierazi du Dominguezek.

 

Inaugurazioa amaitzeko, NAFko presidenteak ibilbidea eskaini du erakusketan zehar komisario lanak eginez.

 

Nafarroako Atletismo Federazioaren Mendeurrena 1923-2023 erakusketa zurezko 24 erakusketarik osatzen dute, bi metroko altuera eta metro bateko zabalera dutenak, eta erdialdean tamaina handiko irudia dutenak. Erakusketa ibiltaria da, eta martxotik Nafarroa osoan zehar ibili da. Abenduaren 1era arte egongo da zabalik Ganberaren egoitzako atalondoan, astelehenetik ostiralera, ostegunetan izan ezik, 9:00etatik 20:00etara, eta larunbatetan 11:30etik 14:00etara.

 

Ohi bezala, erakusketa berri hau Kultur Atrio programan kokatzen da, 2016ko otsailaz geroztik Parlamentuak sustatua bere ateak askotariko adierazpen artistiko eta dibulgaziozkoei irekitzeko eta haiei babesa emateko.

 

Erakusketaren irekiera ofiziala Parlamentuaren egoitzako atalondoan egin da, eta bertara hurbildu dira, besteak beste, Ainhoa Unzu, lehen lehendakariordea, Yolanda Ibañez, lehen idazkaria, Javier Trigo (UPN), Kevin Lucero (PSN), Adolfo Araiz (EH Bildu), Pablo Azcona (Geroa Bai) eta Daniel López (Contigo-Zurekin).